Edukira joan

Zizeilu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zizeilua

Zizeilua Euskal Herriko sukaldeko altzari tradizional eta funtzional bat da, banku baten antzekoa. Beheko suaren parean egoten da, hiruzpalau lagun eserita egoteko diseinatua da, bizkarralde altua du, eta erdian mahaiarena egiten duen ohol eraisgarria izaten du.

Zizeilua sutondotik gertu kokatzen den altzari funtzionala da Euskal Herriko etxe tradizionalean. Erabilera etxeko barne hierarkian gainaldean zeudenei mugatuta zegoen, familia burua eta aitaren aldeko aitona esertzen ziren eta inguruan hiru hankako eserlekuetan eta eserleku baxuagoetan seme-alabak. Ordea, gonbidatuak zeudenean maila baxuenean zegoen ahaideak bere eserlekua laga behar zuen, abegi ona adierazteko. Etxeko emakumeek ez ohi zuten altzari hau baliatzen[1].

Euskal Herriko bilduna etnografikoetan ezagutzen diren gehienak XVI. eta XVII. mendekoak dira, XIX. mendera arte ekoitzi bazen ere. Jarleku luzea du, pinu, gaztainondo edo makalaren zurarekin egindakoa. Horma batean kokatzen da sutondotik gertu eta lurrean sostengatzen den bizkarralde garaia du, inguruan egon litezkeen aire korronteak saihesteko eta suak sortutako epeltasuna inguruan ez barreiatzeko.[2]

Bereizgarria izaten du sarri taula eraisgarri batː mahai modura erabiltzen den elementu hau bizkarraldearen erdialdean eusten da banden bitartez. Era berean, taula honek hanka bat du erantsita, oinarri gisa.

Eredu batzuetan gortina, atez edo egur barra txikien bitartez itxitako espazio bat egokitzen da eserlekuaren azpian, suaren epeltasuna aprobetxatuz oiloak edo untxiak bezalako animalia txikien hazkuntzarako erabilia. Objetu arruntak gordetzeko kutxa gisa ere erabil zitekeen.[2] Sofistikatuenetan, alboetako bizkarraldea osatzen duten bi itxituretan armairu txikiak ere egokitzen dira. Lanketa dekoratiboari dagokionez, apaingarri tailatu xumeak izaten dituzte altzari hauek. XVIII. mendeko ereduetan ohikoa da bizkarraldeko pilareen gainaldean borobil formako apaingarriak topatzea, estela moduan; bere benetako esanahiak ezezaguna izaten dirau gaur egun.

Antza, latinezko subselliu(m) hitzetik dator:[3] sub (beheko) + sellium (aulkia).

Euskalkietako aldaerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara baturako hartu den eta jatorriz batez ere goi nafarrerakoa den zizeilu formaz gainera, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko zenbait tokitan zizailu deritzo, zubereraz zuzulu edo züzülü, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko nahiz Behereko zenbait tokitan zizilu edo zizilo, erronkarieraz xuxulu, bizkaieraz txisallu, txiselu, txisilu, txitxelu, txitxilu edo txixilu.[4] Arabako erdaran oraindik ere xixilu hitza erabiltzen da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «HAU. Euskal Herriko objektu tradizionalaren diseinu lehiaketa - San Telmo Museoa» www.santelmomuseoa.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-30).
  2. a b «zizeilu - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-12).
  3. (Frantsesez) «züzülü» Dictionnaire étymologique basque en français-espagnol-anglais (Projet Babel).
  4. «zizeilu», Orotariko Euskal Hiztegia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Zirriborro Artikulu hau zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.