Zumeltzegi dorrea
Zumeltzegi dorrea | |
---|---|
Kultura ondasuna | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Oñati |
Koordenatuak | 43°02′06″N 2°24′47″W / 43.035°N 2.41292°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XV. mendea |
Arkitektura | |
Estiloa | arkitektura gotikoa |
Ondarea | |
BIC | RI-51-0001537 |
81 | |
Zumeltzegi dorrea Oñatin dagoen dorretxea da, Oñatiko kondeena izandakoa.
Dorretxeari buruz errege-agirietan datorren lehen aipamena 1489koa da, baina horrek ez du esan nahi dorrea antzinagokoa izan ez daitekeenik edota bere ordez beste dorre bat ez zegoenik. Azken xehetasun hau hobeto jakin ahal izango da dorreak iparraldetik duen eranskina kendu ondoren; edonola ere, sarbide horrek arku zorrotz bat duela jakinik, 1530 baino lehenagokoa dela esan dezakegu.
1998ko azaroaren 24an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tipologia aldetik Oñatiko Zumeltzegi dorrea areto-dorreen sailekoa dugu. Era honetako eraikinek solairu nagusira kanpotik izaten dute sarbidea; solairu hori areto handi batek okupatzen du; salbuespenez aretoa bigarren solairuan egon daiteke, eta batzuetan, kasu honetan bezala, bikoitza izan ohi da. Dorrearen neurriek, bere tankera bertikalak, hainbat gezileiho izateak, eta batez ere bere hormen lodiera handiak (1,80 m behe solairuan) babes eraikina zela pentsarazten digute. Alderantziz, XVI. mendeko ustezko beste hainbat dorretxe baserri giroko eta jauregi antzeko egoitzak besterik ez dira.
Eraikuntza, egun ezagutzen dugun eran, ongi zehaztutako hainbat une historiko desberdinek bereizten dute. Lehena 1530 aurretikoa litzateke eta dorrea jaso zeneko uneari legokioke. Garai honetakoak izan daitezke dorrearen horma sendoak eta gezileihoak, hala nola, behe solairuan dagoen arku zorrotzeko atea.
Dorrea definitzen duen bigarren une historikoa XVII. mendeko erdiko hamarkadak ditugu. Garai horri dagokio teilatuko zureriaren gehiena, guztia ez bada. Horixe jartzen dute agerian oraindik han dauden enara-buztan tankerako mihiztadurek, zeinak, zuzenak eta gutxi zorroztuak izanik, soluziobide horretarako aldi berantiarra adierazten baitute. Konponketa hori estalki guztira helduko zela pentsa dezakegu. Bestalde, ikertzea mereziko luke saoliruetan dauden jarleku-leihoak une honetakoak diren; eta, halaber, bertan dauden gargolen antolamenduak iradokitzen duenaren arabera, perimetro-hormen handitzea ere garai honetan burutua ote den.
Dorrearentzako beste une historiko bat XIX. mendearen erdialdea dugu: orduan saldu eta likidatu ziren kondearen ondasunak, dorrea baserri bihurtuz. Erabilera berri horretarako eraikin gehigarriak erantsiko zitzaizkion.
Azkenik 1984an dorrea eraberritu eta birgaitu egin zen. Orduan eman zaizkion dorre barruko bizitzari beharrezkoak diren bizigarritasun-baldintzak; era berean, estalkia berregin zen, hartarako birziklapen-zureria erabiliz.
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Gipuzkoa |