Al Green

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Al Green, 2006an.

Al Green, jaiotza-izenez Albert Greene (Forrest City, Arkansas, AEB, 1946ko apirilaren 13a) estatubatuar kantaria da, musika beltzaren eta, zehatzago, soul musikaren ahots berezienetako bat.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1964an Michiganera joan zen familiarekin, eta The Creations taldea sortu zuen beste hiru lagunekin batera. Hiru urte geroago, Al Greene & The Soul Mates izena hartu zuen taldeak eta Hot Line Music Journal disko-konpainia sortu zuen, eta arrakasta handiko lehenengo diskoa argitaratu zuen: Back Up Train.

Hurrengo single-ak ez zuen arrakastarik izan, taldea desegin zen eta Green bakarlari gisa hasi zen. 1969an Willie Mitchell ezagutu zuen, eta handik aurrera hura izan zen bere kantu onenen ekoizlea. Berehala talde berri bat sortu zuen, haizezko musika tresnez eta organoaz lagunduta. Talde berriak 1971n lortu zuen arrakasta, Tired Of Being Alone abestiarekin, eta batez ere Let's Stay Together diskoarekin. Greenen karrerak gora jarraitu zuen, baina, 1974an, bizitza aldatu zion ezbehar larri bat gertatu zitzaion: haren andregaia izandako batek semola irakina bota zion gainetik eta erredura handiak eragin zizkion; emakumeak, gero, bere buruaz beste egin zuen. Nolanahi ere, handik gutxira, Sha-La-La (Make Me Happy) abestia argitaratu zuen, arrakasta handiz.

1975ean Al Green Explores Your Mind diskoa argitaratu zuen, Take Me To The River kanta ospetsuarekin. Ezbeharra gertatu zenez geroztik, baina, gizon erlijioso bihurtu zen; 1976an, eliza bat erosi zuen eta apaiz egin zen. Hurrengo urtearen hasieran Keep Me Cryin argitaratu zuen, Willie Mitchell eta bere musika-bandarekin egin zuen azkeneko lana. 1978an Truth ´N´ Time eta Belle Album kaleratu zituen, aurrekoak baino askoz espiritualagoak, barneak agintzen zionaren arabera. 1980ko hamarraldian buru-belarri eman zen elizara, eta gospel musika baizik ez zuen egin.

Hainbat urte gospel interpretatzen soilik igaro ondoren, rhythm and blues musika-estilora itzultzea erabaki zuen. 1989an, kantariak Arthur Baker musika-ekoizlearekin lan egin zuen, eta The Message Is Love kanta ospetsua idatzi zuen.

2002an, Greenek Grammy sari bat (Lifetime achievement Award izenekoa) jaso zuen, ordura arte izandako ibilbide musikala saritzeko.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Al Green Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]