Alan Civil

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alan Civil

Alan Civil OBE (Northampton, Ingalaterra, 1929ko ekainak 13-Londres, 1989ko martxoak 19) britainiar tronpa jole bat izan zen.

Civil oso gazterik hasi zen tronpa jotzen banda militar batean. Dennis Brainen aita zen Aubrey Brainekin ikasi zuen.

1953an Civil Thomas Beechamek kontratatu zuen Dennis Brainen bigarrena izateko Royal Philharmonic Orchestran, leheneng bihurtuz Brain Philharmonia Orkestrara joan zenean. 1955ean Civil bera Philharmonia Orkestrara batu zen Herbert von Karajanen zuzendaritzapean Amerikatik eginiko bira baten errefortzu bezala parte hartu ondoren. Han, berriz ere lehen instrumentista bihurtu zen Dennis Brain 1957an auto istripu batean hil ondoren. 1964an, Philharmonia Orkestra desagertzeko zorian zegoenean, Civil Berlingo Orkestra Filarmonikoan sartzeko proposatutako lehen britainiar musikaria bihurtu zen. Alabaina, Orkestra New Philharmonia bezala birsortu zen, musikariek eurek zuzendua, eta Civilek orkestran jarraitzea erabaki zuen, bere batzorde direktiboan parte hartuz. 1966an Civil BBCko Orkestra Sinfonikoko lehen tronpajole postua bete zuen, non 1988an erretiratu zen arte egon zen.

Kide izan zen orkestretan (batez ere Philharmonian) grabaketa ugaritan parte hartzeaz gain, Civilek bakarlari bezala grabatu zituen Mozarten tronparentzako kontzertuak Otto Kemplererren zuzendaritzapean, baita Benjamin Brittenen Tenore, tronpa eta harientzako serenata ere Robert Tear tenorearekin. Gainera, The Beatlesekin lan egin zuen Revolver bildumako For No One abestian tronpa bakarlaria interpretatuz, eta Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Bandeko A Day in the Lifeko orkestran parte hartuz.

Civil Londresko Royal College of Musiceko irakasle izan zen. Ganbera musikako taldeetan parte hartu zuen, London Wind Players, Music Group of London edo London Wind Quintet kasu, eta Alan Civil Horn Trio sortu zuen. 1979tik British Horn Societyko presidentea izan zen.