Herbert von Karajan
Herbert von Karajan (Salzburgo, Austria, 1908 - Anif, Salzburgo inguruan, Austria, 1989) austriar orkestra-zuzendaria izan zen.
[aldatu] Biografia
Salzburgoko Mozarteum-ean eta Vienako Unibertsitatean eta Kontserbatorioan egin zituen ikasketak. 1937tik aurrera Berlingo Orkestra Filarmonikoaren eta Berlingo Operako kontzertu-emanaldien zuzendari gisa jardun zuen.
1954an Berlingo Orkestra Filarmonikoaren zuzendari izendatu zuten, W. Furtwängler-en ondoren. 1956-1964 urte-bitartean Vienako Operako zuzendari izan zen, eta orobat Bayreuth eta Salzburgoko jaialdietakoa ere. 1967an Bazko Jaialdia sortu zuen Salzburgon, Richard Wagnerren musika-lanen inguruan.
Musikarako oroimen handia zuen, eta lan egiterakoan zuen doitasunak eta antolatzaile-gaitasun bereziak, XX. mendeko orkestra-zuzendari ospetsuenetako bat bihurtu zuten. Opera-antzezpenak antolatzen ere jardun zuen.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.