Alex North

Wikipedia, Entziklopedia askea

Alex North (Chester, Pennsylvania, 1910eko abenduaren 4a - Pacific Palisades, Kalifornia, 1991ko irailaren 8a) estatubatuar zinema-musikagilea izan zen.

Gurasoak errusiarrak zituen. Musika-ikasketak egin zituen hainbat kontserbatoriotan, eta Aaron Copland eta Ernest Toch izan zituen irakasle. Elia Kazanen Death of a Salesman filmerako musika ondu ondoren, zuzendari berak A Streetcar Named Desire (1951) filmerako partitura ere sor zezan eskatu zion; bertan, jazz-estiloko gaiak sartu zituen, pertsonaien psikologia bihurriari loturik. Musika-mota hori bera erabili zuen I´ll Cry Tomorrow (1955), The Rose Tattoo (1955), The Misfits (1961), The Sound and the Fury (1959) eta Sanctuary (1961) filmetan ere. Giro historikoko zenbait filmetan ere lan egin zuen: Spartacus (1960), Cleopatra (1963), The Agony and the Ecstasy (1965) eta The Shoes of the Fisherman (1968). Cheyenne Autumn (1964) eta Bite the Bullet (1975) westernen musikak ere berak ondu zituen. Azken urteetan, John Hustonekin askotan aritu zen lanean: Wise Blood (1979), Under the Volcano (1984), Prizzi's Honor (1985), eta The Dead (1987). Ondoren, Volker Schlöndorffek zuzendu zuen Death of a Salesman (1985) filmaren bertsio berrirako musika berridatzi zuen. Arrakasta handia lortu zuen bere abestietako bat Unchained Melody izan zen, Ghost (1990) filmerako egin zuena. Oscar Sarietarako hamabost aldiz izendatu zuten arren, bere obra osoa saritzen zuen Ohorezko Oscarra bakarrik jaso zuen (1986).

Erreferentziak