Almudena Grandes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Almudena Grandes.

Almudena Grandes Hernández (Madril, 1960ko maiatzaren 7a -) idazle espainiarra da.

Bizitza

Geografia eta Historia ikasi zuen Madrilgo Universidad Complutensen, eta entziklopedia-testuak idatziz hasi zen lanean. Zinema-munduan ere aritu zen denboraldi bat (1982: A contratiempo, Óscar Ladoire-rena). Las edades de Lulú (1989) obra erotikoa izan zen bere lehenengo nobela. XI Premio La Sonrisa Vertical saria irabazi zuen, eta hurrengo urtean Bigas Lunak filme bat egin zuen nobela arrakastatsu horretan oinarritua.

Ondoren argitaratutako nobela, Te llamaré Viernes (1991), ez zuen arrakasta handirik lortu. Malena es un nombre de tango (1994) obrarekin, aldiz, arrakasta ikaragarria izan zuen, eta 1996an Gerardo Herrerok zinemara eraman zuen. Urte horretan bertan Modelos de mujer ipuin-sorta argitaratu zuen.

Atlas de geografía humana (1998), Los aires difíciles (2002) eta Castillos de cartón (2004) lanekin Almudenak bere obrari jarraipena eman zion. Nobela guzti hauek, Espainian kokatzen dira, XX. mendeko bukaeran edo XXI. mendeko hasieran hain zuzen. Orokorrean, errealtasunez idazten du, introspekzio-teknikez baliatuz.

El País egunkariak argitaratzen duen El País Semanal aldizkarian iritzi-artikuluak idazten ditu astero, eta Mercado de Barceló titulupean 2003an argitaratutako liburuan hainbat artikulu bildu zituen.

2006 urtean Los aires difíciles filmea atera zen, Almudenaren obran oinarrituta. Orain ere Gerardo Herrerok zuzendu zuen filmea.

2007ko otsailaren 1ean Foro Complutensen antolatutako ekitaldi batean, bere azken lana, El corazón helado, aurkeztu zuen, eta otsailaren 12an liburua kaleratu zuten. El corazón helado nobela konplexua dela esan dezakegu. 919 orrialde izateaz gain, historiako zenbait garai nahastu egiten ditu, Espainiako gerra zibilaren ondorioak aztertuz. Printzipioz, bi familia espainiarren istorioa kontatzen digu, batzuk falangistak eta besteak errepublikarrak (exiliatuak konkretuki). Familiotako bi kideren arteko maitasun-istorioatik abiatuz, gerra-ondoko garaia, exilioa, Frankismoaren gezurrak eta guzti horrek izan dituen ondorioak bikain aztertzen ditu idazleak bere azken lana den honetan.

Lanak

Eleberriak

Ipuin-sortak

Bere nobeletan oinarritutako filmak

Kanpo loturak