Amritsarreko sarraskia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jallianwala Bagh lorategiaren pasabidea, non sarraskia gertatu zen.

Amritsarreko sarraskia 1919ko apirilaren 13an britainiarrek burutu zuten sarraski bat izan zen. Igande arratsaldea zen Amritsar hirian, Punjaben, Indiako iparraldean eta jendetza handia bildu zen. Jende gehiena indiarren Urteberri eguneko jaia ospatzera joan zen eta hizlariei entzuteko, britainiarren zapalkuntza koloniala probintzia horretan gogor kritikatzen zutelako.

Dena zihoan normal, baina jendetzaren txalo eta oihuek hiriko komandantea zen Dyer jeneral ingelesa bere senetik atera zuten. Arratsaldeko bostetan berrogeita hamar soldaduko tropa batzarra egiten ari zen plazaren sarreran jartzeko agindu zuen. Aurretik ezer esan abe, soldaduak jendetzarengandik laurogei bat metrora jarri ziren eta britainiar ofiziala, irain batzuk entzun zituela eta beldurtuta, babesik ez zuen jendetzaren kontra tiro egiteko agindu zuen. Tiroketak hamar minututik gora iraun zuen eta ia laurehun lagun erori ziren tiroek jota. Mila pertsonatik gora zauritu ziren eta korrika zihoazen, britainiarren indarkeriak eta irrazionaltasunak harrituta.

Sarraskia, ikara eta indarkeriaren ostean indiarrak hirian sakabanatu ziren. Jendeak, haserre, eraikin publikoak erre eta eraso, Banku Nazionala desegin eta britainiar zibilak mehatxatu zituzten. Horregatik, britainiarrak etxe barruetan ezkutatu ziren, soldaduek babestuta. Gaueko hamarretan, laguntzako tropak heldu ziren eta azkenean egoera kontrolatzea lortu zuten. Gerra legea ezarri zuten eta atxilotu zituztenak gogor zigortu zituzten. India osoak harrituta hartu zuen sarraskiaren berria. Gandhik mendeku eta ankerkeriatzat deskribatu zuen hilketa eta betiko markatu zuen britainiarrak Indian zuten harrera, baina txarrerako.

Koordenatuak: 31°38′34″N 74°51′29″E / 31.64286°N 74.85808°E / 31.64286; 74.85808