Anthony Davis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Anthony Davis Estatubatuar pianista eta musikagilea da (Paterson, New Jersey, 1951). Yaleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Musika-heziketa klasikoa izan bazuen ere, oso gaztetan egin zuen topo jazzarekin eta, unibertsitatean zebilela, bere bandarekin pianoa jo ez ezik, Leo Smith, jazzeko musikariarekin ere lan egin zuen.

1977an, New Yorkera tokialdatu zen eta jazza jotzetik atera zuen bizimodua. Jazzeko pieza ospetsuen birmoldaketekin argitaratu zituen lehen diskoak: Past Lives of Blues and Dream (1978), eta Crystal Texts (1978). Baina musika idazterakoan tradiziozko jazzetik aldentzen hasi zen: inprobisazioa alde batera utzi zuen eta, mendebaldeko musikako elementuekin batera, Afrikako eta Asiako erritmo-egiturak sartzen hasi zen. Garai hartakoak dira Hidden Voices (1979) eta Lady of de Mirrors (1981). 1980an bederatzi kideko talde bat osatu zuen: Episteme. 1981etik 1985era, Christopher anaiarekin eta Thulani lehengusuarekin batera, Malcolm X aktibista beltzaren bizitzan oinarritutako opera idatzi zuen, X: The Life and Times of Malcolm X, zeina New Yorken estreinatu baitzen 1986an, baina kontzertu-bertsioa ere herrialde osoan interpretatu zen. Lan haren ondoren, beste opera bat idatzi zuen, bere emazteak, Deborah Athertonek, idatziriko zientzia-fikziozko istorio batzuetan oinarriturik: Under the Double Moon (1989). Aipatutako bi opera horiek orkestrarako eta bere talderako (Episteme) idatzi zituen. 1990eko hamarraldiko lehen urteetan, Tony Kushnerren Angels in America antzerki-lanerako musika idatzi zuen. Anthony Davisen Amistad (1997) opera, Thulani Davis lehengusuarekin elkarlanean idatzia, horrela deitzen zen espainiar barkuan afrikar esklaboek 1839an piztutako matxinadan oinarritua dago. Davis Yaleko eta Columbiako unibertsitateetan irakasle izan da, eta hainbat filmetarako eta dantza-konpainiatarako musikak idatzi ditu. New Yorkeko eta Brookliyngo orkestra filarmonikoek eta San Franciscoko Orkestra Sinfonikoak interpretatu dituzte Davisen obra sinfonikoak.

Association for the Advancement of Creative Musicians elkarteko kide da Davis. 2007an estreinatu zen hark idatzitako Wakonda's Dream opera; gaur egungo familia amerindiar baten historia kontatzen du. Egun, Kaliforniako Unibertsitatean (San Diego) musika-irakasle da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]