Arletty

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

(Jaiotza-izena: Arlette-Leonie Bathiat) Frantses antzezlea (Courbevoie, 1898 - Paris, 1992). Lehenik, fabrika batean lan egin zuen, eta gero, idazkari- eta modelo-lanak ere egin zituen. 32 urte zituela hasi zen zineman, René Hervilen La douceur d´aimer (1930) filmean. Hurrengo urteetan, komedia arinen edo arrakasta handiko antzerki-egokitzapenen antzezpenekin txandakatu zituen eszenako lanak. Jacques Feyderren Pension Mimosas (1935) izan zuen urte haietako lehen lan garrantzitsua. Bi urte geroago, Sacha Guitry Frantziako zinema- eta antzerki-munduko gizon ospetsuak hiru aldiz deitu zuen, Faisons un réve, Désiré, eta Les perles de la couronne lanetarako. Ospe handiena, ordea, hurrengo urtean lortu zuen, Marcel Carnék zuzendutako Hôtel du Nord (1938) filmarekin. Zuzendari horren hurrengo hiru maisulanetan ere parte hartu zuen: Le jour se lève (1939), Les visiteurs du soir (1942) eta Les enfants du paradis (1943). Grazia aparta eta umore-sena miresgarria zituen, Parisko langileriaren ohiko itxura oroitarazten zuen Arlettyk. Carnéren azken bi filmak egin ziren garaian, ordea, alemaniarren esku zegoen Paris, eta Arlettyk harreman arriskutsuak izan omen zituen etsaiarekin; hori zela-eta, bi urtez deserriratu zuten probintzietara. Hala ere, antzezpen-lanak egiten jarraitu zuen, 1962an jasandako istripu baten ondorioz ia erabat itsutu zen arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arletty Aldatu lotura Wikidatan