Artziko termak

Koordenatuak: 42°52′01″N 1°22′42″W / 42.86689841°N 1.3783663°W / 42.86689841; -1.3783663
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artziko termak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaArtzibar
Koordenatuak42°52′01″N 1°22′42″W / 42.86689841°N 1.3783663°W / 42.86689841; -1.3783663
Map
Ab Asturicam Burdigalam erromatar galtzadaren zati bat, Artzitik (Nafarroa Garaia) Donazaharrera (Nafarroa Beherea) doana. Iturria: Berria (2023ko abenduaren 2a).

Artziko terma erromatarrak K.a. I eta K.o. IV. mende arteko hondarrak dituen aztarnategi arkeologikoa da, Nafarroa Garaiko Artzibar udalerrian kokatua dagoena. Dirudienez, Urrobi ibaiaren parean iragaten zen Ab Asturicam Burdigalam erromatar galtzadako bidaiariak artatzeko eraikin multzo bat egon zen inguru hartan -gerora Artziko jauregia eraikiko zuten tokiaren ondoan-, eta termak hartzen zituena eraikin horietako bat zen.

Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera, "erromatarren garaiko bide-ertzeko geraleku gisa interpretatu da eta ziurrenik, K.a. I. mendearen amaiera eta K.o. I. aren hasieran eraikia izan zen galtzada transpiriniarrarekin batera. Hainbat eraikinez osaturik egongo zen eta horiek zerbitzuak eskaini ahal izan zizkieten galtzadaren erabiltzaileei. Aldi berean, bertako biztanle eta produktuak inperioko beste lurraldeetakoekin elkartrukean aritzeko lotunea ere izango zen"[1]. Badirudi II. mendetik IV. mendera eraikinaren iparraldeko zatia -labearen ingurukoa- lantegi metalurgiko gisa erabili izan zutela.

Indusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itoizko urtegia eraikitzeak bere inguruetan bertze azpiegitura txikiago batzuk eraikitzea ekarri zuen, hala nola, errepideak. Urrobi ibaiaren eta Artziko jauregiaren artean NA 2040 errepidea eraiki zutelarik, egin zituzten lur mugimenduei esker, erromatarren garaiko aztarna batzuk agertu ziren. Juan Mari Martinez Txoperena arkeologoa buru zuen Aranzadiko talde batek aurkitu zituen lehen aztarna haiek, erromatar galtzadak inguru horretan egiten zuen ibilbidea aztertzen ari baitzen.

Aranzadik 2012. urtean egin zuen lehenbiziko zundaketa arkeologikoa eta, ondoren, 2014 eta 2017an eginiko miaketa geofisikoek dokumentatu zuten gutxienez hektarea bateko azalera zuen kokagunea izan zela. Denetara zazpi kanpaina arkeologiko egin zituzten, konplexu termalaren deshobiratzean oinarrituak, eta 2023an bukatu zuten, hondakinak sendotuz, hesiz itxiz, azalpen-kartelen bidez balioa emanez eta azterketa arkeologiko bat eginez. Nafarroako Gobernuak 98.740 euro eman zituen aipaturiko lanak egiteko[1].

Musealizazio lanen barnean, termen eraikinaren hondakinen inguruan egurrezko hesi bat paratu zuten -hango larreetan bazkatzen diren behiak sar ez daitezen-, geletako zoruen gainean harri koskorrak bota zituzten -gorriak gela horretan berogailu sistemaren aztarnarik aurkitu badute, eta urdinak ez badute halakorik aurkitu-, eta aztarnategira doan bidearen hasieran zein aztarnategian berean informazio kartel bana jarri zuten.

Termen egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artziko termen aztarnategiko informazio panela.

Termen eraikina 26 metroko luze eta 5,5 metroko zabal da, eta ez omen zegoen bertze ezein eraikini loturik. Itxura laukizuzena du eta arkeologoek zazpi gune ezberdin identifikatu dizkiote:

  1. Aztarnategiaren sarreratik begiratuta ezkerrerago dagoen gunean murru baten zatia dago, eta ez dirudi termen eraikinari loturik egonen zenik. Ikertzaileen hipotesietako batek dio agian termetako langileek erabiliko zutela gune hori, sarrera gisa.
  2. Ondoren erabiltzaileen sarrera izanen zena dago. Han harrera lekua egonen zen eta, beharbada, aldagela batzuk.
  3. Hurrengo aretoan mosaiko xume baten 20-25 tesela gris aurkitu zituzten arkeologoek eta pentsatzen dute areto hori frigidarium izanen zela; areto hotza, alegia.
  4. Eskuinerago tepidarium aretoa dago, eta horretan hipokausto bidezko berogailu sistemaren aztarnak aurkitu zituzten.
  5. Areto epelaren eskuinean caldarium dago, aretorik beroena. Abside bat du, eta ikertzaileek pentsatzen dute agian hor iturri bat egonen zela, baina ez dute horren arrastorik aurkitu.
  6. Tepidarium eta caldarium aretoetara beroa bidaltzen zuen labea hurrengo aretoan zegoen.
  7. Azkenik, eskuinerago dagoen gunean arkeologoek ez dute berogailu sistemaren arrastorik aurkitu eta pentsatzen dute agian egurra gordetzeko tokia izanen zela.

Aretoetako ateen kokalekuek halako sigi-saga bat egiten dute. Hau da, areto batek atea ezkerrean badu hurrengo aretoak eskuinean du, eta hurrengoak, ezkerrean... Horrela aisago eusten zioten berorari.

Artziko termen egitura eta Donazaharreko aztarnategian (Nafarroa Beherea) aurkituriko termen egitura berdinak dira eta, horregatik, ikertzaileek uste dute Ab Asturicam Burdigalam galtzadako erabiltzaileei zerbitzu emateko guneak sortzeko planifikazio beraren parte direla.

Dibulgazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aranzadik, Artzibarko Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean kontsolidatu eta musealizatu zituzten Artziko termak eta, nolabait, 2024ko otsailaren 7an inauguratu zituzten, gune arkeologikoa edonork bisitatu ahal izateko moduan, "Iter XXXIV galtzada erromatarrean zegoen eta Antzinaroan Pirinioak zeharkatzen zituen pasabide estrategiko hori ezagutarazteko" helburuarekin[1].

Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Oihane Mendizabal Sandonis arkeologoa hiru haurri azalpenak ematen ari zaizkio, Artziko (Nafarroa) terma erromatarren aztarnategiko sarreran.

Artziko termen ingurua musealizatu eta gero, 2024ko martxoaren 30ean egin zituzten lehenbiziko bi bisita gidatuak, eta haietan, euskaraz zein gaztelaniaz, Aranzadiko kide Oihane Mendizabal Sandonis ikerlaria aritu zen gidari lanak egiten, indusketetako zuzendaria izandakoa[2].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Aranzadi. «Artziko terma erromatarrak publikoari zabalik, kontsolidazio eta musealizazio lanak burutu ondoren» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-03-29).
  2. Aranzadi. «Oihane Mendizabal Sandonís» Aranzadi (Noiz kontsultatua: 2024-03-30).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]