B5 bitamina
B5 bitamina edo azido pantotenikoa (C9H17NO5) formula duen bitamina hidrosolugarria da, prozesu metabolikoetan garrantzia handia duena.
A koentzimaren sorreran parte hartzen du bitamina honek. A koentzima funtsezko molekula da hainbat prozesu metabolikoetan, besteak beste Krebs zikloan eta gantz azido, kolesterol eta azetilkolinaren biosintesi-prozesuetan. Ulertzekoa denez, azido pantoteniko gabeziak hamaika ondorio kaltegarri ekartzen ditu, bide metaboliko asko hanka-motz geratzen direlako.
[aldatu] Janari-iturriak
B5 bitamina janari ugaritan dago. Besteak beste, arrautzetan, okelan, zerealetan, esnean, e.a. Elikagai askotan dagoenez, gizakiak ez du normalean bitamina honen gabeziarik.
[aldatu] Beharrizanak eta gabezia
Gomendatutako eguneroko dosia adinaren arabekoa da: 2 mgr-tik umeengan 6 mgr-ra helduengan.
Bitamina honen gabezia arraroa da, muturreko barauetan besterik ez baita agertzen. B taldeko beste bitaminen ezaren antzeko sintomak eragiten ditu: astenia, azaleko gaitzak (dermatitis...), nerbio-sistemaren kalteak (insomnioa, karranpak...), digestio-aparatuarenak (sabeleko mina, okadak...), oinetako sentikortasuna eta immunitate-sistemaren ahultzea (bitamina hori antigorputzak sortzeko ezinbestekoa baita).
[aldatu] Erabilera terapeutikoa
Xanpu batzuek azido pantotenikoa dute, eta baita aknearen aurkako zenbait pomadak ere. Bigarren kasu honetan, hala ere, ez daude guztiz frogatuak B5 bitaminaren onurak aknearen tratamenduan