Belerofon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Belerofonte eta Pegaso.

Belerofon (bigarren mailan baita Belerofonte ere[1]) greziar mitologiako heroi bat da. Bere balentriarik handienak Kimera hiltzea eta Pegaso hegodun zaldia otzantzea izan ziren. Korintoko Glauko erregearen eta Eurimederen semea zen, tradizioren batzuk Poseidonen semea zela dioten arren.

Bere jatorrizko izena Hiponoo edo Leofontes zen, baina Belerofontegatik aldatu zuen (Beleroren hiltzailea esan nahi duena) Belero izeneko Korintoko tirano bat istripuz hil ondoren. Beste bertsio batzuetan Deliades, Piren edo Altzimenes izeneko bere anaia bat hil zuen istripuz.

Tirintora erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahi gabe bere anaia hil zuenean, Korinto utzi zuen eta erregutzaile bezala, purutzeko, Tirintora joan zen, Preto erregearen gortera. Preto erregeak Belerofon apopilo hartu eta purutu egin zuen.

Preto erregearen emaztea, Estenebea edo Antea izenekoa, berehala maitemindu zen Belerofonez, eta zenbait proposamen lizun egin zizkion, baina Belerofonek uko egin zien proposamen horiei.

Estenebeak, iraindua sentituz, ukazio honetaz mendeku hartzeko, limurtu edo bortxatzeaz faltsuki salatzen du Belerofon. Tirintoko erregea haserre bizian jartzen da istorioa egia dela sinetsiz, baina apopilo bat zuzen hiltzeak abegikortasun lege sakratuak urratzea suposatuko zuela eta, Belerofoni, erregeak dioenez, honen aitaginarreba eta Estenebearen aita den Liziako Iobates erregeari gomendio gutun zigilatu bat eramatea agintzen dio. Baina gutunean, benetan, Iobates erregeari Belerofon hiltzeko esaten zion.

Belerofonek gutuna daroa Liziara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Preto erregearen asmoak ezagutzen ez zituela, Belerofon Liziara iristen da. Iobates erregeak sutsuki hartu zuen Belerofon, abegikortasun handia erakutsiz. Lehen bederatzi egunak jai artean pasa zituzten. Hamargarren eguneko goizean Iobates erregeak Belerofonek eraman zion gutuna ireki zuen.

Enkargua betetzeko Belerofonteri Kimera hiltzea eskatu zion, munstro honek heroia hilko zuen esperantzarekin. Kimera Tifon eta Ekidna edo Lernako hidraren alaba zen, eta sua botatzen zuen ahuntz burua, lehoi gorputza eta dragoi isatsa zuen.

Belerofonek Kimerari aurre egiten dio[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piztiak zelai emakorrak txikitzen eta abereak irensten zituen. Lan zail honetara abiatu aurretik, Belerofonek Poliido igarleari galdetu zion, eta honek Pegaso hegodun zaldia harrapatzea gomendatu zion. Pegaso Helikon mendiko musek nahi zuten, bere hanka baten kolpearekin lurretik Hipokrene ur iturria sorrarazi baitzuen.

Belerofonek ez zuen Pegaso Helikon mendian aurkitu, baizik eta Korintoko Akropoliko Pirene iturrian. Atenea jainkosak urrezko aho-uhal bat eman zion zaldia otzantzeko, eta Belerofontek buru gainean jarri ziona. Beste bertsio batzuetan zuzenean Atenak eman zion Pegaso jainkosak berak otzandu ondoren, edo Poseidon izan zen Belerofoni Pegaso eman ziona.

Behin armatuta, Kimerari aurre egitera joan zen. Pegasoren gainean eseri, eta, Kimeraren gainetik hegan eginez, munstroari geziak jaurtitzen hasi zen. Ondoren, bere lantzaren muturra Kimeraren ahoan sartu zuen, honen suzko hatsak berunezko muturra urtu zuelarik. Beruna Kimeraren eztarritik irristatu zen, funtsezko organuak errez, eta hala, Belerofontek munstroa garaitu zuen.

Beste misio batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honen ondoren, Iobatesek solimoen aurka eta jarraian emakume gerlariak ziren Amazonen aurka borrokatzea enkargatu zion. Bi lanetan arrakasta izan zuen heroiak. Hala eta guztiz ere, Iobatesek Belerofon hiltzea nahi zuen, eta honen aurkako segada bat prestatu zuen, bere gizonik hoberenak bidaliz, baina Belerofonek guztiak hil zituen. Azkenik Iobatesek bere alaba eskaini zion Belerofoni emazte bezala eta elkarrekin hiru seme-alaba izan zituzten: Laodamia, Isandro eta Hipoloko.

Pretoren emaztearen aurkako mendekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioren batzuetan, Anteak bere buruaz beste egin zuen Belerofonen ezkontzaren berri izan zuenean. Beste tradizio batean, heroiak bere traizioagatik ordainarazi zion, eta, beraz, berataz maiteminduta egotearen itxurak egin zituen, eta, hala, berarekin Tirintora ihes egiteko konbentzitu zuen. Pegasoren gainean hegan eginez, Belerofon itsasorantz joan zen, eta Antea uretara bultzatu zuen, kostaldeko harkaitzen gainean erori zena.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belerofon, ondoren, jainkoek arrazoi ezezagunengatik gorrotatu zuten, eta, halako batean, Olinpo mendira Pegasoren gainean iritsi nahi izan zuen. Alabaina, Zeus ez zuen ustekabean hartu, eta jainko honek Pegasori ezten bat sartu zion, hala zaldia haserraraziz. Belerofonek ez zuen zaldia lasaitzea lortu, eta honek, zaldizkoak oreka galdu eta hutsera erortzea eragin zuen.

Tradizio baten arabera, Belerofon bizirik irten zen erorketa horretatik. Alabaina, herren edo itsu geratu zen, eta noraezean aritu zen Aleya izeneko lautadan. Pegaso, bere aldetik, zerurantz joan zen, non konstelazio bihurtu zen. Beste bertsio batean, Belerofon hutsera beldur edo bertigoagatik erori eta erorketan hil zen.


Aurrekoa
Glauko
Korintoko erregeak
Ondorengoa
Ornition

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Belerofon Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Euskaltzaindia, 82. araua. Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak, http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0082.pdf .. Euskaltzaindiak Belerofon hobesten du baina Belerofonte ere onargarria da, bigarren mailan.