Carlos Fuentes

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carlos Fuentes
Carlos Fuentes
Datu pertsonalak
Izen osoa Carlos Fuentes Macías
Jaio 1928ko azaroaren 11a
Panama Panama Hiria (Panama)
Hil 2012ko maiatzaren 15
(83 urte)
Mexiko Mexiko Hiria (Mexiko)
Sinadura

Carlos Fuentes Macías (Panama Hiria, 1928ko azaroaren 11 - Mexiko Hiria, 2012ko maiatzaren 15a [1]) mexikar idazlea izan zen. XX. mendeko mexikar idazle nagusietako bat izan zen eta, Julio Cortázar, Gabriel García Márquez eta Vargas Llosarekin batera, Latinoamerikako literatura idazlerik handienetakoa eta emankorrenetakoa. 1977an Rómulo Gallegos saria jaso zuen, 1987an Miguel de Cervantes saria, 1994an Letretako Asturiasko Printzea saria eta 2003an Frantziako Ohorezko Legioaren Ofizial Handiaren domina.

Bizitza eta lanak

Gaztetan aldizkari politikoetan idatzi zuen, eta ondoren eleberrigintzan hasi zen. La región más transparente (1958, Eskualde gardenena) eleberrian gaurko Mexikoko gizartea zorrotz kritikatu zuen. La muerte de Artemio Cruz (1962, Artemio Cruzen heriotza, euskaratzailea: Zuriñe Goti Artabe[2]) idazlanean iraultzaile izandako batek hiltzera doanean, egindako aitorkizunak azaltzen ditu teknika berritzaile batez. Hurrengo eleberrietan bezala (Zona sagrada, 1967, Ingurune sakratua), barne bakarrizketa ugari erabiltzen du idazleak. 1967an Cambio de piel (Azal berritzea) ere argitaratu zuen, ziur asko haren eleberririk berritzaileena.

Fuentesenak dira, baita ere, Terra Nostra (1975), La cabeza de la hidra (1978, Hidraren burua), eta Gringo Viejo (1985, Gringo Zaharra). Ipuin bildumak ere idatzi ditu, sarri fantasiazko gaiak hartuta, Los días enmascarados, esaterako (1954, Egun mozorrotuak), edo Aura (1962) eta Cantar de ciegos (1964, Itsuen kantua).

Azken urteetako lanen artean azpimarratzekoak ditu: El naranjo o los círculos del tiempo (1993, Laranjondoa edo denboraren zirkuluak), Diana o la cazadora solitaria (1994, Diana edo ehiztari bakartia) autobiografia, eta harekin batera trilogia osatzen duten Aquiles el guerrillero (Akiles borrokalaria) eta Prometeo, el precio de la libertad (Prometeo, askatasunaren prezioa); Nuevo tiempo mexicano (1995, Mexikoren garai berria), Chiapasko matxinadari buruz; La frontera de cristal (1997, Beirazko muga), Estatu Batuen eta Mexikoren arteko harremanak aztergai dituena. 1998an argitaratu zituen Retratos en el tiempo (Erretratuak denboran zehar) eta Los años con Laura Díaz (Laura Díazekin igarotako urteak). Baditu, orobat, saiakera bikainak, azkenetako bat, Geografía de la novela (1993, Eleberriaren geografia) etab.

Eleberrien zerrenda

  • La región más transparente (1958)
  • Las buenas conciencias (1959)
  • La muerte de Artemio Cruz (1962)
  • Aura (1962)
  • Zona Sagrada (1967)
  • Cambio de piel (1967)
  • Cumpleaños (1969)
  • Terra Nostra (1975)
  • La cabeza de la hidra (1978)
  • Agua Quemada. Cuarteto Narrativo (1983)
  • Gringo Viejo (1985)
  • Cristóbal Nonato (1987)
  • La Campaña (1990)
  • La Frontera de Cristal. Una novela en nueve cuentos (1995)
  • Los años con Laura Díaz (1999)
  • Instinto de Inez (2001)
  • La Silla del Águila (2003)
  • Todas las familias felices (2006)
  • La voluntad y la fortuna (2008)
  • Adán en Edén (2009)
  • Vlad (2010)
  • Antología de cuentos Carolina Grau (2010)

Erreferentziak

  1. Carlos Fuentes idazlea hil da Eitb.com
  2. Carlos FUENTES: Artemio Cruzen heriotza Itzultzailea: Zuriñe Goti Artabe. Ibaizabal, 2002. Armiarma.com

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Carlos Fuentes Aldatu lotura Wikidatan