Edukira joan

Mexiko

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Mexikoko Estatu Batuak[1]
Estados Unidos de México
Ereserkia: Mexikoko ereserki nazionala

Mexikoko bandera

Mexikoko armarria
Geografia
HiriburuaMexiko Hiria
19°25′10″N 99°8′44″W
Azalera1.972.550 km²
Punturik altuenaCitlaltépetl (5.610 m)
Punturik sakonenaLaguna Salada (Mexiko) (−10 m)
KontinenteaIpar Amerika
MugakideakGuatemala, Belize eta Ameriketako Estatu Batuak
Administrazioa
Gobernu-sistemaErrepublika federal
Mexikoko presidenteaClaudia Sheinbaum
LegebiltzarraCongress of the Union (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria124.777.324
Dentsitatea63,26 bizt/km²
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa2,243 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak4.330.276 (2012)
Bizi-itxaropena77,118 (2016)
Giniren koefizientea45,4 (2020)
Giza garapen indizea0,758 (2021)
Ekonomia
BPG nominala1.149.918.794.765,7 $ (2017)
BPG per capita8.910 $ (2017)
BPG erosketa botere paritarioa2.409.659.967.080 nazioarteko dolar (2017)
BPG per capita EAPn18.655,922 nazioarteko dolar (2017)
BPGaren hazkuntza erreala2,3 % (2016)
Erreserbak175.469.669.183 $ (2017)
Inflazioa3,4 % (2016)
Historia
1810Doloresko Garrasia, Declaration of Independence of the Mexican Empire (en) Itzuli
1820(e)ko hamarkada
1821Declaration of Independence of the Mexican Empire (en) Itzuli
1836Erdialdeko Amerikako Probintzia Batuak
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+52
ISO 3166-1 alpha-2MX
ISO 3166-1 alpha-3MEX
Ordu eremua
Elektrizitatea127 V. 60 Hz.NEMA 1-15 (en) Itzuli eta NEMA 5-15 (en) Itzuli
Internet domeinua.mx
gob.mx

Mexiko[1] (nahuatlez: MexihcoIPA:/meːˈʃiʔko/; gaztelaniaz: México, /ˈmexiko/ ahoskatua), izen ofiziala Mexikoko Estatu Batuak (gaztelaniaz: Estados Unidos Mexicanos), Ipar Amerikako hegoaldeko estatua da, Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoko Mexikoko Golkoaren artean dagoena. Iparraldean Ameriketako Estatu Batuak ditu, eta hegoaldean Guatemala eta Belize. 1.964.375 kilometro koadroko eremua du, eta 2015ean 119,5 milioi biztanle zituen[2]. Beraz, estatu hispanofono populatuena da. Hiriburua Mexiko Hiria da, munduko bigarren hiririk populatuena.

Mexikoko mapa topografikoa
Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko geografia»

Mexiko Ipar Amerikako hegoaldean dago. Geologiaz, Yucatán penintsula (estatuaren % 12) Erdialdeko Amerikan dago, bien arteko banaketa Tehuantepec istmoa baita. Hala ere, geopolitikaz, Mexiko ez da Erdialdeko Amerikako herrialdetzat jotzen, Belize eta Guatemala ez bezala.

Mexiko 1.964.375 kilometro koadro luze-zabal da, 6.000 kilometroko koadro inguruko uharteak barne. Uharteok Ozeano Barean (Guadalupe eta Revillagigedo), Mexikoko golkoan eta Karibe itsasoan daude. Iparraldean 3.141 kilometro muga du Estatu Batuekin, eta hego-ekialdean 871 kilometro Guatemalarekin eta 251 kilometro Belizerekin. Ekialdean, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa ditu, eta hegoalde eta mendebaldean Ozeano Barea.

Citlaltépetl elurtua, Mexikoko mendirik garaiena

Mexikoko lurraldea menditsua da, baina alde handiak ditu toki batetik bestera. Bi mendilerrok zeharkatzen dute herrialdea ipar-hego, Ekialdeko Sierra Madre eta Mendebaldeko Sierra Madre, Estatu Batuetako Mendi Harritsuen jarraipena. Bi mendilerro horien artean goi-ordoki zabal bat dago, Mexikoko goi-lautada, lurraldearen hiru laurden hartzen dituena. Goi-ordoki horretara iristen diren ibai batzuen ura ez da itsasora iristen, hango sakonuneetan geratzen baita. 900-1.200 metroko garaiera du iparraldean, eta 2.000-2.700 metrokoa hegoaldean.

Beste mendikate batek, Zeharkako Sumendi-ardatzak, alderik alde zeharkatzen du Mexikoko hegoaldea, eta goi-ordokia mugatzen du hegoaldetik. Jatorri bolkanikoko mendikate horretan daude Mexikoko mendi garaienak: Pico de Orizaba (5.636 m)[3], Popocatépetl (5.462 m), Iztaccihuatl (5.286 m) eta Nevado de Toluca (4.577 m). Inguru horietan lurrikarak izateko eta sumendiak pizteko arrisku handia dago. Hori guztia dela-eta, Mexikoko erdi eta iparraldeko lur gehienak garaiera handian daude.

Atitlán aintzira, Sierra Madre de Chiapas

Ekialdeko itsasbazterra zabala eta zuzena da, zelaia eta hareatsua; mendebaldekoa, berriz, estutuz doa iparraldetik hegoaldera, zelaia da eta, tarteka, zimurragoa. Bi penintsula daude Mexikon, Kalifornia Behereko penintsula ipar-mendebaldean eta Yucatán penintsula hego-ekialdean. Kalifornia Behereko penintsula luze meharra da, eta bere luzera osoan mendiek alderik alde zeharkatzen dute (Cerro de La Encantada, 3.069 metro); mendebaldeko itsasbazterreko erdialdean zabalgune bat du, ia osorik El Vizcaíno basamortuak hartzen duena. Penintsularen eta kontinentearen artean Kaliforniako golkoa edo Cortésen itsasoa dago. Yucatan penintsula ia itsasoaren mailan dagoen kare-harrizko ordoki zabal bat da, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa bereizten dituena.

Tehuantepec istmoa muino txikiez osatua dago, eta adituen ustez, Ipar Amerikaren eta Erdialdeko Amerikaren arteko muga naturala da. Istmotik ekialdera Sierra Madre de Chiapas mendilerroa eta Guatemalan barrena sartzen diren Soconuscoko mendiak (Tacaná sumendia, 4.093 metro) daude. Hegoaldeko itsasaldearen norabide berean Hegoaldeko Sierra Madre eta Sierra Madre de Oaxaca daude, Zeharkako Sumendi-ardatzetik Balsas ibaiak bereizten dituena. Ozeano Barean, itsasaldetik 725 bat kilometro mendebaldera, sumendi jatorriko Revillagigedo uhartedia dago.

Usumacinta ibaia, Tabasco
Mexikoko klimak Köppen sailkapenaren arabera

Klimari dagokionez alde handiak daude lurraldean toki batetik bestera, Mexikoko klima eragile askoren mendean baitago. Kantzer tropikoak bitan banatzen du lurraldea ia erdi-erditik eta, beraz, klima epela dagokio iparraldeari eta tropikala hegoaldeari. Oro har, iparraldean eta erdialdean alde handiak izaten dira urte sasoi batetik bestera; hegoalde tropikalean, berriz, ez dago ia aldaketarik; ipar-mendebaldea idorra da, oso negu hotzak eta oso uda beroak ditu; Mexikoko goi-lautadan, bai neguak, bai udak, samurrak izaten dira. Bestalde, garaiera alde handiak daude herrialdean, eta klima ere aldatuz doa garaieraren arabera; mendi garaien arteko bailaratan mikroklimak sortzen dira.

Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoaren eragina ere handia da zenbait tokitan. Ozeano Bareko eta Mexikoko golkoko uren beroak haize hezea eta, horren ondorioz, euria dakar udan zehar; lurralde beroetan euri sasoiak luze iraun dezake, baina toki gehienetan, euria ekainetik urria arte izaten da; hala ere, alde handiak daude toki batetik bestera: Chiapasko goi-ordokietan euria 5.000 milimetrotik gora izan daiteke urtean, ekialdeko itsasaldean 2.500 milimetro, eta 200 milimetro baino gutxiago Bolsón de Mapimí sakonunean, Sonorako basamortuan eta Kalifornia Beherean; gehienetan euri erauntsiak izaten dira, laburrak eta indar handikoak, kazkabarrarekin batera askotan.

Zortzi klima mota bereizten dira Mexikon, klima tropikal euritsuaren eta mendi gailurretako klima polarraren artean baina, laburbildurik, klima ezaugarri nagusiaren arabera, era honetara sailka daiteke herrialdea:

  • lurralde beroa, 1.000 metroko garaieratik behera; urteko batez besteko tenperatura 25 °C-tik gora;
  • lurralde epela, 1.000-2.000 metro bitartean; urteko batez besteko tenperatura 18 °C eta 24 °C artean;
  • lurralde hotza, 2.000-3.500 m bitartean; urteko batez besteko tenperatura 11 °C eta 17 °C artean;
  • lurralde izoztua, mendi gailurretan; urteko batez besteko tenperatura 10 °C-tik behera.

Landaredia klima motaren eta garaieraren araberakoa da eta, oro har, urriagoa da iparraldera joan ahala. Iparraldeko, ipar-mendebaldeko eta erdialdeko lurralde idorretan kaktusa, henekena eta mandioka hazten dira batez ere. Hegoaldean eta ekialdean, Yucatán penintsulan eta mendebaldeko itsasaldean oihan tropikala eta sabana tartekatzen dira. Hego-erdialdeko eta Sierra Madre mendietan pinu, izei, zedro, arte eta haritz zuhaiztiak daude. Mexikoko hegoaldeko itsasaldean mangladiak daude.

Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko historia»

Kolonaurreko garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Chichen Itzako Gaztelua izeneko piramidea.

Amerikako lehen gizakiak ipar-ekialdeko Asiatik iritsi ziren, Bering itsasartean barrena, duela 30.000 urte baino gehiago. Aztarna arkeologikoek erakusten dutenez, duela 8.000-10.000 urte ehiztari-biltzaileak bizi ziren Mexikoko lurraldean. Ondoko milurtekoetan, bertako landare batzuk etxekotzea lortu zuten, hala nola artoa, kuia eta babarruna. Eguneroko janaria ziurtaturik, gizakiak sedentario bilakatu eta lehenbiziko herrixkak sortu ziren. K. a. 1500ean, buztinezko tresnak eta iruditxoak egiten zituzten.[4]

Aro Klasikoan, K. a. 200 eta K. o. 900 artean, oso zibilizazio aurreratuak garatu ziren Mesoamerikan. Garai hartan, artea eta zientziak loratu ziren, idazkera, matematika eta astronomia batez ere. Erlijio politeista zuten; Quetzalcoatl lumadun sugea zen jainko nagusia eta jakitate guztien iturria. Metalak aro horren amaiera arte erabili ez bazituzten ere, egitura arkitektoniko izugarriak eraiki zituzten, esaterako, Teotihuacan eta El Tajíngo piramideak, eta Palenqueko Eguzkiaren tenplua. Nekazaritza zen ekonomiaren oinarria. Teotihuacan (Mexikoko erdialdean), Monte Albán (Oaxacako hegoaldean), eta hiri maiak (Chiapas, Tabasco, Campeche, Yucatán eta Quintana Roo estatuetan, eta baita Honduras, Guatemala eta Belizen ere) dira Aro Klasikoko kokagune nagusiak. 650tik aurrera, Teotihuacan erori eta Yucatán penintsulako hiri-estatu maiek egin zuten gora. 900tik aurrera, ordea, maien zibilizazioak gainbehera azkarra izan zuen. Beheraldi horren arrazoiak (uzta txarrak, izurriteak, idorteak, gainpopulazioa edota auzo herri erasoak) ez dira ongi ezagutzen.[4]

X. mendearen amaieratik aurrera, Aro Postklasikoa hasi zen; haren ezaugarri nagusia militarismoa izanik, hiriak gotortu ziren. Zibilizazio ugariren goraldi eta beheraldia gertatu zen, hala nola tolteka, zapoteka eta mixtekena.[4] XIII. mende hasieran, aztekak iritsi ziren Texcoco aintzirako uharteetara (alegia, egungo Mexiko Hiria dagoen lekura). Uharte horietako batean Tenochtitlán hiria sortu zuten, denborarekin agintegune nagusi bilakatu zena. 1376an, monarkia ezarri zuten; Acamapichtli izan zen lehen erregea. Gizarte egitura konplexua zuten: aristokraziak bere esku zituen kargu administratiboak, erlijiosoak eta militarrak; merkatarien taldeak auzitegi, jainko eta elkarte propioak zituen; herritar xeheak nekazaritza eta eskulangintzatik bizi ziren; eta mailarik apalenean esklaboak zeuden. XVI. mende hasierarako, aztekek menderaturik zeuzkaten erdialdeko Mexikoko gainerako herriak, eta zergak ordainarazten zizkieten: kakao, kotoia, artoa, lumak, metal eta harri baliotsuak, maskorrak eta jaguar larruak. Mendean hartutako hiriek soldaduak eta esklaboak ere eman behar izaten zizkieten, baina aztekak ez ziren sartzen hiriko barne arazoetan[5]

Espainia Berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izamal herriko eliza

1518an Diego Velázquez Kubako gobernariak espedizio bat bidali zuen Mexikora Hernán Cortésen (14851547) gidaritzapean. 1519an Cortések Veracruz hiria sortu zuen, eta bere kabuz, ez baitzuen lurraldea konkistatzeko baimenik, aurrera segitzea erabaki zuen. Txalkalteka indiarren laguntzaz, azteken inperioaren hiriburuan, Tenochtitlanen, sartu zen 1519ko azaroaren 8an. Moctezuma azteken buruzagiak harrera ona egin zion Cortési baina horrek preso hartu eta Espainiaren aginpidea onartzera behartu zuen. Velázquezek gudaroste bat bidali zuen Cortés preso hartzeko eta Kubara eramateko aginduarekin, eta Cortés gudaroste hari aurre egitera joan zen bitartean Tenochtitlango aztekak matxinatu egin ziren. Hala, Tenochtitlanera itzuli zirenean aztekek gogor eraso zieten. Espainiako gudarosteak, Tlaxcalan babesturik, indarrak batu eta handik gutxira, 1521eko abuztuaren 13an, aztekak menderatu eta hiriburua suntsitu zuen. Han bertan hiri berria eraiki zuten, Mexiko. Horrela 300 urteko aginte espainiarra ezarri zen. Mexiko Hiria Espainia Berriko erregeordetzako hiriburu bihurtu zen, Espainiar Inperioko lehen hornitzailea, herrialde populatuena eta Ipar Amerika, Karibe eta Filipinetako aginte gunea. Horrela, Mexikoko gizarte oinarria garatzen joan zen, bertako eta europar kulturen nahasketa berezia sortuz.

1522an Karlos I.a Espainiako erregeak kapitain jeneral eta Espainia Berriaren gobernari izendatu zuen Cortés, 1527an Audiencia izeneko gobernu erakundea sortu zen, eta 1534an Espainia Berria erregeorde baten aginpidean geratu zen. Espainiarrak Guatemala eta Honduras konkistatzera abiatu ziren, eta iparraldera ere, zilar meak aurkitu zirenetik batez ere, zabaldu ziren. Konkistatzaileek, agintari zibilek nahiz elizgizonek lan gogorretara behartu zituzten indiarrak. Horrek, eta espainiarrek eramandako eritasunek indiarren artean sortutako izurriteek, urte gutxiren buruan, asko urritu zuten jatorrizko biztanleria. Lehenagoko zibilizazioa eta erlijioa desagertu ziren. Espainiar kolonizatzaileak lur eta aberastasun guztien jabe egin ahala, liskarrean hasi ziren. Veracruzeko portuaren bidez metal bitxiak, artilea eta hango beste gai batzuk esportatzen ziren. Espainia Berriak XVIII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina aberastasuna espainiarren, elizgizonen eta goi mailako kriolloen eskuetan geratu zen, erdi mailako kriolloen eta herri xehearen (indiarren, mestizoen eta mulatoen) kaltetan.

Independentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Miguel Hidalgo apaiza eta Mexikoren "aita" (1890 eta 1913 artean).

Frantziako Iraultzaren ideia berrietan oinarriturik, Ipar Amerikako Estatu Batuen independentziak bihotz emanik, eta Napoleonen inbasioak Espainian (1808) eragin zuen krisiaz eta aginpide ezaz baliaturik, sortu ziren independentziaren aldeko lehen higikundeak. Mexikoko burgesiak, José de Iturrigaray erregeorde liberalaren laguntzaz, gobernu batzorde bat eratu zuen, baina kontserbadore ahaltsuek hura indarrez desegin eta erregeordea Espainiara alde egitera behartu zuten. 1810ean, Miguel Hidalgo apaizak nekazariz osatutako gudaroste bat antolatu zuen; Guadalajaran gobernu bat eratzea lortu zuen, esklabotasuna debekatu eta indiarrei lurrak itzultzea agindu zuena, baina 1811ko uztailean preso hartu eta fusilatu zuten. Handik gutxira, José María Morelos apaizak hartu zuen bizirik zirauen matxinadaren buruzagitza; 1813an, Apatzinganen, kongresoa eratu eta konstituzio bat onartu zuen, baina 1815ean Texmalakan preso hartu eta hil zuten. Haatik gerra ez zen amaitu. 1820an Espainian liberalek aginpidea lortzeak independentziaren aldeko jarrera hartzera eraman zituen goi mailako kreole kontserbadoreak, erregimen berriarekin militarren eta elizgizonen eskubideak arriskuan baitzeuden; hala, Vicente Guerrero gerrillaren buruzagiak eta Agustin de Iturbide jeneral espainiarrak independentzia hitzartu zuten Igualan, 1821eko irailaren 28an, Kordobako hitzarmenean gauzatu zena. 1824ko urriaren 4an kongresuak errepublika federala onartu zuen, eta Guadalupe Victoria jenerala izendatu zuten Mexikoko Estatu Batuetako lehen lehendakari (1824–1829).

Hurrengo urteetan ekonomiaren egoerak txarrera egin zuen, istiluak izan ziren liberalen eta kontserbadoreen artean, indiarrak matxinatu egin ziren eta estatu kolpeak izan ziren. Santa Anna jeneralaren lehendakaritzapean (1833–1853) Texas Mexikotik bereizi zen (1845) eta, horren ondorioz, gerra piztu zen Estatu Batuen eta Mexikoren artean; Guadalupe Hidalgo Itunean (1848) Mexikok Texas, Kalifornia Garaia eta Mexiko Berria galdu zituen, eta, gero, lurralde gehiago saldu zizkien Estatu Batuei hamar milioi dolarren truke. Abertzaleen haserrea zela eta Santa Annak Mexikotik ihes egin ondorengo urteetan, liberalen artean Benito Juárez zapotekak ospe handia irabazi zuen; 1857an lehendakari hautatu zuten eta, elizaren eta kontserbadoreen gogoz kontra, konstituzio laiko eta aurrerakoia jarri zuen indarrean, hiru urte iraun zuen gerra ekarri zuena. Juárezek bere agintaldian administrazio, hezkuntza eta justizia guztiz eraberritu zituen. Elizaren ondasunak nazionalizatu eta erlijio ordenak debekatu zituen. Aginpide eragilea eta justiziako eta legegintzako aginpideak bereizi zituen. Nekazaritzaren erreforma abiatu eta kanpo zorra ez ordaintzea erabaki zuen. Aitzakia horretaz baliatuta, Espainiak, Britainia Handiak eta Frantziak gudarostea bidali zuten. Frantsesek hiriburua hartu zuten 1863ko ekainaren 11n, eta Maximiliano Habsburgokoa (Maximiliano I.a, 1864–1867) ezarri zuten enperadore. Iparraldean Juárezek bere indarra mantendu zuen eta 1867an liberalek enperadorea preso hartu eta fusilatu zuten.

Porfirio Díazen diktadura eta Mexikoko Iraultza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko Iraultza»

Benito Juárez lehendakaria hil ondoren, Porfirio Díaz jeneralak hartu zuen aginpidea (1877–1911), 1880–1884 bitartean Manuel Gonzálezi utzi zion denboran izan ezik. Haren aginpidean industrializazioa abiatu zen Mexikon, errepideak eta burdinbideak egin ziren, barne-merkataritza sendotu zen eta nazioarteko eginbeharrak bete ziren; hala ere, ustelkeria hedatu zen estatuan, eta aberatsen eta herri xehe behartsuaren eta alfabetatugabearen arteko aldea gero eta handiagoa zen. Hirietan erdi mailako klasea eta langileria sortzeak, lur banaketaren eta aldaketa politikoaren aldeko eskaerak, eta 1907ko krisi ekonomikoak gogor astindu zuten diktadura.

Venustiano Carranza, Mexikoko iraultzaren sustatzailetakoa eta 1917ko konstituzioaren bultzatzailea.

1911n nazio osoko nekazariak Pancho Villa eta Pascual Orozcoren, eta Emiliano Zapataren gidaritzapean matxinatu egin ziren. Díaz diktadoreak aginpidea utzi behar izan zuen eta hurrengo hauteskundeetan Madero hautatu zuten lehendakari. Erreformak ordea ez ziren gauzatu eta Villa, Orozco eta Zapata hari oldartu zitzaizkion. 1913an Victoriano Huerta jeneralak estatu kolpe bat eman eta Madero hilarazi zuen. Iraultzaileek bat egin zuten Huerta aginpidetik kentzeko (1914), baina handik gutxira elkarren kontra hasi ziren borrokan; Villak eta Zapatak, elkar harturik, Venustiano Carranzari aurre egin zioten, baina horrek, Alvaro Obregónen laguntzarekin, menderatu zituen. 1917an Carranzak konstituzio aurrerakoi bat egin zuen: herritarren eskubideei, lanari eta lurraren jabegoari buruzko erreforma, irakaskuntzaren sekularizazioa, ondasunen nazionalizazioa. Erreforma, ordea, ez zen gauzatzen eta Zapata berriro matxinatu zen, baina 1919an hil zuten. 1920ko hauteskundeetan Obregón hautatu zuten lehendakari (1920–1924), eta iraultza armatua amaitutzat jo zen.

PRI eta azken urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1920. urteaz geroko sistema politiko berrian, hots, alderdi bakar bateko eta lehendakariaren aginpideko demokrazian, erakundeak sortu eta finkatu ziren, aginpide militarra, politikoa eta ekonomikoa zentralizatu ziren, militarren ahalmena murriztu eta hezkuntza bultzatu zen. Lázaro Cárdenas lehendakariaren agintaldian (19301934) hasi ziren iraultzan aldarrikatutako erreformak gauzatzen; burdinbideak eta petrolioaren ustiapena nazionalizatu ziren, Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak hobetu ziren eta bakea sendotuz joan zen. 1950. urtetik aurrera industria bizkor hazi zen, eta horrek gizarte egituraren aldaketa handi bat ekarri zuen.

1988ko hauteskundeetan Carlos Salinas de Gortari hautatu zuten lehendakari. Haren lehen lana Estatu enpresak pribatizatzea izan zen. 1991n Merkataritza Librerako Ituna izenpetu zuen Mexikok Estatu Batuekin eta Kanadarekin, eta hitzarmen hori 1994an jarri zen abian. Hala sortu zen munduko merkataritza libreko eremurik handiena. Eremu hori sortzea eta pribatizazioak aurrera eramatea izan ziren Mexikoko ekonomia indartzeko Salinasek hartu zituen neurri nagusiak. 1993an Mexikoko gobernuak industrien % 80 saldu zuen, eta inflazioa % 15etik % 10era jaitsi zuen. Hala ere, ez zen neurri eraginkorrik hartu atzerriko zorra gutxiagotzeko. 1994. urtearen hasieran, Nazio Askapenerako Gudaroste Zapatistako (EZLN) talde batek Mexiko hegoaldeko lau herri hartu zituen mendean, Chiapas estatuan. Hauek ziren talde haren eskakizun nagusiak: autonomia, lurrak indigenei itzultzea, demokrazia antolatzea, indigenei osasun eta hezkuntza zerbitzuak ematea. Hala ere, Mexikoko gudarosteak berehala bereganatu zituen lurralde haiek.

Marcos komandanteordea, EZLNen bozeramailearea

1994ko abuztuan, PRI (Partido Revolucionario Institucional, hots, Alderdi Iraultzaile Instituzionala) alderdiko kide Ernesto Zedillok irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Mexikon izan den finantza krisi larrienetako bati egin behar izan zion aurre: nazioarteko laguntza ugari jaso zuen eta pribatizazio neurriak hartu behar izan zituen. Bien bitartean, Chiapas hegoaldeko matxinadak agerian utzi zuen indigenek bizi zuten egoera larria eta beren eskakizunak entzutera behartu zuen gobernua. 1997ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, PRIk gehiengo absolutua galdu zuen diputatuen ganberan, eta oposizioko alderdi nagusiek, PANek (Ekintza Nazionaleko Alderdia) eta PRDk (Iraultza Demokratikoaren Alderdia) hain zuzen, indartu egin zuten kongresuan ordu arte zuten lekua. PRIk, 68 urte aginpidean ibili ondoren, gehiengoa bazuen ere senatuan eta Mexikoko udal nagusietan ere gehiengoa mantentzen bazuen ere, hauteskunde horien ondoren, hitzarmen ugari izenpetu behar izan zituen kongresuko oposizioko alderdiekin. Hala eta guztiz ere, gobernuaren eta indigenen arteko egoera larriagotu egin zen Altos de Chiapas lurraldean. 1997ko abenduaren 22an tzotzil etniako 45 indigena hil zituzten Acteal udalerrian indar paramilitarrek. Hildako gehienak emakumeak eta umeak ziren. Gobernazioko idazkari Emilio Chuayffetek eta estatuko gobernadore ordezkari Julio Ruiz Ferrok dimisioa eman behar izan zuten gertakizun larri haren ondorioz.

Vicente Fox AEBetako presidente George W. Bushekin

2000an, Ekintza Nazionaleko Alderdiak eta Alderdi Berdeak bat eginik aurkeztu ziren hauteskundeetara eta Vicente Fox Errepublikako presidente aukeratu zuten. 71 urtean lehen aldia zen PRI alderdikidea ez zen norbait lehendakaritzara iristen zena.[6] 2006an, krisian murgildu zen Mexiko, urte hartako hauteskundeetako gizarte polarizazioaren eraginez, eta liskar eta istilu handiak izan ziren hautagaien artean. Alde txikiz bada ere, Felipe Calderónek lortu zuen lehendakaritza.

Gobernua eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexiko errepublika federala da. Errepublikako presidentea estatuburua eta gobernuburua da. Legebiltzarra (gaztelaniaz: Congreso de la Unión) ganbera bikoa da: Senatuak (Cámara de Senadores), 128 kide ditu, 6 urterako aukeratzen direnak; eta Diputatuen Ganberak (Cámara de Diputados) 500 kide, hiru urterako hautatuak.[7]

Banaketa administratiboa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mexikoren banaketa administratiboa»

Mexiko 31 estatu eta barruti federal batean banaturik dago.

Mexikoren banaketa administratiboa


Entitatea Laburdura
(ISO)
Hiriburua Sorrera urtea Biztanleria
(2010)[8]
Eremua
(km²)[9]
Aguascalientes MX-AGS Aguascalientes 1857 1 184 996 5 618
Campeche MX-CAM San Francisco de Campeche 1863 822 441 57 924
Chiapas MX-CHP Tuxtla Gutiérrez 1824 4 796 580 73 289
Chihuahua MX-CHI Chihuahua 3 406 465 247 455
Coahuila MX-COA Saltillo 3 055 395 151 563
Colima MX-COL Colima 1856 650 555 5 625
Durango MX-DUR Victoria de Durango 1824 1 632 934 123 451
Guanajuato MX-GTO Guanajuato 1823 5 486 372 30 608
Guerrero MX-GRO Chilpancingo 1849 3 388 768 63 621
Hego Kalifornia Beherea MX-BCS La Paz 1974 637 026 73 922
Hidalgo MX-HGO Pachuca 1869 2 665 018 20 846
Jalisco MX-JAL Guadalajara 1823 7 350 682 78 599
Kalifornia Beherea MX-BCN Mexicali 1952 3 155 070 71 446
Mexiko MX-MEX Toluca de Lerdo 1823 15 175 862 22 357
Mexiko Hiria MX-DIF 1824 8 851 080 1 485
Michoacán MX-MIC Morelia 1823 4 351 037 58 643
Morelos MX-MOR Cuernavaca 1869 1 777 227 4 893
Nayarit MX-NAY Tepic 1917 1 084 979 27 815
Nuevo León MX-NLE Monterrey 1824 4 653 458 64 220
Oaxaca MX-OAX Oaxaca de Juárez 1823 3 801 962 93 793
Puebla MX-PUE Puebla de Zaragoza 5 779 829 34 290
Querétaro MX-QRO Santiago de Querétaro 1 827 937 11 684
Quintana Roo MX-ROO Chetumal 1974 1 325 578 42 361
San Luis Potosí MX-SLP San Luis Potosí 1823 2 585 518 60 983
Sinaloa MX-SIN Culiacán Rosales 1830 2 767 761 57 377
Sonora MX-SON Hermosillo 1824 2 662 480 179 503
Tabasco MX-TAB Villahermosa 2 238 603 24 738
Tamaulipas MX-TAM Ciudad Victoria 3 268 554 80 175
Tlaxcala MX-TLX Tlaxcala 1856 1 169 936 3 991
Veracruz MX-VER Xalapa 1823 7 643 194 71 820
Yucatán MX-YUC Mérida 1 955 577 39 612
Zacatecas MX-ZAC Zacatecas 1 490 668 75 539
Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko demografia»

2015ean, Mexikok 119,5 milioi biztanle zituen,[2] 61 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Beti ere, alde handiak daude estatu batzuetatik besteetara; Mexiko Hirian (5.960 biztanle kilometro koadroko 2010ean), eta inguruko estatuetan (Aguascalientes, Guanajuato, Mexiko, Morelos eta Tlaxcala, 150 biztanletik gora kilometro koadroko) dago dentsitaterik handiena, eta ipar-ekialdeko Hego Kalifornia Beherea (8,6 biztanle kilometro koadroko), Durango, Chihuahua eta Sonoran txikiena[8]. Adinaren arabera, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 26,9 dira, 15-24 urte bitartekoak % 17,5, 25-54 urte bitartekoak % 40,8, 55-64 urte bitartekoak % 7,6 eta 65 urtetik gorakoak % 7,1[7]. Bizi itxaropena 75,9 urtekoa da, 73,1 urtekoa gizonezkoena eta 78,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak).[7]

Mexikoko talde indigena nagusiak
Taldea Biztanleria
Nahuak 2.248.270
Maiak 1.403.636
Zapotekak 682.552
Mixtekak 662.363
Otomiak 526.876
Tzeltalak 482.244
Tzotzilak 429.964
Totonakak 377.901
Mazatekak 293.762
Mazahuak 283.005
Iturria: CDI (2005)[10]

Nekazaritza guneetan bizibidea nekez atera daitekeenez, eta nahiz eta hirietan ere irabazpiderik ez izan, jende asko hirietara joan da, (2017an biztanleen % 79,8 hirietan bizi zen),[7] batez ere, Mexiko Hirira, Monterreyra eta Guadalajarara, eta azken urteetan iparraldeko industria hirietara (Tijuana) eta turismoguneetara (Cancún). Mexikoko hiriburua munduko hiririk jendetsuena da, eta aldirietan txabola auzo handiak daude, oinarrizko azpiegiturarik ere ez dutenak. Biztanleriaren hazkunde tasa oso handia zela ikusirik, jaiotza tasa kontrolatzeko neurriak hartu behar izan zituen gobernuak, eta horrela lortu zuen hazkundea geldiaraztea (2017an, % 1,1).[7] Bestalde, mexikar asko Estatu Batuetara joan izan da lan eta bizi baldintza hobeen bila; gaur egungo kalkuluen arabera, 38 milioi mexikar edo mexikarren ondorengo bizi dira Estatu Batuetan. Desberdintasun nabarmenak daude eremu batzuen eta besteen artean, giza garapena adierazten duten adierazleei dagokienez; badira Alemaniaren mailako eremuak, eta baita Burundiren mailaz gorago iristen ez direnak ere. Gizarte arazo nagusietako bat narkotrafikoa da eta horri loturiko delinkuentzia da.

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mexikoko biztanleriaren % 65 mestizoak dira, % 18 amerindiarrak, % 16 zuriak eta % 1 bestelakoak.[11] Estatuak ez ditu talde etnikoak inongo era zehatzetan zenbatzen. Herri Indigenen Garapenerako Batzordeak (CDI) 65 talde etniko hartzen ditu aintzat, hizkuntzaren arabera sailkatuak. Talde handienak nahuatlak (2.445.969 lagun 2000. urtean), maiak (1.475.575), zapotekak (777.253) eta mixtekak (726.601) dira. Yucatán (% 59), Oaxaca ( % 48), Quintana Roo (% 39), Chiapas (% 28), Campeche (% 27), Hidalgo (% 24), Puebla (% 19), Guerrero (% 17), San Luis Potosí (% 15) eta Veracruz (% 15) estatuek amerindiarren ehunekorik handienak dituzte.[10]

100.000 hiztun baino gehiago dituzten Mexikoko hizkuntza indigenak[12][13]
Hizkuntza 2015 2010 2005
01 Nahuatla 1.725.620 1.544.568 1.376.026
02 Maia 859.607 786.113 759.000
03 Mixtekera 517.665 471.710 423.216
04 Tzeltalera 556.720 445.856 371.730
05 Zapotekera 479.474 425.123 410.901
06 Tzotzilera 487.898 404.704 329.937
07 Otomiera 307.928 284.992 239.850
08 Totonakera 267.635 244.033 230.930
09 Mazatekera 239.078 223.073 206.559
10 Ch'olera 251.809 212.117 185.299
11 Huastekoa 173.765 161.120 149.532
12 Mazahuera 147.088 135.897 111.840
13 Mixeera 133.632 132.759 115.824
14 Chinantecera 138.741 131.382 125.706
15 Purepetxera 141.177 124.494 105.556
Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko gaztelania»

Mexikoko hizkuntza ofiziala de facto gaztelania da, eta biztanleriaren % 98k hitz egiten du. Hala ere, amerindiar asko, biztanleriaren % 6,5, beren jatorrizko hizkuntzetan ere mintzatzen dira. Herri Indigenen Hizkuntza Eskubideen Lege Nagusiaren arabera, 65 mintzaira indigena nazional daude. Hedatuena nahuatla da (1,7 milioi hiztun baino gehiago 2015ean)[13], batez ere Guerrero, Puebla, Hidalgo, San Luis Potosí eta Veracruz estatuetan mintzatzen dena. Maia hizkuntzadunak 860.000 inguru ziren 2015ean[13], gehienak Yucatán penintsulakoak. 400.000 hiztunetik gora dituzte mixtekera (Oaxaca eta Guerreron, batez ere), tzeltalera (Chiapasen), zapotekera (Oaxacan) eta tzotzilera (Chiapasen) hizkuntzek.

2010eko zenbatespenaren arabera, katolikoak % 82,7 dira, ebanjelikoak % 5, beste kristauak % 5 inguru, eta erlijio gabeak % 4,7.[8] Erlijio askatasuna dago.

Hiri nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mexikoko ekonomia»
Mexikoko burtsa, Mexiko Hiria

Bi aldi nagusi izan dira Mexikoko ekonomiaren garapenean: lehena, 1940-1973 urteen bitartean, estatu-sozialismoan eta sektore pribatuan oinarritua; bigarrenak, aldiz, 1973-1976 bitartekoa, hidrokarburo hobi garrantzitsuen aurkikuntza izan zuen oinarri. Horrek goitik behera aldatu zuen Mexikoko ekonomia eta, aldi berean, herrialdea nazioarteko bankuekin zorretan gerarazi. Diru laguntzen bidez, enpresa publiko eta pribatuetarako ekipo ondasunak inportatzen ziren, eta bere politika soziala ordaintzen zuen; baina petrolioaren prezioa jaitsi zenean, inflazio izugarriari eta gehiegizko zorrari aurre egin behar izan zion (1982). Susperraldia ere esanguratsua izan zen, ordea: bere zorra hiru alditan hitzartzea lortu zuen, Morgan planaren barruan lehenbizi (1988) eta Brady planaren barruan ondoren (1990).

1994aren amaieran eta 1995aren hasieran, banku krisi larria izan zen. Inflazio altuak, batetik eta, bestetik, 30.000 milioi dolar inguruko defizitak eragin zuten. Ondorio larriak izan zituen gizartean, nekazari inguruetan batez ere, eta langileen % 20 arautu gabeko ekonomian aritzea ekarri zuen. Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariak, beste hainbat herrialde eta erakunderekin batera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuarekin besteak beste, nazioarteko laguntza ahalegina jarri zuen abian: 50.000 milioi dolarreko mailegua eman zioten Mexikori. Horrez gainera, Ernesto Zedillo presidenteak enpresa publiko nagusiak pribatizatu zituen: burdinbideak, petrokimika- eta elektrizitate-lantegiak eta aireportuak.

Langileen % 13,4k nekazaritzan ziharduen 2011n (BPGaren % 3,8)[7]. 19171980 bitartean egin zen erreformak nabarmen indartu zuen nekazaritza. Hala ere, nekazaritza ekoizpena eurialdien araberakoa da eta, horrezaz gainera, herrialdea, oro har, oso lehorra da. Hala ere, bere oinarrizko beharrak asetzeaz gainera, zenbait gai esportatu ere egiten ditu Mexikok: artoa, garia, garagarra, arroza, kafea, kotoia, azukre kanabera, fruituak eta barazkiak.

Mexikoko lurraldearen % 23 basoek osatua da. Urte askoan, zuhaitz mozketa ez da arautu baina, azkenean, arau oso zorrotzak onartu behar izan ditu Mexikoko Gobernuak gai horren inguruan. Herrialdeak basoko gai ugari lantzen ditu, besteak beste, zura, gomagoxoa, erretxinak eta kina.

Antzina, Mexikoko meatzari konpainia gehienak atzerritarrak ziren. Hala ere, 1960ko hamarkadan konpainia horiek eta gobernuak ahalegin handiak egin zituzten industria sektore hori nazionalizatzeko, eta konpainia horietako kapital gehiena mexikarra da gaur egun. Petrolioa da ustiatzen den mea nagusia; Veracruz, Tabasco, Campeche eta Chiapas estatuetan ustiatzen da batez ere. Zilarra ere garrantzizko gaia da, eta Mexikoko estatu guztietan dago gainera. Urrea, kobrea, burdina, fluorita, beruna, zinka, sufrea, manganesoa eta tungstenoa ere ugariak dira.

Mexikoko industria Latinoamerikako aurreratuenetako bat da. Eskualdeko lehen labe garai modernoa Monterreyn eraiki zen, 1900ean. 1980ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, lantegi berri gehienak errepublikaren iparraldean osatu ziren, muntatze lantegiak gehienbat (maquiladorak). Lantegi horietan inportatutako piezak muntatzen dira eta, ondoren, esportatzeko gaiak sortzen. Horrez gain, Estatu Batuetako zenbait enpresak diru asko inbertitu du azken urteetan ibilgailu motordunak eta kontsumorako bestelako gaiak ekoizten dituzten lantegietan. Industria nagusiak hauek dira: makinak eta elektronika, petrolio findegiak, galdak, elikagaiak biltzeko lantegiak, paper eta kotoi ekoizleak, ehungintza, beira, zeramika eta larrua.

Merkataritza harremanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria da sektore nagusia Mexikoko ekonomian, eta sektore horrek biltzen ditu, hain zuzen, esportazioen hiru laurdenak. Mexikok merkataritza harremanak ditu Estatu Batuekin, Japoniarekin, Alemaniarekin, Brasilekin, Kanadarekin, Frantziarekin eta Espainiarekin. Turismoa, mugako merkataritza, atzerriko inbertsioak eta Estatu Batuetan lanean diharduten mexikarren diru igorpenak garrantzizko diru sarrerak dira Mexikon.

Esportazioak nora Inportazioak nondik
Herrialdea Ehunekoa Herrialdea Ehunekoa
 AEB 80,60  AEB 47,98
 Kanada 2,88  [[|]] 17,04
 [[|]] 1,27  Japonia 4,44
 Brasil 1,20  KOR 3,73
 Espainia 1,01  Alemania 3,60
 Alemania 1,01  Kanada 2,48
 COL 0,93  MYS 1,76
 Japonia 0,78  TWN 1,63
 KOR 0,75  Italia 1,27
 Frantzia 0,56  THA 1,19
 Herbehereak 0,51  Espainia 1,18
Iturria: INEGI, 2015eko urtarrila-ekaina[16]
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Mexikar muralismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mexikar muralismoa»

Muralismoa mexikar margolaritzan eman zen mugimendua da. Mugimenduak 1920 eta 1960 bitartean izan zuen garai garrantzitsuena, ondorengo artista mexikarrengan ere eragina izan zuen arren. Bere oinarri politikoengatik da ezaguna, batez ere Marxismoaren eragina jaso zuen eta Mexikoko iraultzaren ondorengo egoera politiko eta sozialarekin zerikusia izan zuen. Irakastea zuen helburu. Edozein arraza edo klase sozialeko pertsonak ikusi zezakeen toki publikoetan margotzen zuten. Momentuko egoera sozial eta politikoa eta herriaren historia deskribatzen zuten. Ezagunak dira, batez ere, Diego Rivera, David Alfaro Siqueiros eta José Clemente Orozco.

Gizateriaren ondarea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

UNESCOk Mexikoko 34 leku izendatu ditu Gizateriaren ondare; Amerikako lehen postuan dago arlo horretan, eta munduko zazpigarrenenan.

Padre Temblequeren akueduktua
El Pinacate
Jalpan de Serrako misioa
Guanajuatoko hirigune historikoa
Palenque hiri prehispanikoa
Lekua Kokapena Urtea
Agave paisaia eta antzinako tekila industriaguneak[17] Jalisco 2006
Calakmulgo hiri maia eta oihan tropikal babestuak[18] Campeche 2014
Padre Temblequeren akueduktuko sistema hidraulikoa[19] Mexiko eta Hidalgo 2015
Xochicalco arkeologia gunea[20] Morelos 1999
Paquimé, Casas Grandesko arkeologia gunea[21] Chihuahua 1998
Revillagigedo uhartedia[22] Colima 2016
Camino Real de Tierra Adentro[23] 2010
UNAMen Unibertsitate Hiriko Campus Nagusia[24] Mexiko Hiria 2007
XVI. mende hasierako monasterioak Popocatépetl magalean[25] Morelos eta Puebla 1994
El Pinacate eta Gran Desierto de Altar biosfera erreserba[26] Sonora 2013
El Tajín hiri prehispanikoa[27] Papantla, Veracruz 1992
Frantziskotar misioak Sierra Gordan[28] Querétaro 2003
Mexiko Hiriko hirigune historikoa eta Xochimilco[29] Mexiko Hiria 1987
Moreliako hirigune historikoa[30] Michoacán 1991
Oaxacako hirigune historikoa eta Monte Albán arkeologia gunea[31] Oaxaca 1987
Pueblako hirigune historikoa[32] Puebla 1987
Zacatecasko hirigune historikoa[33] Zacatecas 1993
Campeche hiri historiko gotortua[34] Campeche 1999
Querétaroko monumentu historikoen gunea[35] Querétaro 1996
Tlacotalpango monumentu historikoen gunea[36] Veracruz 1998
Guanajuato hiri historikoa eta inguruko meatzeak[37] Guanajuato 1988
Hospicio Cabañas, Guadalajara[38] Jalisco 1997
Kaliforniako golkoko uharte eta babesguneak[39] Kalifornia Beherea, Hego Kalifornia Beherea, Sonora, Sinaloa eta Nayarit 2005
Luis Barraganen etxe eta estudioa[40] Mexiko Hiria 2004
Monarka tximeletaren biosfera erreserba[41] Michoacán eta Mexiko 2008
Palenque hiri prehispanikoa eta parke nazionala[42] Chiapas 1987
Chichén Itzá hiri prehispanikoa[43] Yucatán 1988
Teotihuacan hiri prehispanikoa[44] Mexiko 1987
Uxmal hiri prehispanikoa[45] Yucatán 1996
Yagul eta Mitla historiaurreko leizeak Oaxacako Erdialdeko Haranean[46] Oaxaca 2010
San Miguel hiri gotortua eta Jesús Nazareno de Atotonilco santutegia[47] Guanajuato 2008
Sierra de San Franciscoko labar pinturak[48] Hego Kalifornia Beherea 1993
Sian Ka'an[49] Quintana Roo 1987
El Vizcaíno biosfera erreserba[50] Hego Kalifornia Beherea 1993

Mexikoko Itzulia 1948tik 2016ra egin da. Ez da urtero egin. Laurent Fignonek 199ko itzulia irabazi zuen.

Mexikar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Anthony Quinn 1988an.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b Principales resultados de la Encuesta Intercensal 2015 Estados Unidos Mexicanos. inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-10).
  3. Orizaba. Sombrilla. University of Texas at San Antonio. p. 23, utsa.edu (Noiz kontsultatua: 2017-10-16).
  4. a b c Merrill, Tim L.; Miró, Ramón. Ancient Mexico. Mexico: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1996., countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).
  5. Merrill, Tim L.; Miró, Ramón. The Aztec. Mexico: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1996., countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).
  6. Vicente Fox, biografiasyvidas.com
  7. a b c d e f The World Factbook: Mexiko. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-10-22).
  8. a b c Censo de Población y Vivienda 2010, censo2010.org.mx
  9. INEGI, cuentame.inegi.gob.mx
  10. a b Comisión Nacional para el Desarrollo de los Pueblos Indígenas. gob.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-23).
  11. Mexico: Ethnic groups. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2017-10-23).
  12. Idiomas hablados en Mexico, ale-lupita.blogspot.com.es
  13. a b c Lenguas indígenas en México y hablantes (de 3 años y más) al 2015, cuentame.inegi.org.mx
  14. Encuesta Intercensal 2015: Tabulados - descarga. inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-15).
  15. Brinkhoff, Thomas. Mexico: Metropolitan Areas. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2017-10-15).
  16. Publicación Mensual de la Estadística Exterior de México. internet.contenidos.inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2016-01-25).
  17. Agave Landscape and Ancient Industrial Facilities of Tequila. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  18. Ancient Maya City and Protected Tropical Forests of Calakmul, Campeche. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  19. Aqueduct of Padre Tembleque Hydraulic System. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  20. Archaeological Monuments Zone of Xochicalco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  21. Archaeological Zone of Paquimé, Casas Grandes. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  22. Archipiélago de Revillagigedo. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  23. Camino Real de Tierra Adentro. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  24. Central University City Campus of the Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM). whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  25. Earliest 16th-Century Monasteries on the Slopes of Popocatepetl. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  26. El Pinacate and Gran Desierto de Altar Biosphere Reserve. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  27. El Tajin, Pre-Hispanic City. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  28. Franciscan Missions in the Sierra Gorda of Querétaro. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  29. Historic Centre of Mexico City and Xochimilco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  30. Historic Centre of Morelia. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  31. Historic Centre of Oaxaca and Archaeological Site of Monte Albán. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  32. Historic Centre of Puebla. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  33. Historic Centre of Zacatecas. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  34. Historic Fortified Town of Campeche. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  35. Historic Monuments Zone of Querétaro. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  36. Historic Monuments Zone of Tlacotalpan. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  37. Historic Town of Guanajuato and Adjacent Mines. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  38. Hospicio Cabañas, Guadalajara. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  39. Islands and Protected Areas of the Gulf of California. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  40. Luis Barragán House and Studio. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  41. Monarch Butterfly Biosphere Reserve. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  42. Pre-Hispanic City and National Park of Palenque. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  43. Pre-Hispanic City of Chichen-Itza. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  44. Pre-Hispanic City of Teotihuacan. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  45. Pre-Hispanic Town of Uxmal. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  46. Prehistoric Caves of Yagul and Mitla in the Central Valley of Oaxaca. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  47. Protective town of San Miguel and the Sanctuary of Jesús Nazareno de Atotonilco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  48. Rock Paintings of the Sierra de San Francisco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  49. Sian Ka'an. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
  50. Whale Sanctuary of El Vizcaino. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal diaspora

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina Uharte Estatubatuarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)