Catalina Bustamante

Wikipedia, Entziklopedia askea
Catalina Bustamante
Bizitza
JaiotzaLlerena
Heriotza1545
Heriotza modua: izurri bubonikoa
Jarduerak
Jarduerakkonkistatzailea, hezitzailea eta proxeneta
KidetzaThird Order of Saint Francis (en) Itzuli

Catalina Bustamante (Llerena, Badajoz, Extremadura, XV. mendea - 1545) Noblezia indigenaren kideak ziren neska eta emakumeentzako eskola edota komentu baten zuzendaria eta irakaslea izateko hautatu zuten Texcocon. Inperio Aztekaren konkistaren testuinguruan, nesken ebangelizazio eta feminitate eredu espainolera egokitzeko hezkuntza bultzatu behar bazuen ere, madame aritzeagatik kaleratua izan zen.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziskotarrak indigenak mendebaldeko eredu kristaura moldatzeko asmoarekin, neska eta mutil indigenentzako barnetegi izaerako eskolak sortu zituzten.[1] Texcoco-ko neska indigenentzako eskolaren bultzatzailea Toribio de Benavente Motolinía izan zen, Texcoco Motolinía-ko komentuaren zaintzailea.[1][2] Izan ere, aurretik zegoen jauregi bat, batzuen ustez, Netzahualcoyitzi-ren jauregia[1][2] eta beste batzuen ustez, Fernando Cortés Ixtlilxochitl-en jauregia[3], komentu modura erabili zuten Pedro de Gante heldu zenetik.[1][2][3]

Frantziskotarrak egoitza martxan jartzeko diru nahikorik ez zutenez, Hernán Cortésengana jo zuten laguntza eske.[1] Izan ere, Texcoco berarentzat hartu omen zuen eta berak 1524ean agindutakoaren arabera, enkomenderoak indigenen hezkuntzaren ardura zuten.[1] Cortések laguntza eman zienez, zenbait kronikalarik eskola berak egin zuela idatzi zuten.[1] 1592an jada Moctezumaren hainbat alaba bertan zeuden.[1]

Neskato eta emakume indigenak hezteko, fraileak emakume espainiarrak bilatu zituzten eta Texcocoko eskolaren kasuan Catalina de Bustamante hautatu zuten.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bustamante, Llerenan jaio zen, gutxi gorabehera 1490an.[4] Frantziskotarren ordenaren kide sekularra zen, eta bere senarrarekin batera, Diego Tinico, Santo Domingora heldu zen, 1514an, alaba eta ilobekin batera.[1][5] Urte batzuk geroago, Espainia Berriko Erregeorderrira mugitu zen senideekin batera.[1]

Texcocoko eskolaren zuzendari eta Espainia Berriko lehenengo emakume irakasle bezala, neska indigenak emakume espainiarren antzera hezteko ardura izan zuen, hau da, gaztelania irakatsi, janzkera aldatu, emakumeen jarduetara egokitu eta kristauen bertuteak irakatsi zizkien, batez ere, ezkontza kristau banaezin eta monogamoaren ereduari zegokiona.[1][2] Zumarragak horrelaxe deskribatzen zuen Bustamente "mujer (...) de nuestra nación, honrada, honesta, virtuosa y persona de muy buen ejemplo".[1][5] Egoitzari dagokionez, 400 bat neska eta emakume hartzeko lekua zuen eta Zumarragak horrelaxe deskribatzen zuen:

En la ciudad de Tezcuco (...) está una casa muy principal, que los padres custodio y guardianes de San Francisco muchos días ha que dedicaron para encerramiento, a manera de monasterio de monjas, y en éste hay una cantidad de doncellas y viudas, hijas de señores y personas principales (...) Que aunque no son monjas profesas, por ser, como son, indias, hay clausura.[3]

Juan Peláez de Berriok, Guaxacako alkate nagusi eta konkistatzailea, hamalau bat urteko bi neskato bahitzeko agindua eman zuen Inés, lurralde haietako emakume bat, eta Luisa, Kubako emakume bat.[3] Bustamante Zumarragaren aurrean agertu zen justizia eske.[1][5] Hilabate batzuk geroago, 1529ko abuztuaren 24ean, Elisabet Portugalgoak, Karlos V.a ordezkatuz, neskato haiek babesteko eskaria luzatu zion apezpikuari.[1] Lehenengo Audientziara beste gutun bat bidali zuen, Catalina de Bustamante babesten zuela esanez eta eskola errespetatzeko aginduz eta erasotzen zuen edozeini bere pribilegio eta inmunitatea kentzeko gaitasuna emanez.[1] Gerora, Elisabet Portugalgoak neskato haientzako eskolak emakume espainiarrez betetzeko lana bere gain hartu zuen eta irakasle berri haiek Bustamanterekin ikastera bidali zituen.[1]

Elisabet Portugalgoaren eskutitza heldu bitartean, Zumarraga, eskola ezagutzen zuena, fray Juan de Rivas (Texcocoko zaintzailea), fray Toribio Motolinía (Huejotzingoko zaintzailea), fray Juan de Padilla eta fray Francisco de la Coruñarekin bildu zen erregeari gutun bat bidaltzeko asmoarekin, eskolak jaso zuen erasoa azalduz eta nesken, eta herrien, ebangelizazioan zuen papera eta eragina azalduz.[1]

Bustamante, egoerarekin konforme geratu ez eta Elisabet Portugalgoarekin hitz egiteko asmoarekin itsasoratu zen berriz ere.[1] 1535ean Indietako Kontseiluaren aurrean agertu zen, non irakasleen beharrak aurkeztu eta emperatrizearen laguntza eskatu eta lortu zuen, berarekin beste hiru irakasle eta hainbat diru eramanez.[1] Pedro Hernández Xerezek 1535eko urriaren 3an zuzendutako bidaian atera ziren.[1]

Bahiketaren epaiketan, testigu aritu zirenek adierazi zutenez, komentua baino, egoitza hura espainiarrek haurdun utzitako neskato eta emakume indigenei zuzendutako egoitza zen, apaizen, Fernando Cortesen eta Berrio bezalako konkistatzaileentzako putetxe bat.[3] Epaiketak eta testigantzek eskandalu handia sortu zuten eta Bustamante kaleratu omen zuten.[3] Zumarragak Bustamente bueltatuz gero harrerarik ez egiteko agindu zuen eta heldu berri zen monja bat jarri zuen egoitza zuzentzen.[3] Berriori dagokionez, atxilotua izan zen eta espetxean hil zen.[3]

Bustamante 1545 hil zen, izurri bubonikoaren ondorioz.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u (Gaztelaniaz) Muriel, Josefina. (2004). La sociedad novohispana y sus colegios de niñas. Tomo I. Fundaciones del siglo XVI. México: Universidad Nacional Autónoma de México. Instituto de Investigaciones Históricas ISBN 970-32-1840-7..
  2. a b c d León Guerrero, Mª Montserrat. (2014). «Visión didáctica de la mujer pobladora en América en el siglo XVI» Revista de Estudios Colombinos 10: 65 - 74..
  3. a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Doesburg, Sebastián van. (2022). Conquista y colonización en Oaxaca. El Juicio de Residencia de Juan Peláez de Berrio (1531-1534). UNAM ISBN 978-607-30-5822-3..
  4. a b (Gaztelaniaz) «Catalina Bustamante archivos» Guías de turismo (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  5. a b c (Gaztelaniaz) Bel Bravo, María Antonia. (2012). «La mujer como generadora de una nueva cultura. Una lectura diferente de la colonización española en América» Hispania Sacra, LXIV 129: 211-235. ISSN 0018-215-X..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]