Hernán Cortés

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hernán Cortés
Hernán Cortés
Datu pertsonalak
Izen osoa Hernán Cortés Monroy Pizarro Altamirano
Jaio 1485
Medellín, Extremadura (Gaztelako Koroa, gaur egun Espainia)
Hil 1547ko abenduaren 2a
Castilleja de la Cuesta, Sevilla (Gaztelako Koroa, gaur egun Espainia)

Hernán Cortés (Medellín, Extremadura, Espainia, 1485 - Castilleja de la Cuesta, Sevilla, Espainia, 1547ko abenduaren 2a) espainiar konkistatzailea izan zen. Francisco Pizarroren lehengusu txikia zen, amaren aldetik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamalau urte zituela aitak Salamancara bidali zuen legeak ikastera. Bi urte geroago, abentura gosez, handik alde egin zuen. 1504ko udaberrian Hispaniolarantz itsasoratu zen. 1511n Kubara joan zen Diego Velázquezen espedizioan.

1518ko azaroaren 18an Santiago de Cubatik abiatu zen, Mexiko esploratzera zihoan espedizio baten buru. Grijalva ibaiaren ahoan Tabascoko maien aurkako guduan (Centlako gudua) nagusitu ondoren, Mexikoko konkistan garrantzi handia izango zuen Malintxe esklabua oparitu zioten. 1519an Veracruz fundatu zuen (Villa Rica de la Vera Cruz, gaur egungo Veracruzetik 70 km iparraldera). Tenochtitlaneko aberastasunen berri izan zuenean harantz jotzea erabaki zuen. Diego Velazkezek Yucataneko esplorazioa amaitu orduko Kubara itzultzeko agindu baitzion, Cortesek uko egin zion Kubako gobernadorearen agintaritzari eta, bere gizonek atzera egiteko modurik izan ez zezaten, itsasontziak hondoratu zituen. Azteken etsai zirela oharturik, itun militarrak egin zituen totonakekin eta tlaxkaltekekin. 1519ko urrian Cholula (gaur egun Puebla estatuan) hartu zuen.

1519ko azaroaren 8an, 300 espainiar eta 3.000 tlaxkaltekekin, Inperio Aztekaren hiriburuan, Tenochtitlanen sartu zen. Cortesek beharturik, Moctezuma II.a enperadore aztekak Karlos I.a Espainiakoaren mendeko izatea onartu zuen.

Kubako gobernadore Diego Velázquezek Cortésen aurkako espedizio bat igorri zuen Mexikora, 1520ko apirilean Veracruzeko portura iritsi zena. Tenochtitlanen 100 lagun inguru gelditu ziren, Pedro de Alvarado buru zutela eta Cortés espedizio horri aurre egitera joan zen. Alvaradok agindutako Tóxcatl-eko sarraskiaren ondoren Tenochtitlaneko aztekak matxinatu ziren eta 1520ko ekainaren 30ean (Gau Triste deitutakoan) espainiarrek ihes egin behar izan zuten. Tlaxcalan tropak berrantolaturik, eta tlaxkaltekekin bat eginik, Cortések Tenochtitlan setiatu eta 1521ko abuztuaren 13an konkistatu zuen. Hiria suntsiturik gelditu zen. Cuauhtémoc, azteken azken enperadorea, preso hartu zuen eta 1525ean, espainarren aurka konspiratzen ari zelakoan, urkarazi zuen.

1522an Karlos Habsburgokoak Espainia Berriko gobernadore izendatu bazuen ere, bere etsaiek azpijokoz kargugabetzea lortu zuten. 1529an erregeak Valle de Oaxaca-ko markes izendatu zuen baino ez zion gobernadore kargua itzuli. Ozeano Bareko kostaldea eta Kaliforniako penintsula esploratu zituen. 1540an Espainiara behin betiko bueltatu zen. 1547ko abenduaren 2an, 62 urte zituela, hil zen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Hernán Cortés