Crocus City Halleko erasoa (2024)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Crocus City Halleko erasoa
Map
Motacoordinated terrorist attack (en) Itzuli
tiroketa masibo
bonba erasoa
masa hilketa
Honen parte daterrorismoa Errusian
Data2024ko martxoaren 22a (iluntze)
Iraupena13 min
KokalekuCrocus City
Crocus City Hall
HerrialdeaErrusia
Helburumasa hilketa, contract killing (en) Itzuli eta Islamic terrorism (en) Itzuli
Honen ondorioadolu egun nazional (2024ko martxoaren 24a)
Pertsona hilak144
Pertsona zaurituak360
ErantzuleIslamic State – Khorasan Province (en) Itzuli (erakunde terrorista)
Dalerjon Mirzoev (en) Itzuli
Saidakrami Rachabalizodu (en) Itzuli
Shamsidin Fariduni (en) Itzuli
Muhammadsobir Fayzov (en) Itzuli
Estatu Islamikoa (erakunde terrorista)
ArmaMolotov koktel
Kalashnikov rifle (en) Itzuli
pistola
aizto

Crocus City Halleko erasoa Moskuko kontzertu-areto horretan 2024ko martxoaren 22an izandako tiroketa, leherketa eta hilketa masiboa izan zen. Bost egun geroago, 140 hildako zenbatu ziren,[1] eta 154 zauritu, zenbaketa ofizialaren arabera. Biktima gehiago espero dira, hala ere. Erasoa Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain. Errusiar segurtasun indarrek hamaika pertsona atxilotu zituzten, ustez erasoan inplikatuak[2]. Ukrainako inbasioaren testuinguruan gertatua, Vladimir Putinek aditzera eman zuen Ukrainak nolabaiteko inplikazioa zuela, baina Ukrainako Gobernuak goitik behera ukatu zuen lotura zuenik erasoarekin[3]. Atentatua Errusiako azken bi hamarkadetako eraso terrorista larriena kontsideratu da.

Atentatuaren bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Crocus City Hall kontzertu aretoa Mosku erdialdetik ipar-mendebaldera zegoen, 20 kilometro ingurura, Krasnogorsk hirian[4]. Segurtasun kameretan ikus daitekeenez, erasotzaileak metrailetak hartuta sartu ziren, tiroka, kontzertu bat hastear zela. Tartean, bi lehergai ere zartarazi zituzten. Horiek sute handia eragin zuten, eraikinaren zati bat kiskaltzeraino.[2] Gainera, sutearen ondorioz antzokiaren sabaia erori egin zen, eta ehun lagun inguru harrapatuta geratu ziren. Zenbait ebakuatu zituzten, baina hainbat gorpu atera zituzten hondakinen artetik. Guztira, 6.200 lagun inguru zeuden antzokian, kontzertuko sarrera guztiak saldu egin baitziren.[2] Bost egun geroago, 140 hildako zenbatu ziren, artean ere 80 pertsona zeuden ospitaletan, eta beste 205ek kanpo tratamendua behar zuten suspertzeko.[5]

Erasotzaileen pertsekuzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erasoaren harira, FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak hamaika pertsona atxilotu zituen; tartean, antzokiko tiroketan ustez parte hartu zuten laurak. Bryansk eskualdean atzeman zituzten martxoaren 23ko goizean, Moskutik 340 bat kilometrora hego mendebalderantz. Vladimir Putin Errusiako presidentearen arabera, hamaika atxilotu horietatik, lau pertsonak egin zituzten erasoak, baina beste zazpi izan zituzten laguntzaile. Haren esanetan, erasotzaileak Ukrainara ihes egiten ari ziren, eta gogor mintzatu zen erantzuleen kontra, mendekua aginduz eta erasotzaileak piztiekin parekatuz.[2]

Biharamunean adierazi zen bost gizon omen zirela erasotzaileak, 19, 21, 29, 37 eta 51 urtekoak eta Errusiako Jaroslavl, Ivanovo eta Samara eskualdeetan bizi zirenak, Errusiako informazio iturrien arabera.[6] Errusiar blogarien zenbait bideotan, segurtasun indarretako itauntzaileak ustezko erasotzaileak torturatzen agertzen ziren, tartean zela horietako bati belarria moztu eta ahoan sartzea, edo haietako bat elurretan etzana zegoela jipoitzea, besteak beste. Bi ustezko erasotzailek martxoaren 24an deklaratu zuten auzitegian[7] jipoituak izatearen zantzu argiekin.[8]

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errusiak Ukrainako azpiegituraren kontrako eraso masiboa egin zuen, misilak eta droneak erabiliz, tartean baliatuz ere misil ultralasterrak. Hori Errusiako presidentetzarako hauteskundeetako Ukrainaren beste eraso batzuei erantzunez egin omen bazuen ere,[9] aldi berean Putinek eman zuen aditzera estatu hori inplikaturik zegoela Ukraina Crocus City Halleko erasoan.[10] Putinek Errusia Ukrainarekin gerran zegoela adierazi zuen, lehen aldiz Ukrainako inbasioa hasi zenetik.[11]

Nazioartean, NBEren Segurtasun Kontseiluak gogor gaitzetsi zuen erasoa, «ikaragarria eta koldarra» deituz. Berdin egin zuen NBEko idazkari Antonio Guterresek. Farah Dakhlallah NATOko bozeramaileak irmo gaitzetsi zuen atentatua, eta hari buruzko edozein justifikazio baztertu; hildakoen senitartekoei elkartasuna adierazi zien. Txinako Xi Jinping presidenteak, berriz, doluminak adierazi zizkion Putini, atentatua erabat gaitzetsi, eta Errusiak bere burua babesteko duen eskubidea gogora ekarri.[12]

Antony Blinken AEBko estatu idazkariak eraso odoltsua salatu, eta berretsi zuen Washingtonek “era guztietako terrorismoa” gaitzesten zuela. Antzeko jokatu zuen EBk, "hunkiturik eta asaldaturik" zegoela adieraziz, eta erasoa gaitzetsiz.[12] Ukrainak ukatu egin zuen zerikusirik zuenik, eta Volodimir Zelenski presidentea haserre agertu zen Errusiak lotura hori egitearren. Putin eta Moskuko beste batzuk "doilortzat" eta "zabortzat" jo zituen, eta 2022an hasi inbasioan Ukrainara ehun milaka "terrorista" igortzea leporatu zion.[13]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2024ko martxoaren 7an, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB) jakinarazi zuen Estatu Islamikoari lotutako zelula terrorista bat neutralizatu zuela, Moskun sinagoga bati eraso egin nahi zioenean[14]. Hurrengo egunean, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko enbaxadek, Moskun, ohar txiki bat bidali zieten hiritar egoiliarrei atentatu arriskuaz ohartarazten[15].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Moscow concert hall attack deaths rise to 140 – DW – 03/27/2024» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  2. a b c d Otaegi Leonet, Julen; Garmendia Etxeberria, Aitor. (2024-03-23). «Gutxienez 133 dira Moskun hildakoak, Estatu Islamikoak bere gain hartu duen erasoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  3. «Hainbat hildako eta dozenaka zauritu Moskun gertatutako tiroketa batean» Berria 2024-03-22 (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  4. (Gaztelaniaz) «Elevan a 137 el número de muertos y a 180 el de heridos en el ataque terrorista en Moscú» elDiario.es 2024-03-24 (Noiz kontsultatua: 2024-03-26).
  5. (Ingelesez) «Moscow concert hall attack deaths rise to 140 – DW – 03/27/2024» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  6. «133 hildako, 120 zauritu eta 11 atxilotu, Estatu Islamikoak Moskun egindako atentatuarekin lotuta» EITB 2024-03-23 (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  7. (Ingelesez) Roth, Andrew; Sauer, Pjotr. (2024-03-24). «Two suspects in Moscow concert hall terror attack appear in court» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  8. (Ingelesez) «Four men showing signs of severe beating charged over Moscow concert attack» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-28).
  9. «Russia stages major airstrike on Ukraine; one missile enters Polish airspace» Reuters 2024-03-24.
  10. (Ingelesez) Sauer, Pjotr. (2024-03-23). «Moscow terror attack: Putin says all four gunmen held as death toll reaches 133» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  11. (Ingelesez) «Russia is in a ‘state of war’ in Ukraine, Kremlin says for the first time» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-25).
  12. a b (Ingelesez) «‘Heinous, cowardly’: World reacts to attack on Moscow concert hall» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  13. (Ingelesez) Zelensky hits back after Russia links Ukraine to Moscow attack. 2024-03-24 (Noiz kontsultatua: 2024-03-24).
  14. (Ingelesez) «Russia says it thwarted planned attack on synagogue – DW – 03/07/2024» dw.com (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).
  15. Iporre, Nicole. (2024-03-08). «Embajadas de Estados Unidos y Reino Unido advierten peligros en Moscú por “ataque terrorista inminente”» La Tercera (Noiz kontsultatua: 2024-03-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]