Drama

Wikipedia, Entziklopedia askea

Drama antzerkiaren generoa da, Antzinako Greziatik datorrena. Halaber, literatura eta zinemarena ere bada. Tragediako eta komediako elementuz osatzen da, baina antzerkia bera izendatzeko ere erabili ohi da.

Dramak, berez, lotura handia du ahozko literaturarekin, eta testu dramatiko idatziaren eta antzerki-emanaldiaren arteko harremanak finkatzea ez da beti gauza erraza. K.a. V. mendeko Greziako dramagileen testuetatik, ondorengo kopiatzaileek bildutako laburpenak besterik ez dira iritsi. Beraz, esateko edo abesteko hitzen eta antzerkiko gainerako elementuen (mugimendu, agertoki, jantzi, musikaren) arteko harremanak zehaztea zaila da. Dramagilearen idazkeran oinarrituta, zenbait datu lor daitezke, baina, gehienetan, bestelako ikerketak egin behar dira osagai horietaz zerbait jakiteko. Ingalaterrako Errenazimentu garaiko drametan ez zen hasieran testurik argitaratzen, baina lanen garrantzia areagotu ahala hasi ziren drama-liburuak kaleratzen. XIX. mendetik aurrera batez ere, testu idatziaren ondoan, agertokiaz, antzezleen mugimenduez eta antzezleen itxuraz oharrak idazten hasi ziren. Testu horiek literatura-lan nagusi bilakatu ziren zenbaitetan: Oresteren zikloa, Lear Erregea, Peer Gynt. Hala ere, erraz ahazten da idazkera-mota hori zenbait ahotsentzat egina dela, eta ekintzak adierazteko gainera. Greziarren drametan, itzulpenak direnean batez ere, maiz falta dira koruek eta antzezleek abestu behar zituzten zatiak. Gauza bera gerta daiteke, galduak egotea alegia, mugimenduekin eta antzezleen arteko harremanekin zerikusia duten oharrekin. Esandakoaren arabera, ahozko literaturak eta dramak zerikusi handia dute, baina, hala ere, literatura dramatikoaren barruan sartuak daude drama nagusiak.


Kultura Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Drama Aldatu lotura Wikidatan