Eguzkiaren Harria

Koordenatuak: 19°25′34″N 99°11′15″W / 19.4262°N 99.1875°W / 19.4262; -99.1875
Wikipedia, Entziklopedia askea
YiFeiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:14, 20 otsaila 2016
Eguzkiaren Harria Mexikoko Antropologia eta Historiaren Museo Nazionalean, Mexiko Hirian.

Eguzkiaren Harria (gaztelaniaz Piedra del Sol) kosmogonia aztekari eta eguzki gurtzei buruzko idazkunak dituen basaltozko disko bat da. Modu arruntean eta oker Azteka egutegia deitzen da. Ziuraski cuauhxicalli (ontzi zeremonial bat) edo temalacatl edo gladiatore sakrifiziozko aldare bat izan zen, Tlacaxipehualiztli izeneko jai aztekarekin zerikusia zuena. 3,6o metroko diametroa, 122 zentimetroko sendoera eta 24 tonako pisua ditu.

Ziur asko nahuatlez Ollin Tonatiuh deitua izan zen, "Mugimeduzko Tonatiuh" edo "Mugimenduzko Eguzkia" esan nahi duena. Deitzeko era honek kosmogonia aztekaren arabera Bosgarren Eguzkiaren aroa amaitzea espero den moduarekin zerikusia du. Aurreko laurek, horietako bakoitza amaituko zen modua zeramaten izen bezala; Ollin Tonatiuh lurrikara sail batzuekin amaituko zela esaten da.

Historia

Eguzkiaren Harria kontserbatzen den kultura aztekako monolitorik antzinakoenetako bat da, bere zizelkatzea 1479 inguruan datatu zelarik. Mexiko-Tenochtitlaneko Tenplu Nagusian, ziur aski toki garrantzitsu bat bete zuen Quauhxicalco izeneko tenplu baten gainean jarria. Berriki lurreko jainko-jainkosa den Tlaltecuhtliren monolitoa aurkitu aurretik, 4 metro gari eta 3,57 metro zabal dena, eta gaur egun zaharberritze eta salbamendu prozesuan dagoena, Eguzkiaren Harria handiena zela uste zen.

Mexikoren konkista burutu zenean bota edo lurperatu egin zen eta hala jarraitu zuen Mexiko Hiriko Konstituzio Plazan, El Zócalo bezala ere ezagutzen denean, Mexiko Hiriko plaza nagusia dena, aurkitua izan zen arte 1790eko abenduak 17an. Katedral Metropoliarraren albo batean jarri zen. XIX. mendearen amaieran Moneda kaleko arkeologia museora eraman zen eta 1964an Mexikoko Antropologia eta Historiaren Museo Nazionalera, bertan museo honetako azteka aretoa presiditzen zuelarik eta zenbait txanpon mexikarretan irudikatua dagoelarik.

Deskribapena

Bere azala estaltzen duten eskultura motiboak dirudienez kosmogonia azteka konplexuaren laburmen bat dira.

Erdiko diskoa

Monolitoko lehen bi zirkuluen xehetasuna.

Monolitoaren erdian Tonatiuh eguzki jainkoaren aurpegia agertzen da "mugimendu" (Ollin) zeinuaren barnean, bere bi eskuekin, bakoitza eskumuturreko batekin, begi bat eta bekain bat, ezin baitzaio ezer ezkutatu. Gainera, esku bakoitzean, bere errapeek giza bihotz bat heltzen dute, eta bere mihia sukarrizko aizto bat bezala irudikatua dago, eguzkiaren mugimenduak jarrai dezan sakrifizioen beharra adieraziz.

Lau aroak

Erdian dagoen jainkoa inguratzen duten lau karratuak egungo Bosgarren eguzkiaren aurretik egon ziren lau eguzkiak irudikatzen dituzte.

  • Goiko eta eskuineko karratuan 4 Jaguarra irudikatzen da, lehen aroa amaitu zen eguna, 676 urteren ondoren, lurraren erraietatik jendea irentsi zuten munstroak irtetean. Lur elementua irudikatzen du.
  • Aurrekoaren ezkerrean 4 Haizea dago, 364 urteren ondoren urakan erako haizeek lurra astindu zutela eta hil ez zirenak tximu bihurtu zituztela gogorarazten duena.
  • Aurrekoaren azpian 4 Euria dago. Mundu honek 312 urte iraun zuen, eta bertan bizi izan zirenak hil egin ziren edo guajalote bihurtu ziren suzko euri baten ondoren. Su elementua irudikatzen du.
  • Beheko eta eskuineko karratuan 4 Ura dago, gure munduaren ataria, 676 urte iraun zuena eta bertan bizi izan zirenak urek harrapatuta hil eta arrain bihurtu zirenean amaitu zen.

Puntu kardinalak

Gainera, erdiko diskoak puntu kardinalen zeinuak ditu Aroen zeinuen artean kokatuak: Iparraldea, 1 Sukarria zeinua, Hegoaldea, 1 Euria, Ekialdea, Xiuhuitzolirekin, zeinu heraldiko bat eta Mendebaldea, 7 Tximua zeinuarekin.

Lehen eraztuna

Ollin, Tecpatl, Quiahuitl eta Xochitl zeinuak. (kolore faltsua, erlojuaren orratzen aurkako zentzua.)

Hurrengo koroa azteken egutegi sakratua den Tonalpohualliko izendatutako hogei egunen piktogramak osatzen dute, erlojuen orratzen aurkako zentzuan.

Honako hauek dira: Cipactli, Ehecatl, Calli, Cuetzpallin, Coatl, Miquiztli, Mazatl, Tochtli, Atl, Itzcuintli, Ozomatli, Malinalli, Acatl, Ocelotl, Cuauhtli, Cozcaquauhtli, Ollin, Tecpatl, Quiahuitl eta Xochitl.

Bigarren eraztuna

Bigarren koroak zenbait sekzio karratu ditu, bost puntu dituen sekzio bakoitzean bost eguneko asteak irudikatuta daudela uste da. Harria zortzi zatitan banatzen duten beste hainbeste angelu ere badaude. Hauek, uste denez, puntu kardinaletarantz begira dauden eguzki izpiak irudikatzen dituzte.

Hirugarren eraztuna

Harriaren zatirik baxuenean bi suzko suge daude, Xiuhcoatl, harria inguratzen dutenak eta jainkoa zerutik daramatenak, bata bestearen aurrean. Euren gorputzak sekzioetan banatuak daude, su garrak eta jaguar atalak irudika ditzaketenak. Sekzio hauek 52 urte ziklo irudika ditzakete: azteka mendea 52 urtez osatua zegoen, urte zibila eta sakratuaren hasierak bat egiten zuten bakoitzean.

Monolitoaren goiko zatian, sugeen isatsen artean zizelkaturiko karratu batek 13 Acatl data irudikatzen du. Honek 1479. urteari dagokiola uste da egutegia osatu zen urtea.

Erliebearen muturretan elkarrengandik distantzia berdinera dauden zortzi zulo daude, beste hainbeste konstelazio ezberdin irudikatzen dituztenak.

19°25′34″N 99°11′15″W / 19.4262°N 99.1875°W / 19.4262; -99.1875
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eguzkiaren Harria Aldatu lotura Wikidatan