Ehiztari-biltzaileak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
San herriko kide bat, egungo ehiztari-biltzaileen adibidea.

Ehiztari-biltzaileak dira landare eta animalia jangarrietatik elikadura nagusia eskuratzen duten gizarteak, gehienetan ibiltariak direnak. Nolanahi ere, ehiztari-biltzaileen eta beste jendarte mota desberdinen arteko aldea garbi zehaztea zaila da, zeren egungo zein lehengo gizarte frankok ehiza-bilaketa eta beste estrategia batzuk (landareak edo animaliak etxekotzea) batera erabiltzen baitituzte.

Gizakien lehenengo ekonomia mota ehiztari-biltzailea izan zen. Alabaina, K. a. 8000 inguru hainbat tokitan (Mesopotamia eta Txinan) eta geroago beste toki batzuetan nekazaritza (eta geroxeago abelzaintza) sortu zen, Neolitoko Iraultza deritzon prozesuan. Sorleku horietatik emeki-emeki zabalduz joan zen gizarte horien elikadura etxekotutako animaliengan eta landareetan oinarritu arte. Hala eta guztiz ere, nekazaritza-abelzaintzaren eredua ez zen leku guzti-guztietan nagusitu, batzuetan zenbait ehiztari-biltzaile isolaturik bizi zirelako (Amazoniako zenbait triburekin gertatu den bezala), eta beste batzuetan, eredu berria iritsita eta ezagututa ere, ehiztari-biltzaileek hala nahi ez dutelako (iparraldeko Australiako hainbat aborijenekin gertatu den bezala).

Gaur egun ehiztari-biltzaile bakan batzuk (gero eta gutxiago) geratzen dira Afrikan edo Ginea Berrian.