Entziklopedismo

Wikipedia, Entziklopedia askea

Entziklopedismoa Entziklopedia frantsesaren egileen eta jarraitzaileen ideologia da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazoia da entziklopedismoaren oinarria eta funtsa, ideologia horrek arrazoia hartzen baitzuen, esperientzia enpirikoarekin batera, jakintza iturri bakartzat. Arrazionalismoa eta enpirismoa, hala ere, entziklopedismoaren aurrekoak dira berez, eta Descartes eta Locke dira filosofia joera horien bultzatzailerik ezagunenak. Entziklopedistek, ordea, jaso zuten bi filosofo handi haien ondarea, eta beren filosofiaren muin eta gune bilakatu zuten. Erlijioari dagokionez, deismora jo zuen entziklopedismoak; filosofo gehienek aitortzen zuten Jainko goren guztiahalduntzat, arrazoiak hartara eramaten baitzituen, baina horretara mugatzen ziren eta Jainkoari ez zioten eginkizun jakinik ematen mundu honetan. Hala ere, ez ziren entziklopedista guztiak bat etorri gai horretan, entziklopedismoaren barnean izan baitziren filosofo materialistak ere; Maupertuis, La Mettrie eta Helvétius, besteak beste.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entziklopedismoak berebiziko garrantzia aitortu zien zientziei, izadiaren azterketari, batez ere. Politikan ideologia burgesaren eragile eta suspertzaile izan zen entziklopedismoa; hala, indibidualismoa, gizatasuna, gizonaren askatasuna, anaitasuna eta berdintasuna aldarrikatzen zituen. Maila horretan, Rousseau izan zen pentsalari adierazgarriena, eta entzute handiko liburu bat idatzi zuen. Le Contrat social (1762); izenburuak berak dioen bezala, “gizarte ituna” proposatzen du bertan. Hala ere, entziklopedista gehienak Rousseauren utopiak baztertu eta gobernu zorrotz baten aldekoak izan ziren; haien ustez, gobernuburuak herriaren alde egin behar zuen gogor filosofoen kontseiluez eta laguntzaz. Frantziako iraultzak entziklopedismoaren ideologia bere egin zuen, eta haren egitasmo nagusiak gauzatu zituen: Frantziako iraultzaren xedea labur biltzen duten hiru esapide ospetsuak, liberté, egalité, fraternité, indibidualismoaren adierazpide baitira, eta indibidualismoa ideologia burgesaren eta entziklopedismoaren muina da, orobat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]