Eraikuntzako zurgintza mudejarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Eraikuntzako zurgintza mudejarra
Arozkintza eta Mudéjar architecture (en) Itzuli
Kokapena
Estatu burujabe Espainia

Eraikuntzako zurgintza mudejarra arkitekturako eta arotzeriako teknika bat da (gazteleraz, Carpintería de lo blanco terminoarekin ezaguna), zurezko sabaiak eta teilatu zurajeak egiteko erabiltzen zena, arte mudejarrean ohiko. Arte estilo hori jatorri musulmaneko artisau eta artistek garatu zuten Erdi Aroan eta Errenazimenduan Espainiako eliza eta eraikin kristauetan, Iberiar penintsulan, bereziki Aragoiko eta Gaztelako erresumetan.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurgintza mota honen jatorria arte mudejarrean dago. Iberiar penintsulako eskulangile mudejarrak, Erdi Arotik Pizkunderaino, musulmanak izan ziren, konkistatutako lurraldeetan egoteko baimena izan zutenak; beraz, kristauek birkonkistatutako lurraldean bizi izan ziren, nahiz eta moreria edo aljama izeneko auzoetan bananduta eta haien kontrol politikoaren pean

Hainbat hamarkadatan, kristauen eta musulmanen arteko kultura- eta arte-trukea eta -nahasketa gertatzen da; horren ondorioz sortuari arte mudejarra deitzen zaio, eta Erdi Aroko eta Errenazimentuko Espainia kristauaren arte-adierazpen bereizgarrienetakoa da.

Arte mudejarreko lanak enkargatu eta ordaintzen dituztenak kristauak izan ohi ziren; beraz, haien lanetako funtzionaltasun arkitektonikoa eta tipologikoa kristaua da, baina ezagutza eta lan-sistema islamiarra da, eta, mudejarren egoera soziala menpekoa denez, eskulana eta materialaren prezioa oso eskuragarriak ziren. Elementu apaingarri eta apaingarri abstraktuak nabarmentzen dira, jatorriz islamiarrak, mudejarran zurgintza lanak bereizten dituztenak.

Alderdi formalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diego López de Arenas, Breve compendio de la carpintería de lo blanco y tratado de alarifes, 1727ko edizioa, 1633koaren ondorengoa.

Zurgintza forma hauen konplexutasuna hain da handia non modaz kanpo pasa zirenetik, haien eraikuntzaren gaineko ezagutza erdi galdua zegoen. 20. eta 21. mendeko arkitekto eta zurginek berreskuratu dute jakintza hori, aproba formalak eginez, batez ere 17. mende hasierako zurgin baten liburuan oinarriturik: Diego López de Arenas delako baten 1633. urteko Breve compendio de la carpintería de lo blanco y tratado de alarifes liburuan azaltzen da sabai hauen eraikuntza. López de Arenas bera alarife bat zen, arte-maisu bat izendatzeko termino mudejarra[1].

Kasetoidurako lanekin alderatuta, zurarekin egindako formek filigranak konplexuagoak izan ohi dira sabai mudejar haietan. Era berean, kasetoidurak eta kasetoiak oro har sabai eta forma laukizuzenetan ikusten diren bezala, zurgintza mudejarrak kupulak, ertzak, eta angelu anitzeko fornak betetzen dituzte sabaietan. Kasetoiduraren gaztelerazko izena artesonado da, artesa edo oremahai bat buelta emandako itxura ematen duelako sabaiak: aldiz, mudejarren sabaietan forma aniztasuna ikusgarria da. Gaztelerazko terminoa ere, carpintería de lo blanco, bereziki desberdina da aurrekoarekin alderatuta, eta etimologikoki pixkat misteriotsua ere, nahiz eta zur argi edo zuriak erabiltzearekin erlazionatua egon daiteke[1]. Hala ere kasetoiduretan lan mudejarrak ere badaude, artesa edo oremahai irauliaren formako sabaian, alarifeen zurgintza lan tipikoak.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hedapen geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako Moraña eskualdean biltzen dira obra gehien zurgintza honetakoak, kalitate handikoak asko; izan ere, XV. mende amaieratik eskualde honetako hasitako pinudien basoberritze-politikari lotuta egon zen zuraren erabilpena artelanetarako. Eskualdean, Cantiverosko korua, Narros del Castilloko sotoa edo Flores de Ávilako elizako tribuna originala nabarmentzen dira.[2]

Zamorako Villamayor de Campos herrian zurgintza mota honen interpretazio zentro bat dago, inguruko Tierra de Campos eskualdean 17 elizatan era honetako lanak daudelarik[3].

Atzerrian arpilaketaren ondorioz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1900 eta 1930 urteen artean, era honetako sabai asko harpilaketaren biktima izan ziren. Arte aditu estatubatuar batek, Arthur Bynek, hainbat tokitako sabaiak desmontatu eta bereziki AEBetara bidali zituen[4][5].

Esate baterako, Teruelgo sabai mudejar bat William Randolph Hearst AEBetako hedabideetako oligarkaren etxaldean dago, Kalifornian. Mexikoko Garza familiak, Monterrey inguruan, pabilioi parea eraika ditu San Pedro Garza García herrian, sabai mudejarrei toki egiteko. Gaztelako Almagro herriko 16. mendeko sabai bat hango La Milarca etxean jarria dago, adibidez.

Frantzian kokatuko zen Maquedako dukearen familiak ere Loirako gaztelu batean, Villandrykoan, beste sabai mudejar bat jarria dauka[5].

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitateko sabai mudejarra.

Gipuzkoan dokumentaturik badaude sabai pare bat estilo honetakoak. Bat Azkoitiko Floreaga jauregian dago[6], eta bestea Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean[7]. Bien eraikuntza Zuazola familiako pertsonaiei lotua dago, biak oso lotuak Gaztelako Erresumako agintearekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b (Gaztelaniaz) Enrique. LA CARPINTERIA DE LO BLANCO A TRAVES DE LA IMAGEN | Enrique Nuere. (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  2. Maria Luz González Canales (2005), "El arte mudéjar en tierras de Ávila”, Revista La cuna de Teresa. Asociación Cultural Santa Teresa de Gotarrendura (Ávila)' ', año IV, n.º 39, Febrero de 2005. D.L.: AV.185-05.
  3. (Gaztelaniaz) «Centro de Interpretación de la Carpintería de lo Blanco» Portal de Turismo de la Junta de Castilla y León (Noiz kontsultatua: 2022-06-23).
  4. LOS CIELOS ESPAÑOLES. Documental RTVE. (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
  5. a b (Gaztelaniaz) Marisa, Ana. (2020-01-08). «José Manuel Herraiz e Isabel Soria presentan 'Los cielos españoles'» Secuenciadas (Secuenciadas.es) (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
  6. Santana, Alberto. LA ARQUITECTURA SINGULAR DEL PALACIO FLOREAGA (AZKOITIA) Alberto Santana Ezkerra. (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).
  7. (Gaztelaniaz) Universidad Sancti Spiritus – Oñati. (Noiz kontsultatua: 2022-06-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]