Espainia-Frantziako mugaren itxiera (2020-2021)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Espainia-Frantziako mugaren itxiera (2020-2021) 2020ko urriaren 5etik 2021eko urtarril erdialdera ezarri zuen Emmanuel Macronen Frantziako Gobernuak, alerta antiterrorista baliatuz. Ondorioz, kontrol zorrotzak ezarri ziren Pirinioetako mugaz gaindiko errepide nagusietan, eta bigarren mailako bideak moztu ziren. Horren arrazoitzat Europaz kanpoko migrazio fluxu arautu gabeen handitzea eta bere mugen kontrola aipatu zuen gobernuak, aditzera emanda etorkinen oldeak terroristak sartzeko eta atentatuak egiteko arriskua zekarrela. Alerta antiterrorista beste estatu batzuekin ere aplikatu zuen; Austriak eta, lehenago, Britainia Handiak, Belgikak eta Italiak sartu zuten indarrean.[1] Ixteko erabakia Frantziako agintariek Espainiakoekin bat etorriz hartu zuten. Itxiera horrek ez zien eragin anbulantzia, suhiltzaile eta segurtasun indarretako kideei.[2] Mugaren kontrol horrek kolokan jarri zuen Schengen eremua eta Europar Batasuneko herrialde horietan askatasunez mugitzeko askatasun printzipio historikoa.[1]

Ibardingo muga Lapurdi eta Nafarroa Garai artean, atzealdean Larrun duela
Pausu-Behobiako estatu arteko muga zubiko polizia kontrol iraunkorra (2021eko uda)

Mugaren itxiera Frantziako zein Espainiako COVID-19 pandemiari loturiko itxiera perimetralen eta salbuespenezko neurrien erdian gertatu zen; izan ere, muga 2020an ere itxi zen, COVID-19aren kontrako isolamendua eragiteko, kalteak eraginez, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko ordezkarien hitzetan.[3] Euskal Herrian, "alerta terrorista" zela eta, Frantziako estatuak mugaz gaindiko zortzi pasabide itxi zituen.[4] Ondorioz, ordurako mugaz gaindiko harremanek eta merkataritzak kolpe gogorra jasan bazuten, itxierak haustura horiek areagotu zituen. Gainera, Euskal Herriko pertsona kaltetuek eta herri mugakideetako ordezkariek eszeptizismoa agertu zuten neurri horri buruz eta, aldiz, nabarmendu zuten gogaita zabaltzen zuela eskualdeko herritarren artean.[5] EH Bai eta EH Bildu kritiko mintzatu ziren mugen itxierarekin. Agiri batean salatu zutenez, itxierak erakusten du Frantziako eta Espainiako estatuek gaitasuna dutela Euskal Herriaren barne bizitza «konplexurik gabe» baldintzatzeko edo «zuzenki eten egiteko».[5]

Euskal Herrian, mugaz bi aldeetako ohiko eskualdeko lan, familia eta kultura harremanetan ere ondorio kaltegarriak eragin ditu eskualde arteko joan-etorriak egiten dituzten herritarrentzat, protestak ere piztuz. Euskal Hirigune Elkargoko Jean-René Etxegaraik gutun bat zuzendu zion Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari 2021eko martxo erdialdera, mugak ireki zitzan. Nafarroako Gobernuak, halaber, mugako murrizpenak malgutzea galdegin zion prefetari.[4] Bada, martxoaren 25ean, prefetak adierazi zuen Sarako, Lizuniagako eta Lizarrietako lepoak irekiko zituela, Lapurdi eta Nafarroa Garaiaren artean. Aldiz, azaldu zuenez, Hendaia eta Hondarribia lotzen dituen itsasoko joan-jinkariak, Hendaiako merkantzia zubiak, Izpegiko lepoak, Aldudeko ibarrak eta Iturzaetako lepoak itxirik jarraituko zuten.[4]

2020ko azaroan mugen itxiera iragartzeko Macronek Kataluniako mugara, Le Perthusera egin zuen bidaian, Frantziako presidenteak adierazi zuen kontrolak estutuko zituela Europako herrialde guztiekin, eta 4.800 polizia, jendarme eta militarrek zainduko zutela muga. Gainera, "mehatxu terrorista" islamista aipatu zuen, eta "Schengen sakonetik birsortzeko" asmoa. Mugen itxiera Nizako labankada hilgarrien eta Yvelinesko buru mozketen ondoren agindu zen.[1] 2021eko martxoaren 22an, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Frantziak ezin zuela alerta antiterrorista erabili migratzaileak Espainiara kanporatzeko, itzularazteko jarraibidea (Europako) "barne mugetan" aplikatzen ez delakoan.[6]

Epaiak muga irekitzen joatea ekarri zuen, artean bertako kontrolak kendu gabe. 2021eko azaroan, Zaraitzu, Zuberoa eta Erronkariko herritarrak, artean, Larraineko eta Iturzaetako lepoetan elkarretaratu ziren muga itxierek bizikidetzan eta askotariko harremanetan sortzen zieten eragozpenak eta zailtasunak salatzeko.[7] 2022ko urriaren 22an, Alain Roussetek, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko presidenteak muga guztiz irekitzeko erreklamatu zien Frantziako estatuko agintari nagusiei; izan ere, garai horretan, artean itxita jarraitzen zuten Hendaiako oinezkoen zubia, Izpegiko, Larraineko eta Aldudeko igarobideak, eskualdeotako gizarte- eta ekonomia-arlorako kalteak gogora ekarriz.[8]

Hurrengo hilabetean, elkarretaratzea egin zen Irun-Hendaiako Avenida Zubiko itxiera eta etorkinak igarotzeko eragozpenak salatzeko; sinbolikoki, bertaratuek muga hesiak kendu zituzten denbora batez.[9] 2023ko otsailean, Euskal Herrian lau igarobidek itxita jarraitzen zuten ofizialki; Baigorrin eta Urepelen, ordea, ez zen agindua betetzen.[10] Prefeturak ekainean adierazi zuenez, mugak irekitzearen arrazoia mugaren inguruan dabiltzan frantses-espainiar polizia-patruilak sortzea izan zen.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Gaztelaniaz) Avignolo, María Laura. (2020-11-05). «Francia endureció el control de las fronteras por temor a nuevos ataques terroristas» www.clarin.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  2. (Gaztelaniaz) «Francia cierra otros cinco pasos fronterizos con España por Catalunya» La Vanguardia 2021-01-08 (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  3. Erremundegi Beloki, Ekhi. «Mugaren itxiera, auzitan» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-21).
  4. a b c Orzaiz, Oihana Teyseyre Koskarat-Ion. «Mugako hiru pasabide irekiko ditu Eric Spitz prefetak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  5. a b Beloki, Ekhi Erremundegi. «Mugak besteek jarriak direnekoa» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-03-25).
  6. Press, Europa. (2019-03-22). «El TUE dice que Francia no puede usar los controles fronterizos por alerta terrorista para devolver migrantes a España» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-27).
  7. «Zuberoa, Erronkari eta Zaraitzuko herritarrek mugak irekitzea aldarrikatu dute» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-11-30).
  8. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-10-22). «Alain Rousset, presidente de la Eurorregión, pide la reapertura de la muga» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-10-22).
  9. «Frantziak mugak ireki arte, migratzaileen eskubideen aldeko olatua handitzen doa» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).
  10. «Ipar eta Hego Euskal Herria batu, eta Frantziako Gobernuak itxi dituen pasabideak irekitzeko tenorea» EITB 2023-02-15 (Noiz kontsultatua: 2023-02-16).
  11. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-06-05). «La Prefectura vincula la reapertura de la muga a la creación de patrullas franco-españolas» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-06-05).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]