Frantziako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Frantziako historia
060806-France-Paris-Notre Dame.jpg
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aroa Modernoa
Aroa Garaikidea
Zerrendak

Frantziako historia gaur egungo Frantzia Europako estatuaren lurraldearen historia da. Frantzia izena 1190 inguruan agertu zen lehen aldiz, Philippe Auguste-ren kantzilertzak rex Francie rex Francorum tituluaren ordez erabiltzeari ekin zionean. Lurraldea, 1204tik, regnum Francie (Frantziako erresuma) deitzen hasi zen.

Edonola ere, gizakiak egungo Frantziako lurraldean askoz aurretik bizi ziren. Paleolitotik badaude giza-taldeak. K. a. lehen milurtekotik, zeltak, erromatarrak eta germaniarrak, batik bat frankoak, finkatu ziren Galia deitutako lurralde horretan.

K. o. bigarren milurtekoaren hasieratik, kapetar leinuak ziurtatu zuen herrialdearen batasuna. Monarkia desagerrarazita, Iraultzak politika eta administrazio arloetan lortu zuen batasuna. Aro garaikidean, gatazka odoltsuetan babestu da batasun hori, kulturan ere batasuna lortu ahala.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neandertalak Frantzian K. a. 200.000 inguruan kokatzen hasi ziren, baina duela 30.000 bat urte desagertu ziren, ziurrenik eguraldi hotzeko garaian Homo Sapiens Sapiens, gizaki modernoarekiko lehia zela eta. Lehendabiziko Homo Sapiens Sapiens Europan (baita Frantzian ere) duela 50.000 urte inguru sartu ziren.

Neolitotik Brontze Arora arte, proto-indoeuroparrak eta proto-zeltak Europako mendebaldean zehar sakabanatu ziren. Burdin Aroko azken etapetan, La Tene kultura garai historikoetako zeltar kultura bilakatu zen.

Erromatar Garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek geroago deituriko Galia (egungo Frantzia, Belgika eta Alemaniako zati bat) Galiako zeltan mintzatzen ziren zeltek okupatuta zegoen gehienbat. Garonatik hegoaldera, baina, euskararekin lotuta zegoen hizkuntzan, akitanieraz, hitz egiten zuten herriak zeuden. Zeltek Lutetia Parisiorum (Paris) eta Burdigala (Bordele) hiriak, besteak beste, fundatu zituzten, akitaniarrek Tolosa (Tolosa Okzitaniakoa) fundatu zuten bitartean.

Erromatarrak etorri aurretik, greziarrak etorri ziren, eta Massalia (Marseille) eta Nicaea (Niza) hiriak fundatu zituzten. Haien bidez, salerosketak areagotu ziren. Galiarrek akitaniarren, germaniarren eta erromatarren kontra egin zuten borroka usu. Hanibalek mertzenario galiarrak hartu zituen bere alde egiteko Italia inbaditu zuenean.

Erromatarren menpe geratu zen aurreko Galiako lurraldea Proventza izan zen, K. a. 121ean. Baina Galiako biztanleak Julio Zesarrek menderatu zituen gupidagabe, nahiz eta Vercingetorix buruzagiak aurre egin eta Gergoviako batailan garaile atera. Alesian erromatarrek gailendu zituzten.

Hainbat probintziatan bananduta, erromatarrek ere hiriak fundatu zituzten Galian: Lugdunum (Lyon) edo Narbonensis (Narbona). Galiar asko esklabo bihurtu ziren, edo beste leku batera mugiarazi zituzten. Galiako zelta latinek ordezkatu zuen pixkanaka. Mendeetan erromatarren eskupean, Galiako kultura erromatar bilakatu zen. Britainia Handitik IV. mendean zeltak itzuli ziren, Britainian finkatuta.

Bisigodoek Akitaniako probintzia eskuratu zuten 418an, vandaloen aurkako emandako laguntzarengatik. Hala ere, 410ean Erroma bera arpilatu zuten, eta Tolosa aldean kokatuta zeuden. Burgundiarrak Lugdunum hiriaren inguruan kokatu zituen Flavio Aezio jeneralak 443an. Erromatar Inperioa amildegiaren ertzean, Galiako iparraldea frankoen esku utzi zen. Baskoiek Pirinioetatik Gaskonian zehar barreiatu ziren. Bretoiek hiru erresuma osatu zituzten: Domnonia, Cornouaille eta Broërec.

Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankoen erresumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Frankoen Erresuma»

Saliar frankoen buruak, Klovis I.ak, 486an Siagrio garaituta Galiako iparraldea eta erdialdea batu zituen bere agindupean. 496an, katoliko bihurtu zen. Honela, legitimazioa eta boterea lortu zuen beste erresumen aurrean, eta bisigodoen kontra egiteko, apaizen babesa lortu zuen. Izan ere, bisigodoak, kristauak izanda ere, arrianoak ziren, eta ez katolikoak. Bisigodoen errege Alariko II.a 507an garaitu zuen Vouilléko guduan, eta Tolosa eta Akitania bere eskuetan hartu zituen.

Hala ere, Klovis hil ondoren, erresuma ondorengoen artean banandu zen. Frankoak bananduta eta elkarren kontra aritu ziren hainbat alditan eta haien lurraldea zatikatu egin zen. Funtsean Austrasian eta Neustrian agindu zuten ("Frantzia"), alegia, Loira ibaitik iparraldera, eta Akitania eta Baskonia burujabe izaten hasi ziren, bereziki 660. urtearen ondoren.

Merovingiar leinu hau, azkenean, benetako boterea galtzen hasi zen, jauregiko buruen leinuaren mesederako. Karolingiar leinu honek, musulmanak geldiarazi zituzten 732an. Azkenean, 751n, Pepin Laburrak errege titulua hartu zuen, azken merovingiarra baztertuta.

Merovingiarren erpina Karlomagnok, Pepin Laburraren seme eta ondorengoak lortu zuen, lonbardarrak (774), Bavaria (788), avararrak (796), Bartzelona (801) eta Behe Saxonia (804) konkistatuta eta garaituta. Gainera, Aita Santuak enperadore izendatu zuen 800ean.

Alabaina, Ludoviko Pio bere semearen heriotzaren ostean (840), erresuma erraldoi hori banandu zen Verdungo Hitzarmenean (843). Mendebaldeko zatitik Frantzia erresuma sortzeko zen. Enperadore titulua ekialdeko zatian berreskuratu zuten 962an.

Azken karolingiar erregealdietan, erresuma bikingoek arpilatu zuten. Rollo burua edukita, bikingoak Normandian finkatu ziren azkenean. Edonola ere, haien aurkako borroketan, Parisko Odon kontea eta Roberto, bere anaia, nabarmendu ziren. Haiengandik kapeto leinua sortu zen.

Frantzia Erdi Aroan (987-1453)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Frantziako Erresuma»

Hugues Capet, kapetar leinukoa, errege aukeratu zuten Reimsen 987ko ekainaren 1ean. Garai horietan, erregeen boterea oso ahulduta zegoen, eta Paris inguruko lurraldea baino ez zegoen bere aginpean. Nahiz eta de jure erresuma handi baten burua izan, de facto eskualdeak jaun feudalek kontrolatzen zituzten. Baina Louis VI.arengandik aurrera, erregeen boterea handituz joan zen.

Hala ere, erresumako basailu nagusiek, Normandiar, Plantagenet, Lusignan, Hauteville, Ramnulfid, edo Tolosako etxeek Frantziatik kanpoko lurraldeak bereganatu zituzten. Horietako garrantzitsuena, Normandiarrek burututako Ingalaterraren konkista izan zen (1066). Hala, Frantzia eta Ingalaterra Normandiaren bidez loturik geratuta, gatazka ugari sortu ziren. Philippe Augustok Bouvinesko batailan (1214) Joan Lurgabea menderatuta, Angevinar Inperioa amaiarazi zen.

Kataroen kontrako gurutzadari esker (1209-1229), hegoaldeko lurralde asko Parisko erregeen mendera geratu ziren. Saint Louisen eta Philippe IV.aren agintaldiekin (1226-1270) eta (1285-1314), Frantzia erresuma zentralizatu bilakatu zen. Philippe IV.ak Tenpleko Ordena amaiarazi eta Aita Santuak Avignonera ekarri ahal izan zituen, hain zen boteretsua.

Ingalaterrako erregeekiko gatazka nagusia Ehun Urteko Gerra izan zen (1337-1453). Garai gogorra izan zen frantziarrentzat, Izurri Beltzaren garaia ere izan zelako (1348). Baina heroiak ere agertu ziren, Jeanne d'Arc kasu. Azkenean, Ingalaterrak Frantzian zeukan lurralde guztiak galdu zituen.

Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokian tokiko aldeak gorabehera, Frantziako estatua gero eta zentralizatuago bilakatu zen XVI. mendean. Baina ezkontzak eta hitzarmenak zirela eta, Frantzia Habsburg leinuaren lurraldeek inguratuta geratu zen. Hortaz, Karlos V.aren kontra hainbat gerretan, Italiakoan (1494-1559) esaterako, borrokatu ziren frantziarrak.

Erreforma Protestantearen garai horretan, Jean Calvinaren dotrinak Frantzian zehar barreiatu ziren. Gisa dukeak buru zituen katolikoek higanoten sarraskia burutu zuten (1562), Erlijio Gerrak abiaraziz. Azkenean, Nafarroako Henrike III.a Frantziako errege (Henrike IV.a izenpean) bihurtu zen. Nantesko Edikturen bidez, higanoten sinesmena errespetatu zen. Richelieu kardinalak, ordea, higenoten kontra egin zuen Frantzian barnan. Frantziatik kanpo, aldiz, protestanteen alde egin zuen Hogeita Hamar Urteko Gerran (1618-1648). Paris mehatxupean egon arren, Rocroi batailan (1643) frantziarrek garaipen erabakigarria lortu zuten. Westfaliako Bakeak (1648) gerraren amaiera ekarri bazuen ere, Frantzian gatazkek jarraitzen zuten: Fronda (1648-1653) eta Espainiaren aurkako gerra (1653-1659).

Testuinguru honetan igo zen tronura Louis XIV.a. Espainia garaituta eta Espainiako Herbehereak inbadituta, Ingalaterrak eta Suediak Frantziaren kontra egin zuten. Herbeheretako Errepublika askeek ere pairatu zuen Frantziako erasoa (1672-1678). Frantziak Franche-Comte eta Espainiako Herbeheretako hainbat gune estrategiko erdietsi zituen. Fontainebleau Ediktuaren bidez, 1685ean, higanoten eliza eta eskola guztiak suntsitu behar izan ziren. Ondorioz, protestanteek Frantzia utzi zuten.

Louis XIV.ak gerra egiten eta irabazten jarraitu zuen. Eta, 1701ean, Espainiako Ondorengotza Gerra piztu zen. Blenheimeko batailan (1704) porrot ikaragarria nozitu behar izan zuen Frantziak. Hal ere, Ramillies eta Malplaquet bataila odoltsuen ondoren, Frantziako etsaiek ezin izan zuten borrokan segitu. Bakea Utrech Hitzarmenak ekarri zuen (1713).

Louis XIV.a 1714an hil zen, baina gerrek jarraitu zuten: 1718-1720 Espainiaren aurka, Poloniako Ondorengotza Gerra (1733-1738), Austria Ondorengotzaren Gerra (1740-1748), Zazpi Urteko Gerra (1756-1763). Europan irabaziak lortu arren (Lorrena esaterako), Ipar Amerikan Frantziak bere menpeko lurralde guztiak galdu zituen. Mendekua hartu nahian, AEBetako Independentziako Gerran (1775-1783), matxinatuen alde jo zuen Frantziak. Gerra horiek guztiek Frantziako altxorra hustu zuten.

Frantziako Iraultzatik XX. mendera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziako estatuaren altxorra betetzeko ezintasun bezala hasi zen krisialdia, mundu osoari eragin zion Iraultza historikoa bilakatu zen. Krisialdiari aurre egiteko bildu ziren erresumako hiru ordenen ordezkariek, aste batzuen buruan, Erresuma legalki zeharo eraberrituko zuen Asanblada osatu zuten. Herritarren Eskubideen Adierazpena eta Konstituzioa, baita Izualdi Handia ere, izan ziren Iraultzaren lehen etapetako ondorioak. Baina berritzeko grina ez zen horretan geratu, egutegia, neurri-sistema eta herrialdeko barne-egitura ere erreformatu ziren.

Konstituzioak monarkia parlamentario ezarri zuen politika-sistema. Erregeak, Austriaren kontrako gerra babestu zuen, Iraultzak ekarriko zituen askotako lehena. 1791ko abuztuaren 10ean, gerraren aurkako jakobinoek erregea atzeman zuten. Lehenengo Errepublika 1792ko irailaren 21ean aldarrikatu zen. Austriak eta Prusiak ohartarazi zuten monarkiaren kontrako jarrera areagotuz gero, eraso bortitzagoak pairatuko zituztela frantziarrek. Erantzun moduan, 1793ko urtarrilaren 21ean, erregea gilotinatu zuten. Espainiak, Napolik, Erresuma Batuak eta Herbeherek bat egin zuten Austria eta Prusiarekin.

Errepublikako gobernua erradikalago bilakatu zen jakobinoen eskuetan. Robespierre buru zuen Osasun Pubikoaren Komiteak eragin zuen ikaraldia zela medio, 1794ko uztailaren 27an aurkariek boteretik kendu eta, 1795eko konstituzioaren azpian gobernu moderatuagoa osatu zuten: Zuzendaritza (frantsesez Directoire). Etenik gabeko gerra zela eta, armadak gero eta paper garrantzitsuagoa jokatu zuen. Armadan nabarmendu zen jeneral gazte batek, Napoleon Bonaparte izenekoak, 1799ko azaroaren 9an estatu kolpe baten bidez Zuzendaritza Kontsulatuak ordezkatu zuen.

Azkenean, Napoleonek botere osoa bere gain hartu zuen, 1804an enperadore izendatuta. Estrategiarako sen aparta edukita, garaipen militar itzelak erdietsi zituen (Austerlitz edo Friedland), baina Europako erresuma guztiek bere aurka batera eginda, 1814an lehen aldiz, eta Waterlooko batailaren porrotaren ondoren bigarrenik (1815), boterea galdu zuen, Borboiak tronuan berrezarrita.

Errestaurazio garai honetan, atzerakoien eta aurrerakoien arteko gatazka areagotu zen. Charles X.a Uztaileko Iraultzak (1830) kendu zuen tronutik. Bere ordean, Orleansko Louis-Philippe jarri zuten, liberalagoa izango zelakoan. Hala ere, 1848an, beste iraultza batek boteretik kendu zuen, Bigarren Errepublika sortuz. Louis Napoleon Bonaparte presidente izendatu zuten, baina 1852an enperadore izendatu zuen bere burua. Bigarren Inperio horretan, industrializazioa garatu zen, baina denboraren poderioz errepublikazaleen kritikak gero eta ugariagoak ziren. Azkenean, Prusiaren kontrako gerran izandako porrotak Inperioaren amaiera ekarri zuen. Alemania batu zen Prusiaren inguruan (Bigarren Reicha) eta Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu zituen.

Porrotaren ondoren, Parisen Komuna altxatu zen. Gupidagabe utzi zuten bertan behera: Aste Odoltsuan (La Semaine Sanglante) 30.000 lagun hil zitezkeen, datuak ziurtzat jo ezin badira ere. Hirugarren Erreplikak 1789ko Iraultzaren ondareari muzin egiten zioten kontrairaultzaileen erasoak pairatu behar izan zituen, nahiz eta hauek bi taldetan (Borboiak babesten zituzen legitimistak eta Orleandarrak) bananduta egon. Garai honetan, tokiko hizkuntzak ezabatzen hasi ziren. Aldi berean, Afrikako Banaketan eta Indotxinan lortutako lurralde berriek, Frantziar Inperio Kolonialak hain zuzen ere, Frantziako handitasunaren mitoa sortu zuten. Kanpo-harremanetan, Alemaniaren kontrako mendekua hartu nahi izateak Errusia eta Erresuma Batuarekin kolaborazio-akordioa (1907) sinatzera eragin zuen.

XIX. mendearen bukaera eta XX.aren hasieraren arteko garai hau Belle Époque deitzen da (Garai Ederra). Izan ere, berrikuntza eta entretenigarri ugari asmatu ziren: kabareta, zinema, Inpresionismoa... Nolanahi ere, Frantzia erlijioak, klaseak, erreginalismoak eta diruak bananduta zegoen nazioa zen.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerra piztean, Europan aurreko urteetan garatutako aliantza-sistema abian jarri zen. Honela, Frantziak Errusia eta Serbiaren alde egin zuen. Erresuma Batuak ere, Alemaniak Belgika konkistatutakoan, haiekin egin zuen bat.

Gerra laburra izango zen ustea oso hedatuta egon arren, lubaki-sare bilakatutako fronteak, batik bat mendebaldean (hau da, Frantzian) oso egonkorrak izan ziren lehenengo mugimenduen ostean. Verdun, Marne edo Somme gisako borroketan lurra behin eta berriro galtzen eta irabazten zen, aurrerapen handirik egin gabe. Azkenean, hein handi batean, AEBetako laguntzari esker, garaipena lortu zuten aliatuek. Parisen, Bake Biltzarra eratu zen, zeinek, besteak beste, gerraren erantzukizun osoa alemaniarren gainean ezarri zuen.

Gerrak hurbil zirudien berriro, are gehiago Alemanian Hitlerrek boterea hartu zuenean (1933). Gerrarako hainbat prestaketa egin arren (Maginot Lerroa), Lehen Mundu Gerraren sufrimenduen oroimenak bakea ziurtatuko lukeen politikaren alde jotzea gomendatzen zuen (Municheko Biltzarra). Edonola ere, 1939ko irailaren 1ean Hitlerrek Polonia inbaditzean, Frantziak eta Erresuma Batuak gerra deklaratu zioten Alemaniari.

Frantzia eta Alemaniaren arteko buruz buruko borrokak 1940ko maiatzan hasi ziren. Maginot Lerroa aise gainditu zuten alemaniarrek. Ekainaren 24an, errenditzea Frantziako agintariek erabaki zuten. Alemaniak Frantziako hiru bosten okupatu zituen. Gainerakoa, Philippe Petain Lehen Mundu Gerraren heroia buru zuen Vichyko Gobernurako utzi zuten. Nolanahi ere, Londrestik Charles de Gaullek herbesteko Frantzia Askeko gobernuburua izendatu zuen bere burua. Inor gutxi altxatu ziren okupazioaren aurka, Erresistentzia osatuz. Baina Frantziako benetako askapena Normandiako Lehorreratzearekin hasi zen.

Gerra amaitutakoan, 1946ko urriaren 13an indarrean ezarri zen konstituzioak Laugarren Errepublika aldarrikatu zuen. Hurrengo 16 urteetan, Inperio Koloniala guztiz desegin zen. Dien Bien Phu batailaren ondoren, Indotxina galdu zuen: Vietnam bi estatutan banandu zen, eta Kanbodia zein Laos independiente bihurtu ziren. 1958an, Aljeriako kolonian sortutako arazoak zirela kausa, Charles de Gaullek gobernu indartsuagoa eratu zuen, Bosgarren Errepublikari hasiera emanda.

Bestela, 1977ko irailaren 10ean Hamida Djandoubi hiltzailea gillotinatu zuten, azken zigor-exekuzioa izan zena. 1981ean heriotza zigorra ezeztatu zuten herrialde osoan.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «2014 Frantzian»

2014ko abuztuaren 25ean, Frantziako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Manuel Valls lehen ministroak iragarri zuenez. François Hollande presidenteak Gobernu berri bat sortzeko eskatu zion Vallsi. Hollanderen Gobernuaren aurka Ekonomia eta Hezkuntza ministroek egindako kritiken ondoren etorri zen Frantziako krisi berria. Arnaud Montebourg Ekonomia ministroak hazkunde politikak eta ez murrizketak bultzatzea defendatu zuen[1].

Abuztuaren 26an, Manuel Valls Frantziako lehen ministroa 13:00etan heldu zen Eliseora, François Hollande presidentearekin Gobernu berria nortzuek osatuko zuten zehazteko[2]. Gobernuan ez zuten segituko Eliseoak hartutako neurri ekonomikoekin kritiko agertu ziren hiru ministroak: Arnaud Montebourg Ekonomia ministroak, Benoit Hamon Hezkuntza ministroak eta Aurelie Fillipetti Kultura ministroak. Haien ordezkoak izango ziren, hurrenez hurren, Emmanuel Macron, Najat Vallaud-Belkacem eta Fleur Pellerin. Era berean, Gazte eta Kirol ministerioa sortzea adostu zuten; Patrick Kannerrek gidatuko zuen. Arratsaldean zehar gobernua osatzeko bilerak egin zituen Vallsek[3].

Abuztuaren 27rako, kritikoez garbitu zuen gobernua Vallsek. Aldaketa gutxi baina nabarmenak egin zituen Valls lehen ministroak Frantziako Gobernuan. Emmanuel Macron izan zen bat, Ekonomia ministroa, Erantzukizun Itunaren sustatzaileetako bat. Bestalde, Najat Vallaud-Belkacemek hartu zuen Hezkuntzako Ministerioa, eta Fleur Pellerinek Kulturakoa. Macronen izendapenarekin eskuinera jo zuen Hollandek. Ekologistek ez zuten onartu gobernuan sartzea, nahiz eta azken unera arte negoziazioak egon ziren[4].

Abuztuaren 28an, Emmanel Macron Frantziako Ekonomia ministro berriak 35 lan-orduko astearen inguruko eztabaida berpiztu zuen, langileekin adostasunera iritsiz gero, enpresek arau hori indargabetzeko aukera izatearen alde agertu baitzen[5].

Irailaren 3an zabaldu zenez, Manuel Valls Frantziako lehen ministroak irailaren 16an konfiantza botoa eskatuko zuen Asanblea Nazionalean, abuztuan osatutako gobernuarentzat. PSk 290 diputatu zituen 577 aulkiko ganberan, gehiengo osoa justuan, baina kritikoek Hollanderen aurkako presioa gogortu egin zuten[6].

Irailaren 16an, Manuel Valls Frantziako gobernuburuari konfiantza berresteko edo kentzeko aukera zuten Asanbleako kideek. PSko hogeita hamarren bat diputatu abstenitu arren, zitekeena zen Frantziako Asanblearen babesa eskuratzea[7]. Azkenik, Frantziako Parlamentuak bere konfiantza agertu zion Manuel Vallsen Gobernu berriari. 269 diputatuk alde bozkatu zuten; 244k aurka; eta 53 abstentzio izan ziren, horietatik 30 bat diputatu sozialistena[8].

Irailaren 17an, argitaratutako inkesta baten arabera, Frantziako hamar herritarretik bederatzik (%90) ez zuten nahi François Hollande presidentea 2017ko bozetara aurkeztea. Alain Juppe (UMP), Marine Le Pen (FN) eta Manuel Valls lehen ministroa baloratu zituzten ondoen[9].

Irailaren 18an, Hollandek bi urte atzeratu nahi zuen %3ko defizit muga, 2017ra arte. Frantziako presidentearen ustez, ezinekoa zen lehiakortasuna eta kontu publikoak aldi berean onbideratzea. «Abiadura ezberdinetan banatutako Europa» defendatu zuen[10].

Irailaren 19an zabaldu zenez, politikaren lehen lerrora itzuliko zen Sarkozy. UMPko presidentetzarako aurkeztea zen haren asmoa. Sare sozialen bidez egin zuen iragarpena Frantziako presidente ohiak. Alain Juppe UMPko kideak adierazi zuenez, Sarkozyren itzulerak "eztabaida aberasten" lagunduko zuen alderdiaren barruan[11].

Irailaren 21an zabaldu zenez, Sarkozyk izena eta antolaketa aldatu nahi zituen bere alderdian. Hala UMP alderdiari segida emateari uko egin zion. 2002an sortu zen eta alderdikideen artean zatiketa handia zegoen[12].

Irailaren 22an, Fronte Nazionalaren boto-emaileak "banan-banan" berreskuratzea zuela helburu Sarkozyk zabaldu zen[13].

Irailaren 24an, eten egin zuten Sarkozy nahasita zegoen ustelkeria auzi baten ikerketa. Frantziako presidente ohiak inputatuta jarraituko zuen, auzia baliogabetu edo ez erabaki arte. UMPn hautagaitza aurkeztu berritan iritsi zen etena[14].

Irailaren 28an, senatuko ordezkarien erdiak berritzeko bozak egin zituzten Frantzian, eta PS Alderdi Sozialistak beste kolpe bat jaso zuen. Senatuan gehiengoa galduta, gobernabidea zaildu zitzaion Hollanderi. Jokoan ziren 178 senatarietatik 116 eskuratu dituzte UMPk eta UDIk; PSk, berriz, 59[15]. PSF gainbehera betean sartu zen. UMPk gehiengoa berreskuratu zuen Frantziako Senatuan, eta Hollande eta Vallsen erreformak zailduko zituen. FN ganberan sartu zen, lehen aldiz[16].

Irailaren 29an, Bygmalion auziaren ikerketarekin lotuta, Bastien Millot Komunikazio Kabineteko buru ohia eta beste hiru lagun atxilotu zituzten. Finantza arloko hiru epaile eta Polizia Judiziala ari ziren ikertzen Nicolas Sarkozyk 2012ko presidentetza hauteskundeetan izan omen zituen gehiegizko gastuak estaltzeko faktura faltsuen auzia[17].

Irailaren 30ean hasi zen eskuinaren Eliseorako lehia hauteskundeengatik. Itxi zen UMP alderdiko presidentea izateko hautagaitza aurkezteko epea eta Sarkozy zen azaroaren 29an egitekoak ziren bozkaketa irabazteko faboritoa[18].

Urriaren 1ean, gastua 21.000 milioi eurotan murriztuko zuela Frantziak 2015ean zabaldu zen. Hala ere, Bruselarekin adostutako defizit helburuak beteko ez zituztela jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak. Kontu publikoek ez zuten 2019ra arte oreka berreskuratuko[19]. Egun berean, Frantzian Bygmalion auzia zela-eta atxilotutako hiru lagun inputatu zituzten[20].

Urriaren 2an, bost pertsona hil ziren eta beste bi zauritu, Frantzia ipar-ekialdean, Doubs departamenduan, izan zen helikoptero-istripuan. Etxe partikular bateko lorategira erori zen helikopteroa. Lausanatik Montbeliarderako bidea egiten ari ziren[21]. Egun berean, UMPko bi zuzendari ohi atxilotu zituzten Sarkozyren kanpainako auziarekin lotuta[22].

Urriaren 8an, bigarren haurretik aurrera familiek jasotzen zuten laguntza heren bat gutxitzen zuen Gizarte Segurantzaren 2015eko aurrekontua onartu zuen Frantziako Gobernuak. Diputatu sozialista gehienek, hala ere, ez zuten murrizketa hori onartu eta errenta maila batetik gora zutenek halakorik ez jasotzea eta, horren ordez, saria gutxiago jaistea proposatu zuten[23].

Sakontzeko, irakurri: «Rémi Fraisseren heriotza»

Urriaren 27an jakin zenez, urriaren 25ean Okzitaniako Sivenseko urtegiko (Tarn departamenduan) lanen aurka eginiko protestetan hildako gaztea «leherketa baten» ondorioz hil zen, autopsiaren arabera. Hala ere, ikerketak ez zuen zehazterik izan leherketaren jatorria. Protestetan 2.000 lagunek parte hartu zuten. Lekukoen arabera, Poliziarekin izandako liskarretan hil zen Remi Fraisse 21 urteko gaztea[24].

Urriaren 29an, Frantziako Gobernuak bertan behera utzi zuen Okzitaniako Sivens herrian urtegi bat eraikitzeko asmoa. Proiektua eten eta «adostasuneko prozesu bat» hasiko zuela jakinarazi zuen Segolene Royalek, Ekologia ministroak. Arrazoia, ordea, ingurumenekoa zen, izan ere, Royalek irmo babestu zuen Poliziaren eta Barne Ministerioaren jokabidea[25].

Urriaren 31ean, Frantziako irrati kate nazionalak Parisen zuen egoitzan, frantsesez Maison de la Radio izenaz ezagutzen zen horretan, sutea piztu zen eguerdian. Ondorioz, eraikina jendez hustu behar izan zuten eta irratiaren emisioak eten zituzten[26].

Azaroaren 1ean, istilu larriak izan ziren Nantesen (Bretainian) eta Okzitaniako Tolosan manifestarien eta Frantziako Poliziaren artean. Urriaren 26an, Okzitanian, Poliziak Remi Fraisse hil zuen, eta hura oroitzeko manifestazioetan piztu ziren liskarrak. Nantesen bi polizia eta hiru manifestari zauritu zituzten, eta beste hamasei lagun atxilotu. Tolosan manifestariek kaleak itxi zituzten, eta Polizia negarra eragiteko gasarekin oldartu zitzaien[27].

Azaroaren 3an, Odoxa etxeak egindako inkesta baten arabera, Frantziako herritarren %71k nahi zuten Manuel Valls lehen ministroak presidentetza hartzea legealdia amaitu arte[28].

Azaroaren 4an, Frantzia erdibideko irtenbide baten bila ari zen. Frantziako Gobernuak hiru aditu bidaliko zituen Sivenseko urtegira, konponbide bat aztertzera[29].

Azaroaren 6an jakin zenez, Hollande ez zen berrautaketara aurkeztuko langabeziak behera egin ezean. “Hanka-sartzeak” izan zituela onartu zuen Frantziako presidenteak, bereziki 2013an langabeziak behera egin behar zuela aurreratu zuenean. “Ez dugu hazkunde nahikorik”, onartu zuen[30]. Bestalde, Nicolas Sarkozy presidente ohiaren itzulerak ez zuen hark esperotako harrera izan. Inkesten arabera, Alain Juppe alderdikideak babes handiagoa izango zukeen. 2015ean egingo zituzten primarioak 2017ko bozetarako presidentegaia aukeratzeko. BVAko inkestaren arabera, %56k babestuko zuketen Juppe, eta, %26k Sarkozy[31].

Azaroaren 12an jakin zenez, Frantzian Palestina onartzeko bozketa azaroaren 28an izango zen[32].

Azaroaren 15ean, 5 pertsona hil ziren, bi ume zeuden tartean, Frantzian izandako uholdeetan[33].

Azaroaren 19an, Frantzia hamahiru eskualdetan banatzea onartu zuen Frantziako Asanbleak. Azaroaren 25ean, bozkatuko zuten lege proposamen osoaz, baina egun horretan onartu zuten lurralde erreformaren lehen artikulua. Ipar Euskal Herria Akitania, Limousin eta Poitou-Charentesek osatutako eskualdearen barnean egongo zen[34].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Frantziako Gobernuak dimisioa eman du, eta Vallsek berria egingo du», EiTB, 2014-08-25
  2. «Valls Eliseoan dago, Hollanderekin Gobernu berria zehazteko», EiTB, 2014-08-26
  3. «Kritikoek ez dute gobernuan jarraituko», Berria, 2014-08-26
  4. Adrian Garcia, «Kritikoez garbitu du gobernua», Berria, 2014-08-27
  5. «Frantziako Ekonomia ministro berriak 35 orduen eztabaida berpiztu du», EiTB, 2014-08-28
  6. «Konfiantza galdea egingo du Vallsek irailaren 16an», Berria, 2014-09-04
  7. Iker Aranburu, «Vallsek aurre egingo dio gaur konfiantza botoari», Berria, 2014-09-16
  8. «Manuel Vallsek konfiantza mozioa gainditu du Parlamentuan», EiTB, 2014-09-16
  9. «%90», Berria, 2014-09-18
  10. Jon Fernandez, «Hollandek bi urte atzeratu nahi du %3ko defizit muga, 2017ra arte», Berria, 2014-09-19
  11. «Politikaren lehen lerrora itzuliko da Sarkozy», Berria, 2014-09-19
  12. «Sarkozyk izena eta antolaketa aldatu nahi ditu bere alderdian», EiTB, 2014-09-21
  13. «Fronte Nazionalaren boto-emaileak "banan-banan" berreskuratzea du helburu Sarkozyk», Berria, 2014-09-22
  14. Xabin Makazaga, «Eten egin dute Sarkozy nahasita dagoen ustelkeria auzi baten ikerketa», Berria, 2014-09-25
  15. «Senatuan gehiengoa galduta, gobernabidea zaildu zaio Hollanderi», Berria, 2014-09-29
  16. Xabin Makazaga, «PS, gainbehera betean», Berria, 2014-09-30
  17. «'Bygmalion auziko' faktura faltsuen auzian, lau atxilotu», Berria, 2014-09-30
  18. Adrian Garcia, «Hasi da eskuinaren Eliseorako lasterketa», Berria, 2014-10-01
  19. «Gastua 21.000 milioi eurotan murriztuko du Frantziak 2015ean», EiTB, 2014-10-01
  20. «Frantzian 'Bygmalion auzia' dela-eta atxilotutako hiru lagun inputatu dituzte», Berria, 2014-10-02
  21. «Bost pertsona hil dira Frantzian, helikoptero-istripuan», EiTB, 2014-10-02
  22. «UMPko bi zuzendari ohi atxilotu dituzte Sarkozyren kanpainako auziarekin lotuta», Berria, 2014-10-03
  23. «Familien laguntza murriztearen alternatiba bat aurkeztuko du PSk», Berria, 2014-10-09
  24. «Okzitaniako protestetako gaztea «leherketa baten» ondorioz hil da», Berria, 2014-10-28
  25. «Frantziako Gobernuak eten egin ditu Sivenseko urtegia eraikitzeko lanak», Berria, 2014-10-30
  26. «Sutea piztu da Frantziako irrati kate nazionalaren egoitzan», EiTB, 2014-10-31
  27. «Istiluak Okzitanian eta Bretainian, Poliziak hildako gaztearen harira», Berria, 2014-11-02
  28. «%71», Berria, 2014-11-04
  29. Adrian Garcia, «Erdibideko irtenbide baten bila», Berria, 2014-11-05
  30. «Hollande ez da berrautaketara aurkeztuko langabeziak behera egin ezean», EiTB, 2014-11-06
  31. «Sarkozyren itzulerak indarra galdu du», Berria, 2014-11-07
  32. «Frantzian Palestina onartzeko bozketa, azaroaren 28an», Berria, 2014-11-13
  33. «5 pertsona hil dira, tartean bi ume, Frantzian izandako uholdeetan», EiTB, 2014-11-15
  34. «Estatua hamahiru eskualdetan biltzea onartu du Frantziako Asanbleak», Berria, 2014-11-20


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantziako historia Aldatu lotura Wikidatan