Fats Waller
Fats Waller, jaiotza-izenaz Thomas Wright Waller (New York, AEB, 1904 - Kansas City, AEB, 1943), Estatu Batuetako jazz-musikagilea, piano-jotzailea eta organo-jotzailea izan zen.
Jazzaren historiako piano-jotzailerik bikainetako bat izan zen.
Biografia [aldatu]
Hamabost urte zituela piano-jotzaile profesional gisa aritu zen kabaretetan eta antzokietan. Jazzeko kantari eta musikari handiekin jardun zuen: Bessie Smith, Louis Armstrong.
1930. urte aldera abestiak idazten hasi zen, eta 1934tik aurrera ehunka grabazio egin zituen bere talde txikiarekin.
Umore, asmamen eta irudimen handia zuen. Jazzeko lehen organo-jotzailea izan zen. Pieza ezagunen egilea da, hala nola Ain´t Misbehavin´, Honeysuckle Rose, Squeeze Me eta beste asko.
Zenbait filmetan ere -Stormy Weather (1943)- esku hartu zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.