Felipa Gisasolak damaskinatutako markoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Felipa Gisasolak damaskinatutako markoa
Jatorria
Sortzailea(k)Felipa Gisasola Gabiola
Sorrera-urtea1888
Ezaugarriak
Materiala(k)metala, urrea eta zilarra
Dimentsioak133 (altuera) × 80 (zabalera) cm
Kokapena
LekuaArmagintza Museoa
BildumaArmagintza Museoa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaEibar

Felipa Gisasolak damaskinatutako markoa 1888an Felipa Gisasola eibartarrak damaskinatu teknika erabiliz sortutako pieza da[1]. Hainbat sari irabazi zituen, tartean Bruselako Erakusketa Unibertsaleko "Garapenaren Sari Handia". Gaur egun Armagintza Museoan erakusgai dago[2].

Markoaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eibarko damaskinatuaren barruko pieza nabarmena da[3]. 1888. urtean Bruselako Erakusketa Unibertsalean "Garapenaren Sari Handia" saria eta urrezko domina jaso zituen obra honek damaskinatuaren teknika finaz gain artista handiek sorkuntzetan erabiltzen zuten teknika-aniztasuna erakusten digu.

Xehe-xehe landuta, marko damaskinatu honek hainbat teknika barne hartzen ditu: bozelketa-lanak, burdinan egindako irudi multzoen zizelkatzea, gune pabonatuak, graneteatutako akaberak eta apainketa artistiko delikatua. Pieza jatorrizko kutxarekin dator: larruzko luxuzko zorroa urrezko gofratuak dituena.

Felipa Gisasola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Felipa Gisasola»

Miguel Antonio Gisasolaren eta Josefa Gabiolaren alaba, Felipa Guisasola 1852ko apirilaren 30ean jaio zen. Artean umea zela hil zitzaion aita eta Udal Marrazki-Eskolan hartutako marrazki-nozio arin batzuk baino ez zituela Felipa haurtzaroan hasi zen damaskinatua egiten familia aurrera ateratzeko. 1865. urtean Isabel II.a erreginak Eibarrera egindako bisita bat zela eta, tokiko lanen erakusketa bat antolatu zen non Felipak damaskinatzaile gazte gisa parte hartu zuen. Haren lanak erreginarengan sortutako interesagatik urtean 1.500 pezetako beka eman zioten ikasten jarraitzeko. Horri esker aurrerago Plazido Zuloagarekin marrazketa maila hobetu ahal izan zuen eta bere artea garatu Eibarko damaskinatuaren erreferente bihurtzeraino. Eibarren emakumeek damaskinatuan izandako paperaren aurrekari sendoa izan zen, gutxienez beste 250 emakume izan baitziren ondoren damaskinatuan aritu zirenak[4].

Damaskinatuaren artean aitzindaritzat hartuta eta teknika artistiko honetan trebetasun berezia izanda, Felipak Udal Marrazki-Eskolan irakaslea izatea lortu zuen. Arte honen transmisorea izan zen hainbat hamarkadatan zehar eta etorkizuneko damaskinatzaile-belaunaldien formakuntza eta ikaskuntza ahalbidetu zuen.

Merkatari gisa Felipak bere bizitzan zehar hainbat damaskinatu-tailer eta estudio zabaldu zituen gure hiribilduan, baita Madrilen bere arte-sorkuntzekin lotutako negozioa ere. Garai hartan 1892ko Madrilgo Erakusketako Ohorezko diploma irabazi zuen. Ondoren nazioarte mailako beste zenbait sari ere eskuratu zituen.

Erakusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1888: Bruselako Erakusketa Unibertsala, Belgika. Garapenaren Sari Handia eta urrezko domina.
  • 1892: Madrilgo Erakusketako Ohorezko diploma.

Irudi galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Valle, José María Peláez. (2005). Armería vasca de lujo en el siglo XIX: entre la Guerra de la Independencia y el final de las Guerras Carlistas. Ediciones Beta III Milenio ISBN 978-84-96009-95-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  2. «Felipa Guisasolak marko damaskinatuta» museotik.euskadi.eus 2024-02-02 (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  3. «Felipa Guisasolak damaskinatutako markoa» Armia museoa (Noiz kontsultatua: 2024-05-10).
  4. (Gaztelaniaz) San Martin, Juan. (1981). El damasquinado de Eibar. Patronato del Museo de Eibar ISBN 84-600-2471-7..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]