Freeman Dyson

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Freeman Dysonen erretratua

Freeman Dyson britainiar fisikaria-teorialaria eta astrofisikaria da (Crowthorne, Berkshire, 1923). Cambridgeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta matematika aplikatuetan lan egin zuen gero britainiar gobernuarentzat. Sei urtez ikerkuntzan jardun ondoren Britainia Handian eta Estatu Batuetan, fisikako eskolak ematen hasi zen Cornelleko Unibertsitatean, Estatu Batuetan, 1951n. 1953an Princentoneko Unibertsitateko Ikasketa Aurreratuetako Institutuan hasi zen lanean. Dysonen ikerkuntza-lana fisikaren une kritiko batean hasi zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoko urteetan froga esperimental berriek arazo berriak sortu zituzten, quantumen teoriaren eta materiaren eta argiaren elkarrekiko ekintzaren inguruan besteak beste. Baina quantumen elektrodinamika hori sortzeko erabili ziren teknika matematikoek zenbait eragozpen zituzten, eta emaitza absurdoak eragin zituzten. Hala ere, 1949 aldera, matematika-arazo horiei buruzko bi konponbide teoriko sortu ziren: teoria horietako bat estatubatuar fisikari Richard P. Feynmanek asmatu zuen, eta bestea bere herrikide Julian S. Schwinger fisikariak, eta baita, bere aldetik, japoniar fisikari Shin'ichiro Tomonagak ere. 1950 aldera Dysonek frogatuta utzi zuen bi teoria horiek formalismo soil batera murritz zitezkeela, eta berehala nabarmendu zen ideia horien aplikazioan. Hortik sortu zen teoria eta horren inguruko teknika matematikoak fisika teoriko modernoaren muina izan ziren XX. mendearen bigarren erdian. Lan nagusiak: Unibertsoaren perturbazioa (1979) eta Armak eta itxaropena (1984). Sari ugari jaso ditu, horien artean Max Planck domina (1969) eta Templeton saria (2000). American Physical Society, Estatu Batuetako National Academy of Sciences eta Londresko Royal Societyko kide da.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Freeman Dyson Aldatu lotura Wikidatan