Ganboa baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Donostiako eraikinari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ganboa (argipena)».
Ganboa
Kokalekua
Lurraldea Gipuzkoa
Udalerria Donostia
-
Ezaugarriak
Garaia XVIII. mendea
Katalogatua

Ganboa Donostiako Igeldomendiko hegoaldeko hegalean dagoen baserri barrokoa da, nahiko toki aldapatsuan kokatua.

2006ko martxoaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatzeko proposatu arren, 2009ko urtarrilaren 13an Euskal Autonomia Erkidegoko Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean ez zen sartu, jabeak aurkeztutako alegazio-idazkia zela-eta.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikinak oinplano angeluzuzena du. Bi solairu eta ganbara bat ditu eta bi isurkiko estalkia, zeinaren gailurra IE orientazioa duen fatxada nagusiarekiko perpendikularra baita.

Lehenengo solairutik gora kanpotik zarpeatutako bilbadura du, zutikoen arteko baoz hornituta, baina simetriarik gabe. Zarpeatua kareztaturik dago, eta bilbadura margotu batzuen imitazioak ditu. HEko fatxada (ia ikusezina, landareek estalita) behealdean harlanduzkoa da, eta bao erregularki kokatuak ditu, harriz inguratuak; lehen solairuan zurezko balkoi erdi erori baten hondakinak ditu. IMko fatxadak teilatupe-eranskin bat du; erdi-estalita dago hau ere. Kuku-leiho bat edo beste ditu. HMko fatxadak inskripzio bat du zizelkatua hegoaldeko ertzean.

Baserriaren egitura zurezkoa da eta ebaketa laukiko lau pilare ditu (0,50 x 0,50 m), harlanduzkoak. Horietan atal bakarreko haritzezko zutoinak bermatzen dira, zeinetan erregularki habeak eta besoak aho-zirikako mihiztaduran jarriak dauden.

Egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jabeak aurkeztutako txosten teknikoan oinarrituta, higiezina guztiz abandonatuta eta erortzeko zorian dagoela esaten du. Horrenbestez, kontserbazioa bermatzeko, goitik beherainoko zaharberritzea behar du; ez da nahikoa ohiko baliabide teknikoen bidez egindako konponketa bat, erabilera eta bizigarritasun baldintza gutxienekoak beteko baditu. Horregatik, baserria Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartzearen aurka dago.

Txosten teknikoak higiezina erortzeko zorian dagoela dio, eta bereziki zurezko egituraren egoera txarra azpimarratzen du. Hainbesteraino, non ezinbestekotzat jotzen baitu goitik beherainoko berreraikitzea, kalteak ezin baitira ohiko baliabideen bitartez konpondu: zurezko egitura osoa eraitsi eta berria jarri behar da, bai eta barruko trenkada guztiak ere, eta hormetako deformazio, pitzadura eta arrakalak ere konpondu.

Alegazioak ikusita eta 2006ko apirilaren 11n baserrian egindako bisitaldiaren ondoren, esan beharra dago benetan utzia dagoela higiezina eta, ondorioz, zurezko egitura ezin okerrago. Halako egoera eskasean, non ezin bisita daitekeen gutxieneko segurtasun-neurriak bermaturik. Horrenbestez, soilik arrisku gutxien duten espazioak ikusi ahal izan ziren. Horrek esan nahi du ikustaldia ez dela osoa izan, baina bai, ordea, nahikoa higiezina bertan behera utzia dagoela egiaztatzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa