Gerra krimenak Israel-Palestina gerran (2023-2024)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gerra krimenak Israel-Palestina gerran» orritik birbideratua)

Gerra krimenak Israel-Palestina gerran 2023-2024. urteetan gertatu dira. Gerra horretan, bi alde nagusiek, Israelek eta palestinar erakundeek, elkarri leporatu diote gerra krimenak egitea. Hala ere, intentsitate eta luzera aldetik, nabarmen ugariago dokumentatu da Israelen kontrako ebidentzia. Bi ataletan banatzen dira era honetako krimenak: batetik, Hamas eta erakunde politiko militar palestinarrek Gazatik urriaren 7an egin erasoak eta bahituen gaineko giza eskubideen urraketak eta, bestetik, hurrengo hilabeteetan Israelen indar armatu eta buruzagiek palestinar herritarren eta gatibuen gainean eragindakoak

Gaza Hiriko eraikinen suntsipena Israelen aire eraso baten ondoren (urriaren 9an)

Erregistratu diren gerra krimenak nazioarteko zuzenbidearen arabera tipifikatu dira. Zibilen hilketa indiskriminatua da horietako bat, baita ikastetxeei eta ospitaleei eraso egitea ere. Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalek nabarmendu zuenez, «Honelako sarraskirik ez da izan gure historian. Aurreko gerretan triskantzak izan ditugu, baina hau genozidio baten parekoa da».[1][2] Urri erdialdean, NBEk adierazi zuen Gazakoa «inoiz ez bezalako giza hondamendia» zela.[3]

Gosetea eta egarria gerra arma gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 7ko erasoak gertatu eta egun batzuetara, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazari setio gogor bat iragarri zuen, erabateko blokeoa, lurraldeari eta bertako herritarrei janari, ur, elektrizitate eta gas hornidura moztuz.[4] Abendu hasieran, Michael Fakhri NBEren Gazako Erreportari Bereziak, herritarren janaria eskuratzeko ezintasunari loturik, «genozidio» deitu zion gertatzen ari zenari, gogora ekarriz Gazako palestinar guztiak gosetea jasaten ari direla.[5] 2024ko martxoaren 12an, Josep Borrell EBren kanpo gaietako arduradun nagusiak NBEren Segurtasun Kontseiluan adierazi zuen Israel gosetea erabiltzen ari zela «gerra arma» gisa.[6]

Israelek ezarritako setioaren ondorioz, Gazako haurren eritasun tasa % 70ekoa zen gerra baino lehen, baina Israelen bonbardaketen ondorioz % 90 areagotu zen. Elikagaiak nabarmen urritu ziren. Giza Eskubideen Euro Mediterraneoko Taldeak, besteak beste, herritarrekin gosete gerra egitea leporatu dio Israeli.[7] Berdin egin zuen Human Rights Watchek, «gerra krimen nazkagarria», adierazi zutenez.[8] UNICEFek abenduan adierazi zuen Gaza haur batentzako munduko leku arriskugarriena zela.[9] Martxoaren 1ean zabaldu zen Israelgo militarrek 104 palestinar baino gehiago hil zituztela, eta 280 zauritu utzi, laguntza humanitarioko kamioien inguruko jendetzaren kontra tiro egitean, eta antzeko jokaera izan zuten lehenago ere.[10] Boluntario humanitarioen kontra ere jo zuten, hala NBEren UNRWAkoak (154)[11] nola World Central Kitchen karitate erakundekoak (zazpi 2024ko apirilean, ikus beherago).

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Gazako zerrendako herritarren laurdenak —600.000 lagun inguru— «gosez hiltzeko arriskuan» zeuden 2024. urte hasieran. Horren arrazoiak ziren Israel misilak jaurtitzen aritzea eta, bestetik, Israelek Zerrendari «Erdi Arokoen pareko» setioa ezartzea.[12] Beit Lahia-ko Kamal Adwan ospitaleko israeldar armadaren setioaren ondoren, ospitale barnean geratu ziren inkubadoretako umeak, janaririk eta urik gabe utzi ziren.[13][14] 2024ko apiril hasieran zabaldu zenez, CIF txostenak ondorioztatu zuen gosetea berehalakoa zela Gaza iparraldean eta biztanleria ia osoa muturreko gosetea bizi zuela, hondamendiaren pareko elikaduraren segurtasun ez batez. Une horretan Oxfam Intermon erakundeak salatu zuenez, urtarriletik Gaza iparraldean pertsonako eta eguneko 245 gramorekin bizi ziren bertako biztanleak: beharrezkoaren % 12.[15]

Biztanleria lekualdatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelen erasoan suntsitu meskita baten hondarrak
Urriaren 7ko erasoko sarraskien lekukotzak biltzen dituen filma iragartzeko Israelgo armadaren posterra

Jan Egeland diplomazialariak eta Osloko bake akordioen eragiletako batek, gerra Gazako herritarrez ari zela, estu hartu zuen Israel, eta gerra krimentzat jo zuen populazio jakin bat mugiaraztea, Genevako Konbentzioen arabera.[16] Nazioarteko gizalegeak (lege humanitarioak) debekatu egiten du zibilak behartuki lekualdatzea, salbu eta haien segurtasunerako edo ezinbesteko arrazoi militarrak daudenean; haren arabera, herritarrei utzi egin beharko litzaieke etxera itzultzen gatazka armatua bukatu denean.[17]

Human Right's Watch erakundeak azaldu bezala, urriaren 13an, Israelgo agintariek agindu zuten Gaza iparraldeko milioitik gora herritar beren etxeak uzteko. Bada, bi hilabete geroago, ia 1,9 milioi pertsona, Gazako biztanleriaren ehuneko 85, lekualdatu egin ziren, ia erdia Rafah barruan pilaturik. Gerra aurretik, hiri horrek 280,000 biztanle zituen.[17]

Biztanleria zibilaren hilketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

L. Moreno Ocampo Nazioarteko Gorte Penaleko fiskal ohiak genozidiotzat jo zuen biztanleria zibilaren gaineko bonbardaketa, genozidioa prebenitzeko obligazioa nabarmendu du, baita gerra honen zentzugabekeria ere.[18] Abenduaren 9an, Human Rights Watchek Gazako «sarraskia eta krimenak» babestea leporatu zion AEBri, NBEn su eten bat eskatzeko proposamen bati betoa jarri ondoren.[19] Gerra krimenen harira, albiste faltsuak tartekatu dira, askotan egiazkoekin batera. Urriaren 7ko erasoen harira, ugari zabaldu ziren Israelgo eta Mendebaldeko hedabideetan 40 ume israeldarri burua moztu zitzaielako albisteak, Joe Biden presidenteak berak benetakotzat hartuak. Bertaratutako kanpoko kazetariek, ordea, informazio hori gezurtatu zuten, Declassified UKren arabera. Astebete horretan, ordea, 2.000tik gora palestinar hil ziren Israelen aire erasoetan, 700 haurrak.[20]

Abenduaren 16an, Israelen kontrako akusazio gehiago agertu ziren, Palestinar Aginte Nazionalak haizatuak, lekukoen, pertsonal medikoaren eta kazetarien baieztapenetan eta material grafikoan oinarrituz: israeldar militarrek aterpetuak, zaurituak eta pazienteak bizirik lurperatu bide zituzten Beit Lahia-ko Kamal Adwan ospitalean, horretarako hondeamakinak baliatuz. Hori gertatu zen egun batzuk lehenago israeldar militarrek ospitaleari setioa jarri, eraikinaren hegoaldea suntsitu eta barnean zeudenak hotz handiaren erdian kanporatu ondoren.[13][14] Palestinar Agintearen Osasun Ministerioak nazioarteko ikerketa bat erreklamatu zuen.[13][14] Israeldar agintari militarrek Hamasen gune operatibotzat jo zuten ospitalea, eta 80 gerlari atxilotu zituzten. Gazako Osasuneko ministroak, berriz, Zerrendako osasun sistema suntsitzen ahalegintzea leporatu zion Israeli.[21] Israelen antzeko jokaeren berri eman izan dira Gazako beste ospitale batzuetan ere.

Apiril hasieran, Israelek World Central Kitchen karitate erakundeko zazpi boluntario hil zituen aire erasoan, konboi identifikatu batean zihoazela. Boluntario horiek palestinarrak eta nazioartekoak ziren, Israelen ohiko herrialde aliatuetakoak. Ondorioz, herrialde-agintari horiek Israelekin asaldatu ziren.[22] Gazan ziharduten GKE nagusiek adierazi zuten ezinezkoa zela Israelen beren lana egitea. Gazako kanpaina militarra hasi eta sei hilabetera, 200 kooperatzaile baino gehiago hil zituzten Gazan, Mugarik Gabeko Medikuen arabera. Joe Biden AEBko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo presidenteari adierazi zion zibilak eta kooperatzaileak hiltzen utziz gero babestuko zuela Israel.[23] 2024ko apirilaren 23an, gerra krimenen susmoa berriz azaleratu zen, Gazan ehunka pertsonen hobiratze kolektiboen aztarnak agertzean, esku estekatuak zituzten gorpu biluziak, Israelek aire eta lur erasoz astinduriko ospitaleen inguruetan.[24][25] Egun gutxiren buruan, 392 hilotz zenbatu ziren, Israel hilketen ikerketa oztopatzen ari zelako akusazioen erdian.[26]

Genozidio salaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelen kontrako Hego Afrikaren ekimen judizialari buruzko posizioak nazioartean
Estatu Batuetako presidente Joe Bideni genozidioan laguntzea leporatzen dion protesta

Abendu hondarrean, Hego Afrikak genozidio salaketa aurkeztu zuen Israelen kontra NBEren Justizia Auzitegian, eta erreklamatu NBEk berehalako menia agindu zezala.[27] Israelgo Netanyahuk, berriz, desafioz hartu zuen berria, Hagako Auzitegiari zilegitasuna kenduz eta «gaizkiaren ardatzarekin» parekatuz.[28] Urtarrilaren 26an, Nazioarteko Justizia Auzitegi horrek ebatzi zuen "bazitekeela" Israel Genevako Konbentzioa urratzen aritzea eta genozidioa egiten aritzea, baina ez zuen su-etenik agindu.[29] 2024ko apirilaren 4an, NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak ebatzi zuen Israelek ustezko gerra krimenei eta gizateriaren kontrako krimenei buruz erantzun behar zuela; gainera, Israeli arma salmenta geldiaraztera deitzeko ebazpena onartu zuen, gogora ekarriz «genozidioa» egiten ari zitekeela.[30]

Sexu indarkeria eta tortura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gazako erakunde politiko armatuen urriaren 7ko erasoan, giza eskubideen urraketak identifikatu dira, eta gerra krimen gisa ikertu.[31] Gainera, NBEk adierazi zuenez, arrazoi irmoak zituen sinesteko biktima batzuek sexu erasoak pairatu zituztela;[32] Hamasek goitik behera ukatu zuen horrelakorik gertatu zenik.[33]

Bestalde, abendu hondarrean, Euro-Med gobernuz kanpoko erakundeak salatu zuen Israelek atxilo dituen 8.000 palestinarren aurkako muturreko gehiegikeriak egin zituela, bortxaketak, torturak eta hilketak tartean.[34] UNRWAk 2024ko martxo hasieran salatu zuenez, Israelgo agintariek tratu txarrak eta torturak aplikatu zizkieten bere langileei atxilotu eta giltzapetzean.[35]

Fosforo zuriaren erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko zuzenbidearen hausturari buruzko beste akusazio larri bat arma gisa fosforo zuria baliatzea izan da.[36] Fosforo zuria ez dago berez debekaturik nazioarteko zuzenbidean, baina ez da arma kimikotzat hartzen, eta bai agente supiztaile gisa sailkatzen. Alegia, zilegitzat jotzen da gerran erabiltzea baldin eta ingurune bat argitzeko baliatzen bada, eta ez arerioari erasotzeko.[37]

Israelek substantzia toxiko kiskalgarri hori erabili omen du Gazako herritarren eta Libanoren kontra,[36] bertako zein nazioarteko giza eskubideen aldeko eta bestelako hainbat eragilek salatu dutenez.[38][39][40][41] 2009-2011n jada Israelek fosforo zuria baliatu zuen Gazako herritarren kontra.[42][43][44]

Azaroaren 23rako, Israelek fosforo zuria zerabilten milatik gora artilleria eraso egin zituen Gazako herrigune oso populatuen gainean, nazioarteko arauek debekatzen dutena, Euro-Med Human Rights Monitor giza eskubideen aldeko erakundearen arabera.[45] Zehazki, azaroaren 15ean, Israelgo armadak fosforo zuriko 300 eraso egin zituen Gaza iparraldeko Beit Lahia hiri jendetsuan 40 minutuko epean.[46]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ostolaza, Igor Susaeta-Maddi Iztueta Olano- Paulo. (2023-10-18). «Ehunka biktima, Israelek Gazako ospitale bati egindako erasoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
  2. (Ingelesez) «World leaders attend Cairo peace summit to ‘de-escalate’ Israel-Hamas war» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-22).
  3. «"Inoiz ez bezalako giza hondamendia" Gazan, Nazio Batuen arabera» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-10-25).
  4. (Ingelesez) «Israel announces ‘total’ blockade on Gaza» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  5. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_7-20240110211913 izeneko erreferentziarako
  6. (Ingelesez) «Israel using hunger as weapon of war, Borrell tells UN» EUobserver 2024-03-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-18).
  7. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_6-20240110211913 izeneko erreferentziarako
  8. «Dagoeneko 20.057 hildako Gazan, 8.000 haurrak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-25).
  9. (Ingelesez) «Gaza: The World’s Most Dangerous Place to be a Child | UNICEF Aotearoa» www.unicef.org.nz (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
  10. «Israeli armarik ez saltzeko eskatu du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).
  11. «Israeli armarik ez saltzeko eskatu du NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-07).
  12. «Eguberriak ezin ospatu Betleemen» Berria 2024-01-07 (Noiz kontsultatua: 2024-01-07).
  13. a b c Press, Europa. (2023-12-16). «Palestina pide investigar el enterramiento de pacientes y heridos vivos por excavadoras israelíes en Gaza» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  14. a b c (Gaztelaniaz) «Tropas israelíes sepultan vivos a palestinos en hospital gazatí» www.telesurtv.net (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  15. «Hambruna en Gaza: el norte de la Franja sobrevive con 100 gramos de pan al día» www.publico.es 2024-04-04 (Noiz kontsultatua: 2024-04-05).
  16. Lartzanguren, Edu. (2023-10-14). «Milioi bat gazatar mugitzeko agindua betetzea «guztiz ezinezkoa» dela esan du Bruselak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-14).[Betiko hautsitako esteka]
  17. a b (Ingelesez) Most of Gaza’s Population Remains Displaced and in Harm’s Way | Human Rights Watch. 2023-12-20 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  18. (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2023-10-18). «Guerra de Israel y Hamás en Gaza, en directo: última hora del conflicto y balance de muertos tras el ataque a un hospital» cadena SER (Noiz kontsultatua: 2023-10-18).
  19. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :13 izeneko erreferentziarako
  20. (Ingelesez) SHAH, HAMZA ALI. (2024-01-04). «‘Beheaded babies’ - How UK media reported Israel’s fake news as fact» Declassified Media Ltd (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  21. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa_3-20240110211913 izeneko erreferentziarako
  22. (Katalanez) 324cat. (2024-04-02). «La comunitat internacional exigeix explicacions a Israel per la mort de set cooperants a Gaza» 3Cat (Noiz kontsultatua: 2024-04-05).
  23. (Katalanez) 324cat. (2024-04-04). «Biden condiciona el suport a Israel a una major protecció dels civils i cooperants a Gaza» 3Cat (Noiz kontsultatua: 2024-04-05).
  24. (Ingelesez) «Mass graves in Gaza show victims’ hands were tied, says UN rights office | UN News» news.un.org 2024-04-23 (Noiz kontsultatua: 2024-04-23).
  25. (Gaztelaniaz) L.GÓMEZ, M. REY / L. GONZÁLEZ / M. CHARTE / A. SERRANO /. (2024-04-23). «Resumen de la guerra de Israel en Gaza el 23 de abril | La ONU investiga la presencia de cadáveres maniatados entre los más de 300 cuerpos hallados en fosas comunes» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).
  26. «Askatasunaren Flotilla ezin da irten Turkiatik, Israelen blokeoaren ondorioz» Berria 2024-04-26 (Noiz kontsultatua: 2024-04-28).
  27. (Ingelesez) Borger, Julian. (2023-12-29). «South Africa launches case at UN court accusing Israel of genocide» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  28. «Netanyahu says ‘nobody’ will stop Israel including Hague court» www.ft.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
  29. (Ingelesez) «A top U.N. court says Gaza genocide is 'plausible' but does not order cease-fire» NPR 2024-01-26.
  30. (Ingelesez) «UN rights body demands Israel be held accountable for possible ‘war crimes’» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-04-05).
  31. (Gaztelaniaz) Israel/Palestina: Verificados los vídeos de ataques liderados por Hamás | Human Rights Watch. 2023-10-20 (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  32. (Gaztelaniaz) Pita, Antonio. (2024-03-05). «La ONU obtiene “información clara y convincente” de violencia sexual contra los rehenes en Gaza» El País (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  33. Press, Europa. (2024-03-05). «Hamás rechaza "firmemente" el informe de relatores de la ONU sobre violencia sexual en los ataques del 7 de octubre» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2024-03-06).
  34. «Israelek atxilo dituen 8.000 palestinarren aurkako muturreko gehiegikeriak salatu dituzte» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  35. (Ingelesez) «UNRWA says Israel authorities tortured detained staff» Al-Jazeera 2024-03-04.
  36. a b (Ingelesez) Lodhi, Areesha. (2023-10-13). «What is the white phosphorus that Israel is accused of using in Gaza?» Al-Jazeera.
  37. «Fosforo zuriaren irakaspena: zibilak jomugan hartzea bada gerra modernoen berritasuna» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  38. (Ingelesez) «Evidence of Israel's unlawful use of white phosphorus in southern Lebanon as cross-border hostilities escalate» Amnesty International 2023-10-31 (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  39. (Ingelesez) Israel: White Phosphorus Used in Gaza, Lebanon | Human Rights Watch. 2023-10-12 (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  40. (Ingelesez) Wintour, Patrick. (2023-10-13). «Israel denies using white phosphorus munitions in Gaza» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  41. (Ingelesez) «Doctors without Borders surgeon recounts Israel's phosphorus bomb attacks on civilians in Gaza» www.radiohc.cu (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  42. (Ingelesez) Lodhi, Areesha. «What is the white phosphorus that Israel is accused of using in Gaza?» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  43. «Erasoen pean, kameraren atzean» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  44. «Israelgo Gobernuak aitortu du fosforo zuria erabili zuela Gazan» EITB (Noiz kontsultatua: 2023-11-10).
  45. (Ingelesez) Monitor, Euro-Med Human Rights. «Israel carries out more than a thousand white phosphorus strikes in Gaza» Euro-Med Human Rights Monitor (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
  46. (Ingelesez) Monitor, Euro-Med Human Rights. «Israel carries out more than a thousand white phosphorus strikes in Gaza» Euro-Med Human Rights Monitor (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]