Mugarik Gabeko Medikuak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
MSF-ren egoitza bat Txaden.

Mugarik Gabeko Medikuak edo frantsesez eta jatorrian Médecins Sans Frontières (MSF) laguntza gizatiarreko Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Laguntza medikoa eskaintzen du munduko 80 herrialde baino gehiagotan 1971tik. Genevan (Suitza) daukate egoitza nagusia.

Helburu nagusien artean egoera ezegonkorretan dauden komunitateak eta hondamendi naturalen edo gatazka armatuen biktimak laguntzea da, arraza, erlijio sinesmen edo ideologia politikoaren arabera inor baztertu gabe. Krisialdietako lekuetan independentzia eta inpartzialtasuna mantentzea berehalako erantzunak emateko eta eraginkortasuna eskaintzeko bidea du elkarteak bestela. Hala ere, arriskuak onartzen ditu elkarteak, boterearen aurrean jarrera irmoak hartzeko eta herritarren aldeko testigantzak emateko.

2010ean, Espainiako atalak 266.000 bazkide pasatxo zituen, %57a emakumezkoak eta %43a gizonezkoak zirelarik eta %74ak 40 urte edo hori baino gehiago zituelarik. Probintziaka, Bizkaia laugarren postuan eta Gipuzkoa seigarrenean zeuden bazkideen kopuruaren arabera, baina Nafarroa eta Araba 15 lehenengoen artetik kanpo zeudelarik [1].

Eduki-taula

Ibilbidea [aldatu]

  • 1971an batzorde batek erakundea sortu zuen Parisen (Frantzia). Urte hartan bertan Ekialdeko Pakistanek independentzia aldarrikatu eta gerra piztu zen. Bi urte lehenago, Biafrako gerrarekin, "giza laguntza garaikidea"-ren kontzeptua sortu zen. Bi krisialdi hauetan nazioarteak emandako erantzun eskasak eragin zuen MSF-ren sorrera.
  • 1976an lehen aldiz parte hartu zuten gerrako gune batean, Libanoko gudan hain zuzen ere.
  • 1980an MSF-ren taldeek klandestinoki zeharkatu zuten Pakistan eta Afganistanen arteko mugan, azken herrialde hura Sobiet Batasunak inbaditu ostean. Guda horrek inspiratu zuen "Le Photographe" komiki sorta argitaratzea hiru ataletan (Dupuis, 2003, '04 eta '05) hainbat urte ondoren. Lan honek Didier Lefèvre kazetariak 1986an MSF-ren talde batekin egindako egonaldia kontatzen du, Emmanuel Guibert eta Frédéric Lemercier egileen eskutik. 1980an ere Belgikako atala sortu zuten,Frantziatik kanpoko lehendabizikoa.
  • 1984an Etiopiako goseteak mundu osoan oihartzun handia eduki zuen ("USA for Africa" kanpaina tartean), eta MSF-k maila handiko lehen elikadura programa abiatu zuen.
  • 1985ean Kolonbian hasi ziren gobernua eta gerrillaren arteko gatazka armatuaren biktimak laguntzen. Urte bat geroago Espainiako atala sortu zuten.
  • 1999an Bakearen Nobel Saria jaso zuten, eta eskuratutako diruarekin "Oinarrizko farmakoetara iristeko kanpaina" martxan ipini zuten, gaur egun ere aktiboa dagoena. Hurrengo urtean bertan hasi ziren HIESaren aurkako farmako antirretrobiralak ematen, gaur egun ia 200.000 pertsonak hartzen dituztenak 19 herrialdetan programa hauei esker.
  • 2003an hasi ziren mobilizatzen Darfurreko krisialdia zela-eta, munduan oihartzun zabala lortuz.
  • 2004ko Indiako ozeanoko lurrikarak elkartasun uholdea eragin zuen eta MSF-k beste proiektu batzuetara desbideratu behar izan zuen azkenean soberan gelditu ziren diru-laguntza ugari.
  • 2008an Yemenen zeuden errefuxiatu somaliar eta etiopiarrei lagundu zieten. Urte hartan ere Myanmarren parte hartu zuten Nargis zikloiaren ondorioz. Hala ere, AEBetan "Living in Emergency: Stories of Doctors Without Borders" ("Larrialdian bizi: Mugarik Gabeko Medikuen istorioak") izenburuko dokumentala egin zuten.
  • 2010eko Haitiko lurrikara dela-eta bere historiako larrialdi planik handiena egin zuen erakundeak, kolera izurriteari aurre egitea barne. Urte hartan bertan Pakistango uholdeek eragindako ondorioak ere arinduz lagundu zuten.
  • 2011an erakundeak 40. urteurrena ospatu zuten.

Ikus, gainera [aldatu]

Erreferentziak [aldatu]

Kanpo loturak [aldatu]