Israel

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Israelgo Estatua
מְדִינַת יִשְׂרָאֵל
دولة إِسرائيل
Ereserkia: Hatikva

Israelgo bandera

Israelgo armarria
Geografia
HiriburuaJerusalem
31°46′44″N 35°13′32″E
Azalera20.770 km²
Ura %2,1
Punturik altuenaHermon (2.814 m)
Punturik sakonenaItsaso Hila (−437 m)
KontinenteaAsia
MugakideakSiria, Jordania, Egipto eta Libano
Administrazioa
Gobernu-sistemaerrepublika parlamentarioa eta Estatu unitario
Israelgo presidenteaIsaac Herzog
Israelgo Lehen MinistroaBenjamin Netanyahu
LegebiltzarraKnesset
Epai autoritateaIsraeli Supreme Court (en) Itzuli
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria872.700 (1948)
7.412.200 (2008)
8.463.400 (2015)
8.654.900 (2017)
8.796.200 (2017)
8.891.800 (2018)
9.093.000 (2019)
9.840.000 (2023)
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragileaAdierazpen errorea: Hitz ezezaguna "br" (2019)
Dentsitatea42,02 bizt/km²
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Erlijioajudaismo, islam, kristautasun eta Druzo
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
Emankortasun-tasa3,08 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak26.676 (2015)
Derrigorrezko eskolaratzea3-18
Bizi-itxaropena82,6 (2017)
Giniren koefizientea38,6 (2018)
Giza garapen indizea0,919 (2021)
Ekonomia
BPG nominala350.850.537.827,28 $ (2017)
33.102.995.337,892 (2016)
BPG per capita40.543 $ (2017)
3.172 (2016)
BPG erosketa botere paritarioa338.666.467.124 nazioarteko dolar (2017)
18.077.022.206 (2016)
BPG per capita EAPn38.867,762 nazioarteko dolar (2017)
1.354,37 (2016)
BPGaren hazkuntza erreala4 % (2016)
Erreserbak113.009.532.488 $ (2017)
17.563.243.740 (2016)
Inflazioa−0,2 % (2016)
0,8 (2015)
Historia
1948declaration of Israeli independence (en) Itzuli
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+972
ISO 3166-1 alpha-2IL
ISO 3166-1 alpha-3ISR
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Europlug (en) Itzuli, Type H (en) Itzuli eta BS 546 (en) Itzuli
Internet domeinua.il eta ישראל. (en) Itzuli
gov.il

Israel,[1] izen ofiziala Israelgo Estatua[1] (hebreeraz: מְדִינַת יִשְׂרָאֵל‎, Medīnat Yisrā'el, mediˈnat jisʁaˈʔel ahoskatua; arabieraz: دولة إِسرائيل‎, Dawlat Isrāʼīl, dawlat ʔisraːˈʔiːl ahoskatua), Ekialde Hurbileko estatu burujabea da, Mediterraneo itsasoaren ekialdean dagoena. Libano du iparraldean; Siria, Jordania eta Palestina, ekialdean; Aqabako golkoa, hegoaldean; Egipto eta Gazako zerrenda, hego-mendebaldean; eta Mediterraneoa, mendebaldean.

20.770 kilometro koadroko eremua hartzen du,[oh 1] eta 9,1 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Jerusalem da hiriburu ofiziala, baina nazioarteak ez du hala onartzen;[3] Nazio Batuen Erakundearentzat Tel Aviv da hiriburua. Hebreera eta arabiera dira hizkuntza ofizialak. Etnia nagusiak hauek dira: juduak (% 80), arabiarrak eta beste (% 20). Erlijioz, berriz, juduak dira israeldarren % 80, musulmanak % 15, kristauak % 2, eta bestelakoak % 3.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israel izenak Biblian du jatorria. Izan ere, Jainkoaren aingeruak Jakob patriarkari ezarri zion izena da, bere aurka borrokatu eta garaitu egin zuelako (Has 32:28-30). Horren ondorioz, haren ondorengoak Israelen seme-alabak edo israeldarrak dira.

Oraingo estatuak Medinat Yisrael (Israelgo Estatua) izena hartu zuen, proposatutako beste izendapen batzuk baztertu ostean, hala nola, Eretz Israel (Israel Lurraldea), Sion edo Judea.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israel Ekialde Hurbilean dago, Mediterraneo itsasoaren ekialdeko ertzean, ipar latitudeko 29° eta 34° artean, eta ekialdeko longitudeko 34° eta 36° artean. Libanorekin du muga iparraldean; Siria, Jordania eta Palestinarekin ekialdean; Aqabako golkoarekin hegoaldean; Egipto eta Gazako zerrendarekin hego-mendebaldean; eta Mediterraneoarekin mendebaldean.

Lurraldeak, 1967ko Sei Eguneko Gerran bereganatutako eremua kenduta, 20.770 kilometro koadro inguru ditu, non % 2 ura den.[4] Israeldar legeen aplikazio esparrua, berriz, Ekialdeko Jerusalem eta Golan barne, 22.072 kilometro koadro da.[5]

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelgo lurraldean lau eskualde geografiko bereizi ohi dira:

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jordan, Israelgo ibai nagusia, ipar-ekialdetik sartzen da herrialdean; Galileako itsasoan isurtzen du ura lehenik, eta handik aurrera Siriaren eta Israelen, eta Zisjordaniaren eta Jordaniaren arteko muga da; Itsaso Hilean du ahoa. Hegoalderago Aravah dago, Aqabako golkoan amaitzen dena, Itsaso Gorrian.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afrikako eta Asiako basamortuen eta Mediterraneoaren artean dagoenez, Israelgo klimak alde handiak ditu lurraldearen toki batetik bestera. Kostaldean, Tel Aviven eta Haifan esate baterako, klima mediterraneo tipikoa dago, negu hotz eta euritsuekin eta uda luze eta beroekin. Beer-Xevan eta Negev iparraldean klima erdiaridoa dute: uda beroak, negu hotzak eta klima mediterraneoan baino euri egun gutxiago. Negeveko hegoaldeak eta Aravah eskualdeak basamortuko klima dute, oso uda bero eta lehorrekin, eta negu leunak euri egun gutxirekin. Beste muturrean, mendialdea haizetsua eta hotza izan daiteke eta, 750 metroko garaieratik goiti, normalean urtean behin bederen elur egiten du.

Urteko batez besteko tenperatura 20,5 °C da itsasaldean; hegoaldean, berriz, 34 °C abuztuan eta 16 °C urtarrilean. Asian inoiz erregistratu den tenperaturarik beroena Tirat Zvi kibbutzean neurtu zen, Jordan haranaren iparraldean, 1942an: 53,7 °C.[6] Euri gutxi egiten du hegoaldean (25 mm urtean) eta askoz gehiago iparraldean (1.100 mm).[7] Oro har, urtaro lehorra apiriletik urrira izaten da, eta gainerakoa euri urtaroa.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelgo hosto-iraunkorreko basoak ia desagertu dira, nekazaritzarako erabili baitira lur eremu zabalak. Hala ere, iparraldean eukaliptoa, pinuak eta fruitu garratzeko arbolak ugari dira; hegoaldean, berriz, basamortuko landareak daude.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masada, erromatarren aurkako matxinadan hil arte borrokatu zen judu taldearen gotorlekua.
Sakontzeko, irakurri: «Israelgo historia»

Lehenbiziko mendeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daviden izarra judaismoaren ikurra da, Erdi Aroaz geroztik.

Hebrear herria K.a. 1.200 aldean sartu zen Kanaanen. Han bizi ziren herriekin (moabiarrak, filistarrak, eta abar) nahastu ziren eta Israelgo Erresuma osatu zuten. Erreinu horren urte oparoenak David erregearen (c. k.a. 1015-975) agintaldikoak izan ziren. K.a. 930. urte aldera, bitan banatu zen estatua: Israelgo Erresuma eta Judako Erresuma. Ordutik aurrera, israeldarrek botere politikoa galdu zuten, eta Babiloniaren, Persiaren, Mazedoniaren eta Erromaren mende izan ziren.

Asiriarrek hartu zuten Judea k.a. 722an, eta babiloniarrek Israel k.a. 587an. Haien ondotik persiarrak, greziarrak eta erromatarrak iritsi ziren; K.o. 70. urtean, matxinada baten ostean, Erromatar Inperioak juduak erbesteratu zituen. Halaxe hasi zen juduen diaspora. Hurrengo mendeetan beste herri askok hartu zuten Palestina: bizantziarrek, persiarrek, arabiarrek, gurutzadetako soldaduek, mamelukoek´... 1516tik aurrera, Otomandar Inperioaren mende egon zen zen lurraldea.

Bien bitartean, mundu osoan zehar sakabanaturik zeuden juduek galdutako lurraldera itzultzea izan zuten helburu nagusi. Judu elkarte asko, beren ohiturak eta sinesmenak gorde bazituzten ere, bizi ziren tokietan integratzen saiatu ziren. Hala, XIX. mendean, mendebaldeko Europako juduak onartuak izan ziren bitartean, Errusian, aldiz, bertakoetatik bereizirik bizi ziren. XIX. mendean, Moses Hessen eta, batez ere, Theodor Herzlen eraginez, sionismoa deritzon ideologia sortu zen. Ideologia horrek zioenez, juduek Palestinara itzuli behar zuten beren estatua sortu eta antisemitismotik libre bizi ahal izateko.

Hebrear estatua sortzeko ahaleginak egin ziren, eta judu guztiak batera Palestinara emigratzeko eta estatu berri bat sortzeko asmoa gero eta gehiago sendotu zen. Mugimendu sionista zen ideia horien sustatzaile nagusia, eta Errusiako juduak izan ziren lehenak asmo hori betetzen. Hala ere, judu guztiak ez ziren sionismoaren jarraitzaile: batzuek bizi ziren herrialdean integratzea proposatzen zuten, eta beste batzuek, aldiz, Palestinara itzultzea, Jainkoaren gidaritzapean.

Britainiar agintea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren ostean, Palestina Britainia Handiaren eskuetara igaro zen. Estatu horrek zalantzak zituen, juduei Palestinan kokatzen lagundu edo ez. Hala ere, 1917an Balfourren deklarazioa onartu zuen, juduei Palestinan beren nazioaren egoitza eraikitzeko eskubidea ematen ziena; haatik, zaila zen juduei laguntzea arabiarrak gaitzitu gabe.

1922an, Nazio Ligak lurraldea gobernatzeko eskubidea onartu zion Britainia Handiari, burujabetza lortu bitartean. Britainiarrek laguntza eman zieten Palestinara joan nahi zuten juduei, baldin eta han bizi ziren arabiarren eskubideak babesten baziren. Izan ere, artean, Palestinako biztanle gehienak arabiarrak ziren. 1923-1939 bitartean, ahaleginak egin ziren lurraldea bi estatutan (hebrearra eta arabiarra) banatzeko, baina etnia bakoitzak beretzat nahi zuen lurralde osoa. Bien bitartean, arabiarren eta juduen arteko lehen gerra piztu zen 1936an.

1939ko agiri ofizial batean arabiarrei laguntzeko eta juduen immigrazioa murrizteko eta hedapena mugatzeko agindua eman zen. Baina, Bigarren Mundu Gerran naziek Europa harturik juduei esetsi zietenean (sei bat milioi hil zituzten), juduek oldeka ihes egin zuten, eta britainiarrek Palestinan ezarri zizkieten mugak igaro zituzten. Mugimendu sionista banatu egin zen, eta britainiarren kontra matxinatu ziren muturreko talde armatuak sortu ziren.

1947an, Bigarren Mundu Gerra amaituta, Britainia Handiak argi ikusi zuen ezin zituela juduak eta arabiarrak adiskidetu, eta 1948ko udarako handik alde egin nahi zuela adierazi zuen. Horren aurrean, Nazio Batuen Erakundeak Palestina bitan banatzeko plana onartu zuen: hebrear estatua batetik, eta arabiar estatua bestetik, Jerusalem eta haren inguruak nazioarteko erregimen berezi baten baitan utzita. Arabiar Ligak zatiketa hori gaitzetsi egin zuen.

Independentzia eta arabiar-israeldar gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1948ko maiatzaren 14an, britainiarrek Palestinan zuten agintaldia amaiturik, Israelen independentzia aldarrikatu zuten juduek. Israelen mugan zeuden arabiar herriak lurraldearen ekialdean eta hegoaldean sartu ziren handik gutxira, eta lehenbizikoarabiar-israeldarra gerra piztu zen; gerra horretan Israel atera zen garaile. Izan ere, 1949an su-etenak sinatuagatik, israeldarrek gerran irabazi zituzten lurraldeak eurentzat gorde zituzten: zatiketa planean Israeli egokitu zitzaion lurraldeari beste % 26 gehitu zion. Jordaniak Zisjordania eta Jerusalemgo alde zaharra konkistatu zituen, eta Egiptok Gazako zerrenda.

Gerra garaian eta bukaeran, Israelek konkistatutako lurraldeetatik hainbat arabiarrek alde egin behar izan zuten (kalkuluen arabera, 600.000 eta 900.000 artean). Gehienbat inguruko estatuetara erbesteratu ziren, eta horrela sortu zen palestinar iheslarien arazoa, Israelen eta bere auzokideen arteko gatazkan osagai garrantzitsua dena. Arabiar herrien iritziz, israeldarrak arrotzak ziren, eta palestinarren ustetan, berriz, beren lurraldetik kanpora egotzi zituzten etsaiak. Hurrengo urteetan, palestinarren kontrako gudak eta arabiar herrien boikotak izan ziren.

Egiptoko Port Said hiria, 1956an, Suezko Gerran bonbardatua.

1956an, Israelek, Frantzia eta Erresuma Batuarekin batera, Egiptori eraso egin zion (Suezko Gerra. Frantziak eta Erresuma Batuak Suezko kanalaren nazionalizazioa eragotzi nahi zuten eta Israelek, aldiz, Egiptotik eraso egiten zioten palestinarren baseei eraso nahi zien. Israelentzat, Suezko Gerra garaipen argia izan zen (Gaza eta Sinai ia osoa bereganatu zituen), baina Frantzia eta Erresuma Batuarentzat, erabateko porrota, han nazioartean ordura arte izandako hegemonia galdu baitzuten.[8][9]

Nahiz eta gerra ondoren Israel Sinaitik eta Gazako zerrendatik erretiratu behar izan zen, Egiptoko mugan segurtasuna lortu zuen, gerraondoan han jarri ziren Nazio Batuen Erakundeko begiraleei esker. Hala ere, bake egoera badaezpadakoa zen oso. Suezko Gerratik aurrera, Ekialde Hurbila munduko gune gatazkatsuenetakoa bihurtu zen.

1967an, egiptoarrek hala eskatuta, Nazio Batuetako begiraleak joan zirenean, israeldarrak berriz sartu ziren inguruko arabiar estatuen lurretan: Sei Eguneko Gerran Suezko itsasertzeraino iritsi ziren, Gaza, Xarm el-Xeikheko gotorlekua (Itsaso Gorria), Jerusalem eta Zisjordania osoa hartu zituzten, eta 51 kilometro egin zituzten Sirian barrena. Jordanian babesturik zegoen PAE Palestinaren Askapenerako Erakundeak israeldarren kontra egin zuen, eta Israelek, berriz, Jordaniaren kontra, palestinarrei eman zien laguntzagatik. Azkenik, Jordaniako Hussein erregeak PAEko buruzagi nagusiak egotzi zituen, eta haiek Libanora joan ziren.

Israelek, berriz ere, ahaleginak egin zituen Libanoko gobernuak PAEko buruzagiak kanpora egotz zitzan. Bien bitartean, Israel bakartuta zegoen: Sobietar Batasunak eta Europako mendebaldeko nazio batzuek Israelen jokabidearen kontrako jarrera agertu zuten, eta inguruko herrialde guztiak etsaiak zituen; laguntza bakarra Ameriketako Estatu Batuetatik heldu zitzaion.

Egiptoko Armadako komando bat, Ismiliako Guduan suntsitutako Israelgo Armadako tanke talde baten aurrean, 1973an (Yom Kippur Gerra).

1973an, Egiptok eta Siriak elkar hartu zuten Israeli erasotzeko eta galdutako lurraldeak berreskuratu ahal izateko (Yom Kippur Gerra). 1977ko hauteskundeetan, Likud alderdia izan zen garaile, 1948az geroztik aginpidea zuen Alderdi Laborista garaituta, eta Menahem Begin lehen ministro izendatu zuten. 1978an, Camp Davideko bake hitzarmena izenpetu zuten Egiptok eta Israelek . Gainerako arabiar herriek, ordea, ituna gaitzetsi eta Egiptorekiko harremanak eten zituzten.

1982an, Israel Libanoko hegoaldean sartu zen, han zeuden palestinarrak menderatu nahiz, eta libanoar milizia kristau batek Sabra eta Xatilako palestinar iheslarien eremuei eraso eta jende asko hil zuten. Hurrengo urtean, Menahem Begin lehen ministroak kargua utzi zuen, eta haren ordez Yitzhak Shamirrek hartu zuen. 1984ko hauteskundeetan Simon Peresek hartu zuen lehen ministro kargua eta koalizio-gobernua antolatu zen ekonomia egoera suspertzea eta bakea lortzea helburutzat hartuta; 1986an, Shamirrek lortu zuen berriz lehen ministro kargua. 1988an, Zisjordaniako eta Gazako palestinarrek, su arma gaberik, Lehenengo Intifada izeneko matxinada hasi zuten, Israelgo armadak gupidagabe zapaldu zuena.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko Golkoko Gerran Irakek misilak jaurti zituen Israelera, baina Israelek, Estatu Batuen gomendioz, ez zion erasoari erantzun. Urte hartan bertan, Israelek laguntza ekonomikoa eskatu zien Estatu Batuei, Sobietar Batasuneko etorkin uholde handiari aurre egin ahal izateko. Datu ofizialen arabera, 400.000 judu inguru sartu ziren Israelen 1989 eta 1991 bitartean. Gobernuak Zisjordanian kokatu zituen etorkinak. Lanpostu berriak sortzeko ahaleginak ahalegin, % 11koa zen garai hartan langabezia. Lurraldean bakearen aldeko negoziazioak bultzatu nahirik, Estatu Batuak Israeli diru laguntza emateko prest agertu ziren, diru hori lurralde okupatuetan etorkin gehiago kokatzeko ez erabiltzekotan. Hala, lurralde okupatuetan etxebizitza gehiago eraikitzea aho biko arma bilakatu zen Yitzhak Shamirren gobernuarentzat. Batetik, Israelentzat ezinbestekoa zen diru laguntza hori Sobietar Batasun ohiko etorkinak kokatzeko; eta, bestetik, palestinarrek eta arabiarrek lurralde okupatuetan ez eraikitzea eskatzen zuten, bakearen aldeko elkarrizketetan parte hartuko bazuten.

1991ko urrian, Ekialde Hurbileko Bake Konferentzia egin zen Madrilen, Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren babespean.[10] Jordania, Libano, Siria eta Israelgo ordezkariek parte hartu zuten; palestinarrak Jordaniako ordezkaritzaren barruan joan ziren, Israelek uko egin baitzion haiekin zuzenean negoziatzeari. Arabiar herrialdeek "bakea lurraldearen truke" proposatzen zuten. Israelek ez zuen onartu proposamena baina, behin-behineko irtenbide gisa eta bost urteko eperako, prest agertu zen lurralde okupatuetako palestinarren autogobernuaz hitz egitera. Proposamenak krisia eragin zuen gobernuko koalizioan: eskuin muturreko alderdiek gobernua utzi zuten eta Shamir gehiengorik gabe geratu zen Israelgo Legebiltzarrean.

1992ko otsailean, Libanoko hegoaldeko palestinarren esparruei eraso zien Israelek.[11] Eraso hartan Hezbola taldeko buruzagietako bat, Abas Musawi, hil zen. Horrek gatazka bizitu zuen iparraldeko mugan. 1992ko ekaineko hauteskunde orokorretan laboristak izan ziren garaile eta Isaak Rabin izendatu zuten lehen ministro. Berehala, bertan behera utzi zen etxebizitzen eraikuntza lurralde okupatuetan, eta Estatu Batuek Israeli maileguak emateko bermeak desblokeatu zituzten. Bien bitartean, Israelek Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen eta Hezbolaren baseei eraso zien Libanoko hegoaldean. Sei egunean, 130 pertsona hil ziren, eta hamabost herri suntsitu zituzten.

Isaak Rabin eta Jassir Arafat, elkarri eskua ematen, Osloko Hitzarmenak sinatzeko ekitaldian, Bill Clinton atzean dutela (1993).

1993ko irailean, Oslon hilabeteetan eta isilpean negoziatzen aritu ondoren, Israelgo agintariek eta Palestinaren Askapenerako Erakundeko (PAE) buruzagiek Gazako eta Jerikoko palestinarrei autogobernua emateko lehen hitzarmena sinatu zuten: Osloko Ituna.[12] Erregimen hori gero Zisjordania osora zabaltzea zen asmoa. Negoziazioek Kairon segitu zuten, baina aldeak ez ziren ados jarri mugaren eta uraren kontrolari zegokionez. PAEk, gainera, 1.000 preso politiko askatzea eskatzen zuen. Bai Hamas taldeko palestinar erradikalek eta Hezbolako irandarzaleek, bai lurralde okupatuetako israeldarrek, erabat arbuiatu zuten hitzarmena. Egoerak zapart egin zuen handik gutxira.

1994ko otsailean, Israelgo eskuin muturreko kide batek Aitagoien Hobian (Hebron) otoitz egiten ari ziren hamarnaka palestinar hil zituen tiroka.[13] Bizirik atera zirenek kolpeka hil zuten bera. Hebrongo sarraskiaren ikerketa ofizialak agerian utzi zuen lurralde okupatuetako soldaduek kolono armatuei aurre ez egiteko agindua zutela. Ikerketak jakinarazi zuenez, gainera, soldadu batzuek tiro egin zuten jendetzaren aurka eta tenpluko ateak itxi zituzten jendeak ihes egin ez zezan. PAEk bertan behera utzi zituen negoziazioak, eta kolonoei berehala armak kentzea eskatu zuen, eta NBEri sarraskia kondena zezala. NBEk hilketak gaitzetsi zituen eta soldadu bake-begiraleak bidali zituen lurralde okupatuetara.

NBEn adierazpenaren ondoren, Siria, Libano eta Jordania Israelekin negoziatzen hasi ziren berriro. Jordaniak Israelgo armada Itsaso Hileko hegoaldetik eta Jordaniako iparraldetik alde egitea, Jordan eta Yamuk ibaietako urak banatzea eta 57.000 palestinar iheslari atzera aberriratzea eskatzen zuen. Libano eta Siriarekin zailagoa izan zen elkarrizketa. Damaskok Israelgo armadak Golandik alde egitea eskatzen zuen, eta Tel Avivek, berriz, Siriari behin betiko bakeak egiteko konpromisoa, elkar ezagutzea, eta harreman diplomatikoak hastea. 1994ko lehenengo hilabeteetan alde biek Golango militar kopurua gutxitzea eta nazioarteko begiraleak han izatea onartu zuten.

1994ko maiatzeko lehenengo egunetan Israelgo lehen ministro Isaak Rabinek eta PAEko lehendakari Jassir Arafatek Gaza eta Jerikori autonomia emateko hitzarmena izenpetu zuten. Hilaren bukaeran Israelgo armadak Gazatik alde egin zuen, lurraldea okupatu eta 27 urte geroago.[14] Jordaniarekiko negoziazioek aurrera egin zuten, eta uztailean bi herrien arteko gerra egoera amaitzea hitzartu zuten. Siriarekin, berriz, ez, Israelek ez zuelako Golandik erabat alde egin nahi.

Hurrengo urtean areagotu egin zen Israelgo gizartearen zatiketa. Manifestazio asko egin ziren Rabinen aurka. Azaroan, eskuin muturreko gazte israeldar batek lehen ministroa hil zuen.[15] Haren alderdikide batek, Shimon Peresek, hartu zuen Rabinen lekua, baina hurrengo urteko hauteskundeetan, eskuineko hautagaia, Benyamin Netanyahu, nagusitu zitzaion. Kontserbadoreek bertan behera utzi zituzten negoziazioak, eta egoerak okerrera egin zuen.

1995eko irailaren erdian, bake hitzarmenean hartutako erabakiak hautsiz, Israelgo gobernuak baimena eman zuen tunel bat zulatzeko, Al Aksa meskitaren azpian; islamaren leku santu nagusietako bat da hura. Erabaki horren aurkako protestetan zenbait soldadu israeldar eta hamarnaka palestinar hil ziren. Netanyahuk lehenago gogor kritikatu izan zuen Rabin, Arafatekin hitz egin zuelako, baina palestinar buruzagiarekin elkartu zen 1996ko bukaeran eta 1997ko hasieran, Israelgo armada Hebron hiritik (Zisjordania) alde egitea negoziatzeko.

1997ko martxoan, gobernuak Jerusalemgo palestinarren aldirian beste kolono-herri bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen. Palestinarren agintaritza eta Estatu Batuak herria eraikitzearen aurka azaldu ziren, Osloko Ituna urratzen zuelako. Netanyahuren erabaki irmoak elkarrizketak eten zituen. Ehud Barak jeneral erretiratuak Alderdi Laboristaren gidaritza eta oposizioko buruzagitza hartu zuen Peresen ordez. Azaroan, Israelgo Auzitegi Gorenak baimena eman zuen kartzela zigorra beteta zuten 21 libanoar preso espetxean atxikitzeko, Libanon bahitutako israeldarrekin trukatu ahal izateko gero. Hori baino lehen, atxilotuei egiten zaizkien galdeketetan presio fisiko moderatua baliatzea ere onartu zuen. Aaron Barak epaileak adierazi zuen, egoera horietan derrigorrezkoa zela giza eskubideak urratzea. Azaro hartan bertan, Rabinen hilketaren bigarren urteurrenean, Israelen sekula egindako manifestazio jendetsuenetako batean, Palestinarekin behin betiko bakeak egitea eskatu zen.

2000. urtean, Israelgo armadak Libanoko hegoaldea utzi zuen, 1983 ezkero okupatuta baitzeukan. 2000ko uztailean, Camp Davideko goi bilera egin zen, Ehud Barak Israelgo lehen ministroaren eta Jassir Arafat Palestinako Aginteko lehendakariaren artean, Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariaren eraginez. Bilera hartan, Barakek plan bat eskaini zion Arafati palestinar estatu bat sortzeko, baina Arafatek uko egin zion. Bilerak ez zuen emaitzarik eman, eta hura bertan behera gelditu zenean, Bigarren Intifada hasi zen lurralde okupatuetan.[16]

2001eko hauteskunde berezietan, Ariel Sharon izendatu zuten lehen ministro. Bere agintaldian, Sharonek Gazako zerrendatik erretiratzeko asmoa bete zuen eta, bestalde, Zisjordania zeharkatzen duen harresia eraikiarazi zuen. Harresi hori oso eztabaidatua izan zen; batzuentzat, beharrezkoa zuen Israelek palestinar atentatugileengandik babesteko; beste batzuentzat, ordea, harresi hori palestinar lurralde zati bat bereganatzeko aitzakia besterik ez zen, eta bakarturik eta inkomunikaturik utzi zituen palestinarrak.

2009ko Gazako bonbardaketetan Israelek fosforo zurizko munizioak —nazioarteko legean debekatuak— erabili zituen populazio zibilaren aurka[17][18]

2006an, garuneko jario baten ondorioz, Sharon koma egoeran gelditu zen, eta Ehud Olmertek hartu zituen lehen ministroaren ardurak. Urte hartako udan, Libanoko Bigarren Gerra hasi zen. Hezbolako ekintzaile batzuek koheteak bota zituzten Israelgo iparraldera, eta israeldar soldadu batzuk hil eta haietako bat bahitu zuten. Ekintza horri erantzunez, Israelek Libano inbaditu zuen, borroka handiak izan ziren israeldar armadaren eta Hezbolaren artean, eta Israelek bonbardaketa gogorrez zanpatu zuen Libano. Zibil asko hil zituzten, eta eraikin eta azpiegitura asko porrokatu. Handik hilabetera bukatu zen gerra.

2007an, israeldar lehen ministro Ehud Olmert eta palestinar lehendakari Mahmoud Abbas hizketan hasi ziren berriz, konponbide bat aurkitu nahian. 2008. urtearen amaieran, Hamasen eta Israelgo estatuaren arteko su-etena hautsi egin zen, Gazako zerrendatik Israela Hamasek koheteak bota zituenean. Israelek aurrena Gaza hegazkinez bonbardatuz eta gero Gaza lurrez inbadituz erantzun zuen (2008/2009ko Gazako bonbardaketak). Sekulako sarraskia eragin zuen zibilen artean, eta hondamen ia erabatekoan utzi zuen Gaza. 2009ko urtarrilean amaitu ziren eraso horiek.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Knesset parlamentua, ilunabarrean.

Israel errepublika parlamentarioa da. Ez du konstituzio idatzirik, eta jardueraren jardueraz ari da antolatzen. Knesset biltzarrak du botere legegilea; biltzarreko 120 kideak lau urtez behin hautatzen dira, sufragio unibertsalaren bidez. Knessetek hautatzen du presidentea bost urtez behin, eta presidenteak lehen ministroa izendatzen du gobernuburu. Errepublikako presidentea da estatuburua, eta protokolo eginkizunak ditu gehienbat; praktikan, beraz, lehen ministroa eta haren gobernua arduratzen dira gobernatzeaz.

Alderdi politiko nagusiak Alderdi Laborista eta Likud dira. Israelgo estatua sortu zenetik 1977 arte, Langileen Alderdia izan zen garaile hauteskunde guztietan. 1980tik aurrera bi alderdiek parte hartu dute gobernuan. Alderdi txiki ugarik izaten dute ordezkaritza Knesseten, eta horrek gobernagarritasuna zailtzen du. Alderdi Laboristako Isaac Herzog hautatu zuten presidente 2021ean.[19]

Harreman zailak izan ditu beti inguruko estatuekin. Hori dela eta, Siriarekin eta Palestinarekin dituen mugak zehaztu gabe daude oraindik. Nazioarteak Sei Eguneko Gerraren aurreko mugak hartzen ditu oinarri, baina Israelek beretzat jotzen ditu Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Israelen banaketa administratiboa»
Israelgo mapaGolanIparraldeaHaifaHaifaErdialdeaErdialdeaTel AvivHegoaldeaJerusalemJudea eta Samaria EremuaZisjordania
Israelgo mapa

Israel sei barruti edo mehozot-etan (מחוזות; sing.: mahoz) banaturik dago. Judea eta Samaria Eremuak 1967ko Sei Eguneko Gerran Israelek okupatutako Zisjordania hartzen du, Ekialdeko Jerusalem izan ezik.

Barrutia Hiri nagusia Azpibarrutiak Biztanleria
Iparraldea Nazaret Kinneret, Safed, Akre, Golan, Jezreelgo harana 1.242.100
Haifa Haifa Haifa, Hadera 880.000
Erdialdea Ramla Rishon LeZion, Sharon (Netanya), Petah Tikva, Ramla, Rehovot 1.770.200
Tel Aviv Tel Aviv Bat Yam, Bnei Brak, Giv'atayim, Holon, Ramat Gan, Tel Aviv 1.227.000
Jerusalem Jerusalem Jerusalem 910.300 (tartean 200.000 israeldar kolono eta 208.000 palestinar)[20][21][22]
Hegoaldea Beer-Xeva Axkelon, Beer-Xeva 1.053.600
Judea eta Samaria Eremua (Zisjordania) Modi'in Illit Judea eta Samaria Eremua 375.000 israeldar‏‏[23]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Israelgo biztanleria, 1949az geroztik; 1948. urtearen hasieran, biztanleen % 65 arabiarrak ziren.

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

9,1 milioi biztanle zituen 2019an.[2] Adinari dagokionez, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak, % 26,7; 15-24 urte bitartekoak, % 15,7; 25-54 urte bitartekoak, % 37,2; 55-64 urte bitartekoak, % 8,4; eta 65 urtetik gorakoak, % 12. Bizi itxaropena 83,1 urtekoa da: 81,2 urtekoa gizonezkoena eta 85,1 urtekoa emakumezkoena (2021eko zenbatespenak). Biztanleen % 92,8 hirietan bizi dira.[4]

Israelgo Estatuak herrialdearen biztanle hazkundea bultzatu zuen 1950eko Itzulera legearen bidez¡. Lau immigrazio olde handi izan dira, 1948an lehena, 754.000 judu iritsi zirenean, nazien kontzentrazio esparruetan egondakoak gehienak.

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen % 74,1 juduak dira eta % 21 arabiarrak. 2019an, juduen % 78,1 Israelen bertan jaiotakoak ziren, % 15,2 Europan, Ameriketan edo Ozeanian, % 4,3 Afrikan, eta % 2,4 Asian.[4] Bien bitartean, palestinar asko Jordaniara, Libanora eta Siriara erbesteratu dira, 1948ko eta 1967ko gerretan batez ere.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hebreera da hizkuntza ofiziala, eta arabierak estatus berezia dauka.[4] Horietaz gainera, beste asko mintzatzen dira, mendeetan Israeldik kanpo bizi izanik juduek bereganatu dituztenak: ingelesa, frantsesa, alemana, yiddisha (germaniar hizkuntza), errusiera, errumaniera eta ladinoa (gaztelaniaren dialektoa, sefardien mintzabidea).

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juduak % 74 dira, musulmanak % 18, kristauak % 1,9 eta druzoak % 1,6.[4] Juduak bi talde nagusitan bereizi ohi dira: askenazi errituaren jarraitzaileak, Europako erdialdetik eta ekialdetik etorritakoak, eta sefardiak, Mediterraneotik eta Asiatik etorritakoak. Musulman gehienak suniak dira, eta Negeven eta Galilean bizi dira. Kristau gehienak —ortodoxoak eta katolikoakJerusalemen bizi dira; eta druzoak, aldiz, Galilean.

2014ko irailaren 18an, Israelgo Barne Ministerioak gutxiengo aramearra "bereizitako nazionalitate" izendatu zuen. Berrehun bat familiak osatzen dute aramear komunitatea, eta kristauak dira erlijioz. Ordu arte, arabiar etniaren barruan sailkatu zituen Israelek. Ahmed Tibi arabiar diputatuak neurria salatu zuen: "Kristauak Israelgo gutxiengo palestinar arabiarraren parte dira, eta eskuin muturrak ez du hori aldatuko".[24]

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleen % 90 erdialdeko eta iparraldeko hirietan bizi dira, Mediterraneoko itsasaldean batez ere. Gaur egun, arabiarren kopurua juduena baino bizkorrago handitzen ari da: juduen jaiotza tasa arabiarrena baino heren bat apalagoa da, eta heriotza tasa, handiagoa; hala ere, jaioberrien heriotza tasa apalagoa da juduen artean.

 * Ekialdeko Jerusalem eta Zisjordania barne.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki energia ekoizteko munduko platerik handiena, Ben-Gurion energia zentroan (Sde Boker, Israel)

Israelgo ekonomia Ekialde Hurbileko emankorrenetako bat da, eta hiru oinarri nagusi ditu: nekazaritza, balio erantsi handiko produktuetan espezializatutako industria, eta kanpoko inbertsioak.

Nekazaritza funtsezkoa izan da Israel arabiar herrien artean bakarturik elikagaiez hornitzeko eta aurrera irten ahal izateko. Herrialdeko uraren % 80 nekazaritzarako erabiltzen da, eta horrek arazo handiak sortzen ditu ur hornikuntzan. Eremu ureztatu zabalenak kostaldean eta Hulako ordokian daude. Batez ere zitrikoak lantzen dira, esportatzeko. Mendialdean tabakoa eta barazkiak lantzen dira, eta Jezreelgo ordokian eta Negeven laboreak, garia batez ere. Eremu ureztatu horietan, bestalde, abereak eta hegaztiak hazten dira, eta orobat Galileako mendialdean eta Negeven.

Lehen sektorearen barruan, meatzeak dira beste jarduera garrantzitsu bat. Meatoki nagusiak Negeveko basamortuan daude: fosfatoak, kobrea, manganesoa eta burdina ateratzen dira, bai eta petrolio eta uranio pixka bat ere. Itsaso Hiletik, bestalde, gatza ateratzen da.

Bigarren sektoreak Barne produktu gordinaren (BPG) laurden bat baino gehiago ematen du: manufakturak, energia eta eraikuntza dira jarduera garrantzitsuenak. Israeldarrak eguzki argi ugariaz baliatzen dira eguzki-energia sortzeko, eta energia mota horretan biztanleko gehien ekoizten duen estatua da.[25] Bertako industria Ekialde Hurbileko aurreratuena da. Armagintzak, mundu osoko juduen laguntzaz, eta amairik gabeko gerra egoera dela-eta, berebiziko garrantzia du. Horrekin batera, industriako sektore nagusiak metalurgia eta kimika dira.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakaskuntza orokorra eta doakoa da 5-15 urte bitartekoentzat. Goi mailako ikasketarako ikastetxeak dira, beste batzuen artean, Jerusalemen dagoen Hebrear Unibertsitatea (1925) eta Haifan dagoen Israelgo Institutu Teknologikoa (1924). Israelgo estatuak juduen kultura eta erlijioa aintzat hartzen ditu, baina gainerakoenak ere onartzen ditu. Soldadutzarako heziketa eskolan bertan hasten da, eta bai gizonek bai emakumeek egin behar dute.

Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osasunaren egoera, oro har, ona da. Israelgo Osasun ministerioak sektore publikoa babesten eta pribatua begiratzen du. Gizarte laguntzak langabeak, lan istripuak, ama erditu berriak eta abar babestea du helburu. Histadrutek Israelgo langile gehienak babesten ditu eta laguntza ematen du gaixo daudenerako.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amos Oz idazlea

Israelek bere inguruko herrialdeek baino alfabetizazio tasa altuagoa du, baita Asiako altuena ere, Hego Korearekin batera. Hebreera hizkuntza liturgikoa izatetik egunerokoa izatera igaro da. Gaur egun, bertako literatura hizkuntza horretan egiten da nagusiki. Aipagarriak dira, besteak beste, Shmuel Yosef Agnon, 1966an Literaturako Nobel saria jaso zuena, Rachel Bluwstein, Yehuda Amichai eta Amos Oz idazleak.

Musika eta beste kultura atalek iturburu asko dituzte, Israelgo aniztasun kulturalaren adierazgarri. Arlo horretan, aipatzekoak dira Daniel Barenboim orkestra-zuzendaria, Itzhak Perlman eta Pinchas Zukerman biolin-jotzaileak, eta Ofra Haza eta Noa abeslariak.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 22.072 kilometro koadro, Israelek bereturik dituen Golan eta Ekialdeko Jerusalem kontuan harturik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
  2. a b c Israel. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-3-14).
  3. Jerusalem Israelgo hiriburu gisa onartu du Trumpek, eta hara eramango du enbaxada. Eitb, 2020-12-23, eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-14).
  4. a b c d e Israel. The World Factbook, Central Intelligence Agency, cia.gov (Noiz kontsultatua: 2022-03-18).
  5. (PDF) Area of Districts, Sub-Districts, Natural Regions and Lakes Statistical Abstract of Israel (2006). cbs.gov.il.
  6. WMO Region VI (Europe): Highest Temperature. wmo.asu.edu (Noiz kontsultatua: 2022-03-18).
  7. Climate: Eilat. en.climate-data.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-18).
  8. Cash, Damien, "Suez crisis, The Oxford Companion to Australian History. Graeme Davison, John Hirst & Stuart Macintyre. Oxford University Press, 2001.
  9. Owen, Roger, "Suez Crisis", The Oxford Companion to the Politics of the World. Joel Krieger, Oxford University Press Inc. 2001.
  10. Aldabe, Koldo. Judu-arabiar negoziaketen lehen saioa gaur hasiko da Madrilen. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko urriak 30, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  11. Israelek Libanoko hegoaldeak hartu du ‘segurtasun eremua’ gaindituta. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko otsailak 21, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  12. Rabin eta Arafatek sinatuko dute Palestinarren autogobernu akordioa. Euskaldunon Egunkaria, 1993ko irailak 12, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  13. Larrañaga, Jone. Herrialde arabiarretan gaitzespenik gogorrena eragin du Hebrongo hilketak. Euskaldunon Egunkaria, 1994ko otsailak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  14. Israelgo Armada Gazako base nagusiak uzten hasi da jada. Euskaldunon Egunkaria, 1994ko apirilak 3, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  15. Aldabe, Koldo. Yitzhak Rabinen hilketa: Bakea sinatu zuen soldadua. Euskaldunon Egunkaria, 1995ko azaroak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  16. Agintarien batzarretik at, enfrentamendu gogorrak berriz ere Gazan eta Zisjordanian. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko urriak 17, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-21).
  17. Israel used white phosphorus in Gaza civilian areas. Amnesty International, amnesty.org (Noiz kontsultatua: 2009-01-09).
  18. Rain of Fire. hrw.org (Noiz kontsultatua: 2022-3-22).
  19. Alberdi, Iosu. Isaac Herzog izango da Israelgo presidente berria. Berria, 2021eko ekainak, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-22).
  20. Sherwood, Harriet. (2012-7-26). Population of Jewish settlements in West Bank up 15,000 in a year. Londres: The Guardian, guardian.co.uk.
  21. Palestinians grow by a million in decade. The Jerusalem Post/Associated Press, jpost.com 2008-02-09.
  22. Comprehensive Settlement Population 1972-2010. Foundation for Middle East Peace, fmep.org.
  23. The Jewish Demographic Bomb: Judea and Samaria Up 4.3% in 2013. jewishpress.com.
  24. Gutxiengo aramearra «bereizitako nazionalitate» izendatu du Israelek. Berria, 2014ko irailak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-3-22).
  25. Grossman, Gershon; Ayalon, Ofira; Baron, Yifaat; Kaufman, Debby. Solar energy for the production of heat. Samuel Neaman Institutua (Noiz kontsultatua: 2007-11-07).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]