Guillaume-Thomas Raynal
Guillaume-Thomas Raynal (Saint-Geniez-d'Olt, Frantzia, 1713 - Paris, Frantzia, 1796) historialaria eta filosofoa izan zen. Jesusen Lagundian sartu eta apaiz katoliko egin zen, baina albora utzi zuen erlijio-bizitza, eta historiari buruzko obrak idazteari ekin zion. Entziklopedista zen, eta gogor salatu zituen Frantziako politika koloniala eta Erromatar Eliza Katolikoa bera.
1750-1754 urte-bitartean, Mercure de France aldizkari literarioa argitaratu zuen. Histoire philosophique et politique des établissements et du commerce des Européens dans les deux Indes (1770, Europarren merkataritzaren historia filosofikoa eta politikoa bi Indietan) obra zela eta, Geneva, Berlin eta San Petersburgo hirietara erbesteratu behar izan zuen. 1787an, Frantziara itzuli zen, eta Estatu Jeneraletako diputatu hautatu zuten bi urte geroago. Sortu zen Biltzarra zorrozki kritikatu zuen, Konbentzioaren aurka agertu zen, eta Direktorioa onartu zuen. Frantziako Institutuko kide izendatu zuen Direktorioak, 1795ean.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.