Indukzioaren arazoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
1967. urtean Vlamingheko Willemek beltxarga beltzen gainean egindako aurkikuntzaren ondorioz, hauek guztiak zuriak zirelako sinesmen zahar eta induktiboa guztiz baztertzea suposatu zuen.

Indukzioaren arazoa da indukzioaren bidez lortutako emaitza epistemologikoki justifikatuta dagoen, hau da, indukzioak ezagutza sortzen ote duen. Platonekemandako definizio orokorraren arabera, ezagutza “benetako eta justifikatutako sinesmen” gisa kontsideratzen da, eta indukzioa ezagutza legitimotzat hartu nahi izanez gero, beharrezkoa da indukziotik eratorritako "sinesmen" horiek justifikatu ahal izatea.[1]

Aristotelesek azaltzen zuen moduan, arrazoimenera iritsi ahal izateko bi bide daude: alde batetik dedukzioa, ez anpliatiboa dena eta egia bermatzen duena premisetatik ondorioetara pasatzerakoan. Premisak egiazkoak badira, ondorioak egiazkoak izango dira. Bestetik, indukzioa izango genuke, anpliatiboa dena (hortaz, munduari buruzko ezagutza handitzen duena) baina egiarik bermatzen ez duena. Hau da, premisak egiazkoak izan daitezke baina ondorioa faltsua suertatu. Aristotelesek behaketa fasean metodo induktibora jotzen zuen orokorpen bat lortzearren baina, behin hau lortuta, kasu partikularrak ikertu ahal izateko metodo deduktiboa erabiliko du. Modernitatearen garaian indukzioa alde batera utzi zen Descartesen eskutik, Indukzioaren ahuleziak nabarmendu baitzituen, orokorpena baita indukzioaren azpian dagoena.

Descartesen aburuz, dedukzioa ziurra da “ezagutza ziurra izan behar baita”. Haren ustez, zientzia premisa metafisiko ziurretan planteatu behar da; adibidez, kausa-efektu loturan. Premisak elkar lotuak egon behar dira, hortaz, ezagutza premisa metafisiko zalantzagabekoetan oinarritzea zuen asmotzat. Hau honela izanik, ez zituen distantziaz egindako ekintzak kontsideratzen.

Indukzioaren arazoa edo Humeren arazoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Humek bai egunerokotasunean eta bai mundu zientifikoan, etengabean indukziora jotzen dugula onartu zuen, baina animalien ohitura bat dela baieztatzen eta azpimarratzen zuen.

Descartesek bere teorizazioan planteatutako dualismoarekin ez zegoen inola ere ados Hume, Descartesen ustez animaliek ez baitute ez adimen ez borondaterik (kontuan izanik bi ezaugarri hauek, adimena eta borondatea, Descartesen teorian zentralak direla). Hortaz, Humek planteamendu kartesianoari kontra egin zion, esanez indukzioa ezin dela arrazionalki defenditu. Hau da, Humeren arabera indukzioan “sinestea” ez da arrazoizkoa prozesu zirkulartzat ulertzen baitu: indukzioa justifikatzeko “natura erregular” bat suposatu behar da baina natura erregular hura arrazionalki justifikatzeko indukzioa behar da. Hortaz, indukzioa prozesu guztiz zirkularra da. Humeren planteamendua Descartesen planteamenduaren kontra zihoan eta tentsioa sortu zen (Hume VS Descartes; Indukzioa VS dedukzioa).

Izan ere, kontuan hartu beharra dago natura ezin dela besterik gabe erregulartzat hartu eta hortaz, arrazionaltasunaren ikuspegi hertsi bat zalantzapean ipintzen du Humek (ikuspegi kartesiarra). Indukzioaren arazoa Induktibismo edo enprirismoaren korrontearen jarraitzaileek aurre egin behar dioten arazoari deritzo; alegia, enuntziatu singular edo partikularretatik, orokorretara pasatzearen justifikazioa. Hau da, kasu konkretu batetik lege izatera pasatzea. Hortaz, induktibistek arazoak izango dituzte hipotesi orokor baten zilegitasuna proposatzean, hau esperientzian edo ebidentzia enpirikoan oinarritzen baldin bada.

Adibide gisa, zentzuduna izango litzake esatea orain arte ikusi ditudan beltxarga guztiak zuriak izan diren heinean, hemendik aurrera ikusiko ditudan guztiak halakoak izango direla ere. Adibidearen erantzunak premisak deuseztatzera eramango gintuzke, indukzioak ez duelako kasu partikularren ziurtasunik ematen. Hau da, ez du beltxarga beltz baten existentzia ezeztatzen.

Induktibista edo enpiristek duten beste arazo batzuk badira, hala nola, aurreiritzietan erortzea edota estereotipoen orokorpena egitea. Hala ere, beste arazo ezagun bat bada, zientzialariaren lana behaketarekin batera hasten dela kontsideratzearen mugaketa. Izan ere, induktibistek ulertzen dute errealitateko kasuak aztertuz eta horien arteko berdintasunak ezarriz soilik, hel daitekeela hipotesietara. Hau da, hipotesirik gabeko behaketa puru eta aurreiritzirik gabekoa planteatzearen alde egiten dute, baina halako behaketarik ez da posible. Hortaz, honi induktibismo sineskorra edo inozoa deritzo behaketa espektatibek eta aurretiko ezagutzek kondizionatzen baitute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) John, Vickers,. «The Problem of Induction» plato.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2018-03-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]