Jacquerie

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Presoak atxilotuta, Froissarten irudi batean.

Jacquerie 1358an, Ehun Urteko Gerran, iparraldeko Frantzian, batik bat Oise ibaiaren arroan, gertatutako matxinada herrikoiari ematen zaion izena da. Izena sortu zen nobleek nekazariei "Jacque" edo "Jacque Bonhomme" -"jacque" izeneko saia zela eta- deitzen zielako[1]. Arrazoiak anitzak ziren gizartea, armada eta politika krisian baitzeuden, esate baterako nobleziaren ospe txarra batez ere Poitiersko porrotaren ostean.

Ingelesek Frantziako erregea, Jean II.a atxilotu zuten Poitiersko guduaren ostean. Hori zela eta, boterea Frantzian Estatu Nagusiak, Nafarroako Karlos II.a eta Charles dofinaren artean banandu zen. Nolanahi ere, Estatu Nagusiak oso bereizita zeuden estatua era eraginkorrean gobernatu ahal izateko, eta aipaturiko bi gobernarien arteko borrokek zatiketa ekarri zuten nobleen artean. Gauzak horrela, Frantziako klase pribilegiodunek, nobleziak, merkatari nagusiek eta apaizteriak nekazariei zergak handiagoak (taille esaterako) ordainarazi zieten, eta ordainsaririk gabe, gerrak hondatutako ondasunak konpondarazi zizkieten (corvée). Horretaz gain, ingelesez, gaskoiez, nafarrez eta alemaniarrez osatutako talde mertzenarioek bere horretan jarraitu zuten Frantzian, desegin gabe, nahi zuten guztietan lurrak arpilatzeko.

Arazo multzo horrek 1358an matxinada odoltsuak abian jarri zituen. Parte hartu zuten nekazariek benetako antolamendurik ez omen zuten, tokian tokian altxatzen ziren, ordea. Senlis eta Montdidier, esate baterako, arpilatu zituen nekazarien armadak. Estatua buru xarmangarririk gabe, Paris Étienne Marcelen agindupean zegoen harik eta 1358ko uztailean dofinaren eskura igaro zen. Marcelek matxinadarekin bat egin zuen, eta hiria eta bizitza kostatu zitzaion. Hortik aurrera, dofina boterea bereganatzen hasi zen.

Matxinada Nafarroako Karlos II.a itzali zuen. Bere armadak eta nekazarienak aurrez aurre egin zuten Mellon ekainaren 10ean. Guillaume Cale, matxinatuen burua, Karlosekin menia hitzartzera gonbidatu zuten. Lañoki, etsaien kanpalekura joanda, noble frantziarrek atzeman zuten. Izan ere, noblea ez izanda, zalditeriaren arauak ez ziren betetzekoak beregan[1]. Hurrengo borrokan, zaldikoek suntsitu zuten buru gabeko armada nekazaria. Horren ostean, Beauvais aldean soldaduek lurraldea arpilatu zuten nekazari andana erahilda.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b   Barbara Tuchman, A Distant Mirror, Alfred A. Knopf, NY (1978), 155. orrialdea .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • J. B. Bury, The Cambridge Medieval History: Decline of Empire and Papacy, Vol. VII. New York: Macmillan Company, 1932.
  • Samuel K. Cohn, Jr., Popular Protest in Late Medieval Europe. Manchester: Manchester University Press.
  • Jean Froissart. Chronicles. London: Penguin Books, 1978.