Jainkoen oturuntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jainkoen oturuntza
Jatorria
Sortzailea(k)Giovanni Bellini eta Tiziano
Sorrera-urtea1514 (egutegi gregorianoa)
IzenburuaThe Feast of the Gods eta Festino degli dei
MugimenduaVeneziako eskola
Goi Pizkundea
Quattrocentoa
KomisarioaAlfonso d'Este (en) Itzuli
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura eta Margo-oihala
Dimentsioak170,2 (altuera) × 188 (zabalera) cm
Genero artistikoamargolaritza mitologikoa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Kokapena
LekuaWashingtongo Arte Galeria Nazionala
Italia
Ferrara
BildumaWashingtongo Arte Galeria Nazionala
Inbentarioa1942.9.1
Priapo Lotis ninfa limurtzen.

Jainkoen otordua (italieraz: Festino degli dei) Giovanni Bellini margolari italiarraren azken lanetako bat da. Washingtongo Arte Galeria Nazionalean gordetzen da. Mihise gaineko olioz egina dago. 170 zm-ko altuera eta 188 zm-ko zabalera du. Veneziako artistak mitologia inguruko lan gutxi egin zituen eta horrek balio gehiago ematen dio lan honi. 1514 inguruan egin zuen.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bellinik 1514an margotu zuen, Alfontso I.a Estekoa Ferrarako dukearen enkarguz, Ferrarako Esteko Gazteluan bere camerino d'alabastro (alabastro-ganbera). Bere azken lanetako bat da, egileak behin eta berriz aldatu zuena. Bere bizitzaren amaierako lan hauetan Veneziako pintura tipikoa iragartzen da, Giorgioneren eraginpeko kolore eta argiarekiko bere zaletasunarekin. Bellini hil zenean, handik gutxira (1516an), Tizianok paisaia aldatu zuen bere Il Baccanale degli Andrii obrarekin egokitu egin zezan, hau ere Alfontso I.aren kamerinoan.

Pintura Peter A. B. Widener estatubatuar handikiak erosi zion Northumberlandeko Dukeari 1925ean, eta, geroago, Washingtongo Arte Galeria Nazionalean sartu zen bere bildumaren gainerakoekin.[2]

Azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Veneziako artistaren pintura mitologiko bakarrenetakoa da. Horrela, bere bizitzaren amaieran, Bellinik Errenazimentuko korronte berriak sortzen lagundu zuen, bere gazte garaikideen lanen monumentaltasun eta ezaugarri piktoriko berberak erakutsiz.

Oreka dago paisaiaren eta irudien artean. Lehenik, Olinpoko jainkoak ikusten dira oturuntza egiten. Eszenak Ovidioren Fastien poemaren bi pasarte irudikatzen ditu elkarrekin. Priapo, ezkerrean, Lotis ninfa limurtzen saiatzen ari da, baina Silenoren astoak eragozten dio. Inguruan jainko mozkorrak daude: Jupiterrek arrano bat du inguruan, Poseidon, Zibeles eta Zeres laztantzen ari da, Hermes upel baten gainean ilaunki luzatuta dagoen bitartean. Parra hostoak buruan dituen mutila Bako jainkoaren ezohiko irudikapen gaztea da. Hasiera batean Bellinik irudiak pertsona hilkor gisa margotu zituela uste da, Ovidioren itzulpen oker bati jarraituz; ondoren, jainko olinpikoen ezaugarriekin berriz margotu behar izan zituen.[3]

Hondoko paisaian zuhaitz hostotsuak dira nagusi. Argia delikatua eta samurra da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.arte.it/opera/festino-degli-dei-4638
  2. Conisbee, Philip, "The Ones That Got Away". Saved! 100 Years of the National Art Collection, Fund Ed. Richard Verdi. Londres: Scala, 2003, 30.or.
  3. Jaffé, David eta Sorcha Carey, "Giovanni Bellini (about 1430–1516), with additions by Titian: The Feast of the Gods". Titian. Ed. David Jaffé. Londres: National Gallery Company, 2003, 108 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]