Jean Chrétien
Jean Chrétien politikari kanadarra da (Shawinigan, 1934). Parlamentari hautatu zuten 1963an, eta hainbat alorretako ministro izan da: Ipar Kanada eta Indiar Gaietakoa (1968), Industria eta Merkataritza (1976), Finantzak (1977), Justizia (1980), Energia eta Izadi Baliabideak (1982). Fiskal Nagusi ere izan da (1980). Atzerri Gaietarako estatu idazkari eta Kanadako Lehen ministrorde ere izan zen. 1986an, utzi egin zuen politikagintza, baina, 1990ean, Alderdi Liberaleko buru hautatu zuten, John Turnerren ordez. 1993ko hauteskundeen ondoren, Lehen ministro kargua eskuratu zuen. 1997an aurreratu egin zituen hauteskundeak, eta gehiengo absolutua lortu zuen. Québecen burujabetzaren aurka nabarmendu izan da barne-politikan; eta atzerriko gaietan, Estatu Batuek Kubari ezarritako blokeoaren kontra. 2003an, dimisioa eman zuen, eta politika utzi zuen.
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.