Johan Jongkind
Johann Jongkind (Lattrop, 1819 - Grenoble, 1891) Herbereetako margolaria eta grabatzailea izan zen. Haren paisaia txiki informalek holandar paisaia-pintoreen tradizioari jarraitzen diote. Inpresionismoaren aitzindari izan zen Herbehereetan; berak hedatu zuen Holandako margolariek bereizgarri duten argiaren trataera bitxia.
Hagan hasi zen paisaia-margolaritza lantzen; 1846an Parisa joan zen, eta generoko margolariekin jardun zen han lanean. Parte hartu zuen 1848ko Erakusketan, eta baita 1852koan ere; azken horretan domina bat eman zioten. Jongkinden lanak Camille Corot eta Charles-François Daubignyren koadroekin batera jarri zituzten ikusgai, baina Jongkind hurbilago dago giroa bereziki zaintzen zuten XVII. mendeko holandar paisaia-pintoreengandik, bere garai bereko frantses margolariengandik baino. Sena ibaiaren ertzeko eszenak margotzen zituen, Parisko auzo zaharrak, Normandiako itsasertza, eta Holandako ubideak.
1863an, Erakusketa Ofizialean atzera bota zutelarik, Salon des Refusesera ("Ukatuen Erakusketa"ra) jo zuen, eta han Claude Monet ezagutu zuen, inpresionismoaren aitzindaria. Monetek asko ikasi zuen Jongkingden eguratsa margotzeko modutik, eta haren argien eta islen efektuen azterketatik. Pissarro eta Sisley margolarien maisua ere izan zen.
Ilargi izpiak agertzen diren paisaiak ditu bere lanen artean onenak. 1878an Iseren hartu zuen Jongkindek bizilekua, eta hantxe margotu zituen ospea eman dioten paisaiak.
Lan aipagarrienak: Ilargiaren argia Parisen, Holandako ubidea ilargitan, Harfleurgo kaia eta Havreko oroitza.
Grenobleko eroetxean hil zen alkoholak gaixotuta.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.