Jostun txiki ausarta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jostun txiki ausarta adarbakarra harrapatzen.

Jostun txiki ausarta edo Jostuntxo ausarta, Das tapfere Schneiderlein jatorrizko alemaneraz, Zazpi batera azpizenburupean, 1812. urtean lehen aldiz Grimm anaiek beren Kinder- und Hausmärchen (euskaraz, Etxeko eta haurren ipuinak), ipuin bilduman jasotako Europako herri ipuina da.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun batean, jostun trebea zen gizon bat lanean ari zela, marmelada saltzen zuen nekazari baten aldarria entzun zuen kalean. Bere etxera igotzeko esan zion jostunak eta lau ontza marmelada erosi zion, nekazaria amorruz utzirik, erosketa handiagoa espero baitzuen.

Marmelada ogi xerra batean zabaldu zuen dastatzeko, baina aurrena lana bukatzea nahiago izan zuen. Bitartean, euliak marmelada inguruan hasi ziren burrunban. Jostuna konturatu zenean, zapi batez behin eta berriz jo zituen euliak. Azkenean hogei euli akabatu zituela ikustean, guztiz txunditu zen eta egindako balentria herrian eta baita mundu osoan zabaldu behar zuela pentsatuz, gerriko bat hartu eta bertan hitz hauek idatzi zituen: "Zazpi batera". Bere balentria zabaltzeko bidaian abiatu aurretik, gazta bat eta zuhaixka batean aurkitu zuen txori bat hartu zituen.

Mendian gora zihoala, erraldoi batekin egin zuen topo eta munduan zehar berarekin ibiltzeko gonbitea egin zion jostunak. Gizon txikia ikustean, erraldoiak destainaz erantzun zion baina orduan jostun txikiak gerrikoa erakutsi eta erraldoiak "Zazpi batera" irakurtzean, zazpi gizon batera garaitu zituela pentsatu zuen eta orduan errespetu piska bat hartuta, berarekin erronkan aritzea pentsatu zuen, indarrak neurtzeko edo.

Erraldoiak harri bat eskutan estutu zuen, halako indarrez, non ur tanta batzuk ateratzea lortu baitzuen. Jostuna orduan, bere gazta hartu, estutu eta zuku guztia atera zion. Erraldoia harri eta zur geratu zen.

Jarraian, erraldoiak harri bat hartu eta halako indarrez jaurti zuen non bistaz ezin baitzen ikusi. Azkenean harria lurrera erori zen ordea. Jostunak, berriz, txoria askatu eta honek zerurantz egin zuen hegaka, bistaz galdu arte. Erraldoiak jaurtiketan ere trebea zela aitortu behar izan zuen.

Ondoren, basoan eroritako zuhaitz bat basotik ateratzen lagunduko zion esan zion jostu txikiari. Jostunak enborretik heltzeko esan zion erraldoiari, berak adarretatik helduko ziola esanez. Erraldoiak halaxe egin zuen eta aurrera begira jarri behar izan zuen, jostunak adarretan igota lasai lasai zihoala. Erraldoiak nekatuta zegoela esan zion azkenean eta enborra lurrean utzi behar zuela. Jostun txikiak adarretatik berehala salto egin eta zuhaitza adarretatik heltzen zuela itxurak eginez, halako erraldoiak nolatan ezin zuen zuhaitz bat gainean hartu bota zion erraldoiari.

Gereziondo baten ondoan pasa zirenean, gereziondoa makurtu zuen erraldoiak jostuntxoak gereziak jan zitzan. Halako batean, gereziondoa askatu eta jostuntxo airean ibili zen eta lurrera minik hartu gabe erori. Erraldoiak gereziondoari nolatan ezin zion eutsi galdetu zion eta orduan jostuntxoak ehiztari batzuk tiroka ikusi zituelako egin zuela salto esan zion erraldoiari. Jostuntxoak ea berak berdina egiteko gauza zen galdetu zion eta horrela, erraldoia saiatu egin zen gereziondo gainetik salto egiten baina adar artean trabaturik geratu zen. Askatu zenean, erraldoiak bere etxera gonbidatu zuen. Erraldoiaren etxe handian jostun txikiak erraldoia beste erraldoi batzuekin bizi zela ikusi zuen. Lo egiteko, beraien ohantze zabal bat eskaini zion baina hura beretzat gehiegi zela-eta, jostuntxoak txoko batean lo egitea erabaki zuen azkenik. Erraldoiak gaueko ilunpean burnizko barra bat hartu eta ohantzea kolpatu zuen indarrez jostuntxoa hiltzeko asmoz. Goizaldean basora zihoazela, harri eta zur geratu ziren jostuntxoa beti bezala pozik eta alai ikustean eta ikaraturik arineketan ihesi egin zuten.

Jostuntxoak bere bidea jarraitu eta erregearen jauregi batera heldu zen. Belar gainean lo hartu eta jauregiko zaldun batzuk inguratu zitzaizkion. "Zazpi batera" zioen gerrikoa ikusi zutenean, gudari ausart baten aurrean zeudela pentsatu zuten eta erregeari eman zioten horren berri. Erregeak, jostuntxoak esnatu bezain laster, bere mesedetara jarri nahi ote zuen galdetzeko esan zien zaldunei. Jostuntxoak onartu egin zuen proposamena baino zaldunek begi txarrez ikusten zuten eta beldurrez ere bai, bere aurka hasiz gero, aldi bakoitzean beraietako zazpi garaituko zituela pentsatzen baitzuten. Horrela, zaldunek erretiroa eskatu zioten erregeari. Erregeak jostunak agintea ken ziezaiokeela beldurrez, erresuma birrintzen zuten bi erraldoi akabatzeko proposatu zion eta horrela eginez gero, erresumaren erdia eta printzesaren eskua beretzat jasoko zituela. Ehun zaldun ere jarri zizkion laguntzeko. Erraldoiak bizi ziren basora heldu zirenean, jostuntxoak bertan gertazeko esan zien zaldunei.

Erraldoiak lo egiten zuten tokitik gertu, zuhaitz baten gainera igo eta bertatik harri koskor bat bota zuen erraldoi baten gainera. Erraldoia esnatu eta beste erraldoiari bota zion errua. Berriro biek lo hartu eta berdina egin zuen jostun txikiak beste erraldoiarekin. Azkenean, bi erraldoiak borroketan hasi ziren: bi zuhaitz sustraietatik atera eta elkar joka hasi ziren, biak hil arte. Hala ere, jostuntxoak salto egin eta ezpataz ebaki zien bularra. Zaldunengana iritsi zenean, harro esan zien erraldoiek bi zuhaitzez gogor borrokatu arren, garaituak zituela.

Ordainsaria hartzera joan zenean, erregeak bere hitza ez zuen bete eta ordainsaria jasotzeko, aurretik kalte handiak egiten zituen adarbakar bat harrapatu beharko zuela esan zion. "Zazpi batera" leloa errepikatuz, basora sartu zen eskuan soka eta aizkora hartuta. Adarbakarra aurkitu zuenean, zuhaitz baten aurrean jarri zen. Adarbakarra berarengana oldartu zenean, zuhaitz atzera joan eta adarbakarra iltzaturik geratu zen zuhaitzaren enborrean. Jostun txikiak adarbakarra lotu, aizkoraz adarra moztu eta horrela eraman zuen jauregira.

Horrela ere ez zion erregeak ordainsaria eman nahi, aurretik basoan triskantza itzelak egiten zituen basurde bat, ehiztariak lagun, harrapatu behar zuela aitzakiaz. Ehiztariak baso bazterrean utzirik, horiek ere basurdearen beldur baitziren, basurde bila sartu zen basora jostuntxoa. Basurdeak ikusi zuenean, berarengana oldartu zen berehala baina jostuntxoa baseliza batera sartu, atzeko leiho txikitik berriz ere atera eta basurdea bere atzetik baselizara sartu bezain laster, baselizako aurreko atea itxi zuen. Ehiztariak harri eta zur geratu ziren jostuntxoak basurdea erakutsi zienean.

Horrela azkenik, erregeak, pozik jostuntxoaren ausardia zela-eta, erresumaren erdia eta printzesaren eskua eman zizkion, hasieran hitz eman bezala.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jostun txiki ausarta Aldatu lotura Wikidatan


  1. (Gaztelaniaz) Grimmstories.com webgunean gazteleraz dagoen bertsioan oinarritzen da: El sastrecillo valiente