Ipuin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ipuina edo istorio laburra literaturako genero bat da, betiere prosaren barruan. Ipuin mota nagusietako bat, gaur egun, haurrentzako ipuina da. Irudimenak sortutako alegiazko kontakizuna da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste literatura generoen aldean, ipuingintzaren bilakaera historikoa finkatzea zail da. Bi eratako ipuinak bereiz daitezke: herri ipuin miresgarriak eta literatura kontakizun laburrak. Jatorriz, ipuina ahozko herri literaturaren eredu garbienetakoa da. Ezin konta ahala bilduma egin dira garai modernoan herri ipuinenak, garai ezberdinetakoak eta elkarren artean harremanik ez zuten herrienak. Ahoz aho pasa dira jendearen oroitzapenean eta idatziz ere bai, behin eta berriz, era ezberdinetara landuak. Ezagunak dira, esaterako, Mila eta bat gau liburua eta Perrault, Grimm eta Andersen idazleen lanak. Autore horiek herriaren ahotik jaso eta moldatu zituzten beren kontakizunak eta pertsonaiak.

Literatura kontakizun laburrak, berriz, ez dira nahitaez fantasiazkoak eta ez dira beti irakurle gazteei lotuak. Era horretakoak dira ipuin generoaren hastapenetan, Hitako artzapezaren Libro de buen amor lanean ageri direnak, hitz neurtuz idatziak badira ere, eta Lucanor kondea izeneko liburua. Lehenagotik Indian, Txinan eta Arabian ipuin idazle asko izan ziren. Baina ipuin kontzeptua, bermatu, XIV. mendean bermatu zen Boccaccioren Decamerone lanarekin. Decameroneren ildotik doaz Nafarroako Margarita erreginaren Heptameron, Bandelloren Novelle Italian, eta Chaucerren Canterburyko ipuinak liburua.

XVII. mendean, ipuintzat hartu izan dira alegiak ere; La Fontainerenak dira horren adierazgarri. Erromantizismoak beste elementu fantasiazko bat erantsi zion ipuinari. Nodier Frantzian, Hoffmann Alemanian, Poe Estatu Batuetan eta Bécquer Espainian, horren aitzindari dira.

Kazetaritzaren gorakadak aukerak zabaldu zituen, eta ipuin ugari argitaratu ziren aldizkari eta agerkarietan. XIX. mendeko eleberrigile gehienek idatzi zituzten ipuinak: Balzac, Stendhal, Gautier, Flaubert, Pushkin, Dickens, Walter Scott, Clarín ebar. Errusian, Gogolek Longaina ipuinarekin geroko literaturaren historia guztian eragin erabatekoa izan zuen, Esteban Echeverría argentinarrak Hego Ameriketan bezala El matadero ipuinarekin. Frantzian, maisu handienetako bat Maupassant izan zen, inpresio bat azaltzen duena orri laburretan, kontakizunezko iradokizun batean kondentsatua. Errusian, berriz, maisu asko dago baina guztien artean Turgenev, Dostoievski, Tolstoi eta batez ere Txekhov dira aipagarrienak. Estatu Batuetan, Bierce, Hawthorne eta Melville.

XX. mendean egoerak bere luzapena du. Esan daiteke eleberrigile guztiek erabili dutela noiz edo noiz ipuingintza kontakizunak idazteko, eta badira ipuinak besterik idatzi ez dituzten idazleak. Ipuingintza eleberriaren parean jarri da eta genero bereizitzat jotzen da. Bereziki nabarmendu dira genero horretan: Pirandello eta Moravia Italian, James Kipling, James Joyce eta Chesterton Bretainia Handian, Mann eta Kafka Alemanian, Mario de Andrade eta Guimares Rosa Brasilen, Horacio Quiroga, Borges, Cortázar, Vargas Llosa, García Márquez eta Rulfo Hego Ameriketan.

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian ere herriaren ahotik herri ipuinak jaso eta bildu dituztenak daude alde batetik, eta literatura kontakizun laburren egileak, bestetik. Biltzaileen artean aipatu beharrekoak dira: François Xabier Michel, Jean-François Cerquand, Azkue, Wentworth Webster, Vinson, Barbier eta Jose Migel Barandiaran, besteak beste.

Aurreko literaturagileek, erlijio liburuetan eta, ipuin modukoak eta santuen bizitzak sartzen zituzten etsenplu gisa, jendeari moral ereduak eskaintze aldera. Erromantizismo garaian eta lore-jokoen inguruan elezaharrak moldatzen hasi ziren, erdaraz bezala euskaraz ere. Izen batzuk aipatzekotan: Joan Venantzio Arakistain, Antonio Trueba, Goizueta, Arrue, Campión eta Etxegarai.

XIX. mendean berean izan zen Euskal-Erria izeneko aldizkarian idazten zutenen artean joera bat izkirimiri edo irri ipuin motzak idazteko: Biktoriano Iraola, Martzelino Soroa, Toribio Alzaga, eta —giro horretatik kanpo, baina irri ipuinaren barruan— Kirikiño eta Urruzuno. Alegiaren generoa ere sarri erabili izan da, batez ere Esoporenak eta La Fontainerenak itzultzeko: Bizenta Mogel, Jean-Baptiste Artxu, Leonce Goietxe; edo berriak asmatzeko: Iturriaga, J.M. Zabala, Uriarte, Oxobi, Grazian Adema.

XX. mendean tradizioaren bidetik ibili ziren hainbat idazle, hala nola: Gregorio Mujika eta Piarres Lafitte, besteak beste. Literatura genero bereizia egin nahian saiatu ziren Tene Mujika, Jautarkol eta batez ere Nemesio Etxaniz, baina ohiturazko kontakizunaren bidetik betiere. Ipuingintza modernoa bete-betean Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) ipuin bildumarekin hasi zen, nahiz eta lehenagotik badiren saio batzuk, esaterako, Martin Ugaldek Venezuelan argitaratutako Iltzailleak (1961) liburuarekin. 1950-1960 urte inguruetan badira beste saio batzuk, aldizkarietan atera zirenak (Gazte, Pan-pin, Gure Herria, Herria, Egan, Euzko-Gogoa) eta autorea hil eta gero argitaratu zirenak. Hiru idazle aipatu behar dira sail horretan: Jean Etxepare Landerretxeren Mendekoste Gereziak (1963-1991) bilduma, Gabriel Arestiren Ipuinak (1979) eta Jon Miranderen Ipuin izugarriak (1984). Hunik arrats artean liburuaz geroztik, ugari izan dira ipuina literatura genero gisa landu dutenak. Gaur egun, euskarazko idatzietan, generorik usuena izatera heldu da.

Ipuingile ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ipuin Aldatu lotura Wikidatan