Josune Bereziartu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Josune Bereziartu (Lazkao, Gipuzkoa, 1972ko urtarrilaren 19a-) euskal eskalatzailea da. Txikitatik neska bizi eta kirol guztien zalea izan zen eta 17 urte betetzean, telebistan ikusitako erreportaje baten ondorioz, kirol eskaladaren munduan sartzea erabaki zuen.

Eskaladaren inguruan egindako urte guzti hauek, Josune historiako eskalatzaile onenetariko bat bihurtu dute, bere lorpenak gizonezko onenen parean baitaude. Hona hemen esandakoa baieztatzen duten argumentuak:

1998an, Honky Tonky bidea eskalatu ostean, 8c zailtasuneko bide bat burutzen zuen lehenengo emakumea bihurtu zen, modu honetan emakume eskalatzaileen artean dominatzaile izatera igaro zelarik. Ondorioz, Kirol Kontseilu Nagusiak brontzezko saria eskaini zion urte hartan.

2000. urtean, bere marka haustea lortu zuen 8c+ zailtasuneko bide bat kateatuz, Honky Mix, hain zuzen ere. Kirol Kontseilu Nagusiak zilarrezko saria eman zion lorpen honen ondorioz.

2002a izan zen, ordea, Josuneren urte majikoa, Bain de Sang (St. Loup, Suitza) bidea eskalatu ostean, 9aren muga gainditzea lortu baitzuen. Lorpen "galaktiko" honegatik, Estatu Batuetako Climbing errebista prestigiotsuak Golden Piton Aguard saria eman zion, urte hartan egindako eskalada ekintza guztietatik onena egitearen saria, hain zuzen ere.

2004an, lorpena errepikatzea lortu zuen, oraingo honetan Japonian, Logical Progression bidea eskalatzea lortu baitzuen, 9a zailtasuneko bigarren bidea. Josunek, hala ere, beste hainbat eskalada-mota ere egiten ditu, horma handietako eskalada alpetarra esate baterako. Eta 2004an Yeah Man bidearen lehenengo eskalada egitea lortu zuen Rikarrekin batera. 8b+ graduko zailtasun maximoa duen 300 metroko bidea Alpetako Gastlosen mendizerran.

2005eko udaberrian 9a zailtasunetik haratago dagoen bide bat egiteko prest ikusi zuen bere burua eta maiatzaren 9an bere errekorra haustea lortu zuen 9a/a+ zailtasuneko Bimbaluna bidea eskalatuz Suitzako St. Loup eskolako hormetan.

2006an 8b+ zailtasuneko bide bat bistaz eskalatzea lortzen zuen lehenengo emakumea bihurtu zen Hidrofobia bidea eskalatu ostean, Montsanten.

Eskaladaren munduak sortzen dizkion ezinegonek beste mundu bat probatzera eraman zuten, neguan izotz-eskaladan aritzera abiatu baitziren Rikar eta biak Pirinioetara. Eta 2006ko uztailean berarentzat eta beste alpinista askorentzat amets bat burutzea lortu zuen: Jorasses Handietako Walker Espoloia Cassin bidetik burutzea.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]