Karen
- Artikulu hau organoari buruzkoa da; gizataldeari gaitzat duena beste hau da: Karen herria
Karena edo plazenta ugaztunetan agertzen den eta umekia amarekin estuki lotzen duen organoa da. Karenak umekiari amarengandik elikagaiak ematen dizkio eta amaren giltzurrunetatik hondakinak iraizten ere laguntzen dio bere garapenean zehar. Karena umekia osatzen duten obulu eta espermatozoide beretatik sortzen da eta bi osagai ditu: umekiaren korion hostotsua eta amaren dezidua basala.
Karenaren funtzio nagusia umekia elikatzea da. Horretarako, gehienbat odol basoen difusioa erabiltzen da eta neurri txikiago batean pinozitosia. Erabat garatutako plazenta batean 150 ml odol aurki daitezke, minuturo hiru edo lautan berriztatzen dena. Elikagai, oxigeno eta bestelako substantzien sarrera, amaren arterietako presio arterialaren aldaketen bidez ematen da.
Gainera, karenak hesi moduan jokatzen du, molekula handi, mikroorganismo eta farmako askoren aurrean umekia babestuz. Hala ere, salbuespenak badira eta zenbait substantzia arrotzek hesi plazentarioa zeharkatzea lortzen dute:
- Birus gehienak hesi hau zeharkatzeko gai dira txikiagoak direlako, esaterako GIBa eta baztanga.
- Zenbait farmako umekiarengana iritsi daitezke malformazioak eraginez. Horregatik haurdunaldian ezin dira erabili.
- Treponema pallidum sifilia sortzen duen bakterioak ere zeharka dezake hesia bosgarren hilabetetik aurrera berezko abortua edo sortzetiko gaixotasunak sortuz.