Katalina Sienakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Katalina Sienakoa

Katalina Sienakoa, Santa Katalina Sienakoa izenaz ere ezaguna (Siena, 1347ko martxoaren 25a - Erroma, 1380ko apirilaren 29a), santa katolikoa izan zen. Vatikanoak Europako eta Italiako zaindari eta Eliza katolikoaren doktore gisa ezagutzen du.

Haurtzaroa

Katalina Sienakoa, bataio-izenaz Katalina Benincasa, erdi mailako klasearen eta beheko klasearen artean zegoen familia bateko alaba zen. Katalinak ez zuen hezkuntza formalik izan; oso txikia zela bakardaderako eta otoitzerako zaletasuna agertu zuen. Haren gurasoek Katalina ezkontzeko ahaleginetan jardun baziren ere, alferrik izan zen, eta hemezortzi urte zituela domingotarren ordenan jantzi zuen abitua.

Gaztaroa

Seguruenik ere, 1366ko inauterietan bizi izan zuen haren gutunetan deskribatzen duen "ezkontza mistikoa" Jesusekin, Sienako Santo Domingo elizan; han hainbat ikuspen izan zituen. Urte horretan bertan hil zen haren aita, eta Sienan estatu-kolpe bati hasiera eman zitzaion. Haren hagiografoek diotenez, 1370ean infernuaren, purgatorioaren eta zeruaren ikuspen zenbait izan zituen; horiek izan eta gero, erretirotik irten eta bizitza publikoan hasteko esaten zion ahots bat entzun zuen. Maila guztietako gizon-emakumeei eskutitzak bidaltzen hasi zen, eta orduko Italiako lurralde guztietako agintari nagusiekin gutun-trukea izan zuen. Agintari horiei Italiako errepubliken artean bakea ezartzeko, eta aita santua Erromara itzultzeko eskaria egiten zien.

1374ko pesteak iraun zuen bitartean, Katalina gaixoei laguntzen ibili zen, inoiz ez zen nekatuta agertzen, eta, orduko historialari batzuei sinetsiz gero, mirari batzuk ere egin zituela esan liteke.

1376an, Katalina Avignonera bidali zuten, Florentziako errepublikaren ordezkari gisa, errepublika horren eta Aita santuen lurraldeekin, eta aita santuarekin berarekin, bakea egiteko helburuarekin. Zailtasun asko gainditu ondoren, florentziarrak eta Urbano VI.a aita santua adiskidetzea lortu zuen.

Heriotza

Erabateko bakardadean sartu zen, baina Mendebaldeko Zisma zela eta, hortik atera behar izan zuen. Urbano VI.a aita santuaren alde egin zuen, eta hark Erromara deitu zuen. Hantxe bizi izan 1380an, 33 urterekin, hil zen arte. Erromako Santa Maria sopra Minerva izeneko elizan hilobiratu zuten.

Kanonizazioa

Katalina Sienakoaren kanonizazioa; Pio II.a aita santua

Pio II.ak santa izendatu zuen 1461ean. 1939an, Pio XII.ak Itailako zaindari nagusi izendatu zuen, San Frantzisko Asiskoarekin batera. 1970ean, Paulo VI.ak Elizako doktore titulua eman zion. 1999an, Joan Paulo II.aren aitansantutza-aldian, Europako zaindari santuetako bat bihurtu zen.

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Katalina Sienakoa Aldatu lotura Wikidatan