Jesus Nazaretekoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jesus

Jesus edo Nazareteko Jesus (Betleem, K. a. 8 / K. o. 1 - Jerusalem, K. o. 29 / 33) erlijioaren erreformadore eta zabaltzailea izan zen, Judeako lurraldean bizi izan zena[1][2]. Kristautasuneko erlijioak bere doktrinak jarraitzen dituzte eta Jainkoaren seme bezala izendatzen dute. Islamak bere profeta bezala ezagutzen du.

Jesusen izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus izenak jatorrian, Yahveh-k salbatzen du esan nahi zuen arameeraz[3][4]. Hebreeraz Iehoshua (ישׁוע, Yēšûaʿ) zen eta hortik latinera pasa zen, Iesus forman.

Jesukristo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kristo»

"Kristo" hitza latinetik dator (christus) eta hau era berean grezieratik (christós - 'xριστ' ahoskatu /khristos/, [kh] gipuzkerako j da, jan hitzean bezala). 'Χριστoς', era berean, hebreeratik dator eta bertan meshiah erabiltzen da. Bere esanahia, hizkuntza guzti hauetan, olioztatua da.

Izen honekin judutarrek euren apaiz, errege eta profetak izendatzen zituzten, Jainkoaren izenean hitz egiteko olioz igurtzi behar baitziren. Nazareteko Jesusen jarraitzaileek ere titulu hau eman zioten, Jesukristo deituz[5]. Denborarekin kristo Jesusen baliokidea bilakatu zen.

II. mendetik aurrera Nazareteko Jesusen jarraitzaileei kristau deitzen hasi ziren Antiokian, kristoa jarraitzen zutela esaten baitzuten.

Jesus Itun Berrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen historia ezagutzeko oinarri garrantzitsuena Itun Berria da, bereziki bere jarraitzaileek idatzitako lau Ebanjelioak. Hala ere ez dira liburu historikoak, gaur egun ulertzen den bezala, Jesusengan sinesten zuten bere jarraitzaileek idatzitako lanak baizik, Jesus Jainkoaren Semea eta Gizadiaren salbatzailea dela adierazteko.

Jaiotza eta haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen jaiotza eta haurtzaroa ezagutzeko iturri bakarrak Mateo (Mt 1,18-2,23) eta Lukasen (Lk 1,5-2,52) ebanjelioak dira. Markosen eta Joanen ebanjelioetan ez dira gai hauek aipatzen[6][7].

  • Mateoren arabera, Maria bere senargai Josefekin Betleemen bizi zen, ezkontzeko hitz emanda. Maria haurdun gelditu zen inork nola jakin gabe, eta Josefek beragandik banatzea erabaki zuen. Hala ere, ametsetan mezu bat jaso zuen, Mariaren semea Espiritu Santuaren bitartez sortu zela esanez, Jainkoak Israeli bidali beharreko Mesias hain zuzen (Mt 1, 19-21). Jesus jaiotzean Ekialdeko Azti batzuk etorri ziren bera gurtzera, izar bati jarraituz. Herodes erregeak Jesus hil nahi zuela jakinda, Josefek Maria eta Jesus hartuta Egiptora alde egin zuen eta han egon ziren Herodes hil arte (Mt 2,19-29).
  • Lukasen ebanjelioaren arabera, Maria eta Josef Nazareten bizi ziren. Mariak aingeru baten bidez Jainkoaren semearen ama izango dela jakin zuen (Lk 1, 26-38). Bere haurdunaldia, gainera, bere lehengusina Elisabetenarekin lotuta dago; honengandik jaioko da Joan Bataiatzailea, Jesusi bidea gertatuko diona. Garai hartan Erromatar Inperioan errolda garrantzitsu bat egin zen eta Josef Betleemgoa zenez bertara joan behar izan zen izena ematera[8]. Bidaia honetan jaio zen Jesus, estalpe batean. Artzainek eta inguruko herritarrek gurtu zuten. Hortik aurrera Jesusen haurtzaroa Nazareten pasatu zen, 12 urte zituela Jerusalenera egindako erromesaldi bat kenduta.

Bataioa eta tentaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristoren bataioa, Piero della Francescaren lana

Joan Bataiatzaileak Jesusen berri eman zuen bere bizitzan zehar. Jesusek Joanen bataioa jaso zuen Jordan ibaian, eta une hartan Espiritu Santua jaitsi zen Zerutik uso itxuran, eta Jainkoaren ahotsa entzun zen Jesus bere seme maitea zela aitortuz.

Bataioaren ondoren, Jesus basamortura joan zen berrogei eguneko penitentzia egitera. Aldi hartan Deabruak tentatu zuen hiru aldiz. Horren ostean, bere jarraitzaileak (Apostoluak) aukeratu zituen, Galileara itzuli zen eta han hasi zuen bere bizitza publikoa.

Bizitza publikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere jarraitzaileekin batera (Apostoluak eta gainerako ikasleak), Jesus Galilea eta Judea lurraldeetan zehar ibili zen bere mezua zabaltzen eta mirariak egiten[9]. Aldi honen iraupenari buruz ez dugu datu zehatzik. Hala ere, Joanen ebanjelioan aipatzen den bezala, Jesus hiru aldiz igo zen Jerusalemera Pazko judua ospatzera bere ikasleekin. Hori dela eta, Jesusen bizitza publikoa hiru urte ingurukoa izan zela uste dute aditu gehienek. Beste ebanjelioek Jerusalemen ospatu zuen Pazko bakarra aipatzen dute. Pazko horretan gertatu zen Jesusen Azken Afaria, Nekaldia, heriotza eta Biztuera.

Jesusen bizitza publiko gehiena Galileako iparraldean gertatu zen, Tiberiades lakuaren inguruan, Kafarnaun herritik gertu. Hala ere, Kana, Nazaret, Nain, Betsaida eta beste herri galilear batzuetan ere ibili zen. Judean Jerusalen, Betania, Jeriko... bisitatu zituen.

Jesusek 12 Apostolu aukeratu zituen, bere jarraitzaile leialenak izateko. Petri eta Andres anaiak eta Jakue eta Joan anaiak ziren taldearen gunea, lehendabizi aukeratutakoak. Beraien bizimoduari buruz, badakigu lau horiek (eta seguru beste batzuk ere) arrantzaleak zirela, familia apalekoak, baina bazeuden bestelakoak ere, Mateo zerga-biltzailea, esaterako.

Jesusek sinagoga eta toki publikoetan hitz egiten zuen, eta ebanjelioen arabera, jendetza izugarriak biltzen ziren berari entzuteko. Parabolak erabiltzen zituen Jainkoaren Erreinuaren izaera azaltzeko: eguneroko gertakizun arruntetan oinarritutako ipuinak. Parabola ezagunak dira, besteak beste, seme galduarena, ardi galduarena, galburuarena, Epulon aberatsa eta Lazaro behartsuarena, ezkontzara gonbidatutako neskatilena, etab. Bere mezua maitasunean oinarritzen zen, baita etsaiei izan beharreko maitasunean ere. Jainkoaren gertutasuna azpimarratzen zuen, Jainkoari Abba (Aita) deituz. Jainkoa gertu zegoela zioen, bereziki bekatari eta ahulenei bihotz berritzeko eta berarengana gerturatzeko dei eginez.

Mirariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusek hainbat mirari egin zituen bere bizitzan zehar[10]. Ebanjelioetan 27 mirari aipatzen dira, motaren arabera honela sailka daitezke:

Sendatzeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Petriren amaginarreba sendatu zuen, eskuak gainean ezarriz (Mk 1,29-31; Mt 5,14-15; Lk 4,38-39).
  • Galileako legenardun bat, bere hitzez eta ukituz (Mk 1,40-45; Mt 8,1-4; Lk 5,12-16).
  • Kafarnaungo elbarri bat sendatu zuen bekatuak barkatu ondoren (Mk 2,1-12; Mt 9,1-8; Lk 5,17-26).
  • Eskua lehor zuen gizon bat sendatu zuen sinagoga baten larunbatez (Mk 3,1-6; Mt 12,9-14; Lk 6,6-11).
  • Odol jarioak zituen emakume bat sendatu zuen, honek bere soinekoa ukitu ondoren(Mk 5,25-34; Mt 9,18-26; Lk 8,40-56).
  • Dekapoliseko gor-mutua sendatu zuen belarrietan txistua sartuz eta mingaina ukituz, Effata (Zabal zaitez) esanda (Mk 7,31-37).
  • Betsaidako itsu bat sendatu zuen txistuaz begiak igurtziz (Mc 8,22-26).
  • Bartimeo, Jerikoko itsua, sendatu zuen (Mt 20,29-34; Mk 10,46-52;Lk 18,35-45).
  • Kafarnaungo zenturioiaren morroia sendatu zuen urrutitik (Mt 8,5-13, Lk 7,1-10, Jn 4,43-54).
  • Lepoa okertuta zuen emakume bat sendatu zuen (Lk 13,10-17).
  • Hidropiko bat sendatu zuen fariseo baten etxean (Lk 14, 1-6).
  • Jerusalema bidean ikusi zituen hamar legenardun sendatu zituen (Lk 17,11-19).
  • 38 urte gaixorik zeramatzan gizon bat sendatu zuen Jerusalemen larunbatez (Jn 5,1-9).
  • Jaiotzez itsua zen bat sendatu zuen begiak txistuz eta basaz igurtzita (Jn 9,1-12).

Espiritu gaiztoak kanporatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Kafarnaungo sinagogatik deabrua kanporatu zuen (Mk 1,21-28; Lk 4,31-37).
  • Gerasako eskualdeko deabrua kanporatu zuen (Mt 8,28-34; Mk 5,1-21; Lk 8,26-39); .
  • Emakume feniziar baten alaba hartuta zeukan deabrua kanporatu zuen (Mt 15,21-28; Mk 7,24-30).
  • Epileptiko bat menperatuta zeukan deabrua kanporatu zuen (Mt 17,24-20; Mk 9,14-27; Lk 9,37-43).
  • Deabru mutu bat kanporatu zuen (Lk 11,14; Mt12,22).

Berpizteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jairo fariseuaren 12 urteko alaba berpiztu zuen. Guztiek hilda zegoela uste zuten arren, Jesusek lo zegoela esan zien (Mt 9,24; Mk 5,39; Lk 8,52).
  • Naimeko alargunaren semea berpiztu zuen (Lk 7,11-17).
  • Lazaro bere adiskide mina berpiztu zuen Betanian (Jn 11,1-44).

Naturako mirariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ekaitzari baretzeko esan eta honek esana egin zion (Mt 8,23-27; Mk 4,35-41; Lk 8,22-25).
  • Itsasoko uren gainean ibili zen (Mt 14,22-33; Mk 6,45-52; Jn 6,16-21).

Esanahi sinboliko garrantzitsuko egintza miragarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ogi eta arrainen ugaritzea (Mc 6,32-44; Mt 14,13-21; Lc 9,10-17; Jn 6,1-13). Markosen ebanjelioan (Mk 8,1,10) eta Mateorenean (Mt 15,32-39) bina ogi ugaritze agertzen dira.
  • Arrantza ikusgarria (Lk 5,1-11; Jn 21,1-19).
  • Kanako ezteietako miraria. Ura ardo bihurtua (Jn 2,1-11).

Jesusen etsaien arabera, mirariok egiteko ahalmena Deabruagandik zetorkion. Jesusek, hala ere, sendo defendatu zuen bere burua, egintza harrigarriak eginez. Mirariak egiteko ahalmena eman zien bere ikasleei. Gainera, Jesusen ikasle izan ez arren bere izenean mirariak egiten zituen gizon baten aipamena ere egiten da ebanjelioan[11].

Antzaldatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Antzaldatzea»

Ebanjelio sinoptikoetan agertzen denez, Jesus Jerusalemera zihoala mendi batera (Tabor mendia) igo zen Petri, Joan eta Jakuerekin batera. Otoitzean zegoela aurpegia aldatu zitzaion eta bere jantzia zuri ikusgarri bihurtu zen. Moises eta Elias profetak agertu ziren bere ondoan, eta Zerutik ahots bat entzun zen: "Hau da nire Semea, nire maitea, entzun iezaiozue". Apostoluek ez zuten honetaz ezer esan, Jesus berpiztu zen arte[12].

Nekaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jerusalemera iristea eta Tenplua garbitzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebanjelio guztietan aipatzen da Jesus Jerusalemen astakume baten gainean eserita sartu zela. Jendetzak "Daviden Seme" gisa goraipatu zuen, baita errege gisa ere[13]. Horrek agintari politiko eta erlijiosoen artean ezinegona sortu zuen.

Sinoptikoen arabera, Jesus Tenpluan sartu zen eta bertan merkatariak negozioetan ikusi zituen. Otoitz lekua lapur-zulo bihurtu zela esan zuen, eta merkatari guztiak kanporatu zituen eta animaliak (sakrifikatzeko zeudenak) askatu egin zituen[14]. Tenpluaren erorketa, nekaldia eta eliza berriaren sorrera aurreikusi zituen.

Azken Afaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Jesusen Azken Afaria»

Ebanjelioen arabera, Pazko Afaria Jerusalemen egin zuen Apostoluekin. Apostoluetako batek, Juda Iskariotek, salduko zuela aurreikusi zuen bertan. Afaltzen ari zirela, ogia hartu, bedeinkatu eta hitz hauek esan zituen: "Har ezazue eta jan guztiok honetatik. Hau nire gorputza da, zuentzat emango dena". Afalondoan, ardoaren kaliza harturik, zera esan zuen: "Har ezazue eta edan, guztiok honetatik. Hau nire odolaren kaliza da, Itun Berri eta betikoaren odola, zuentzat eta guztientzat bekatuak barkatzeko isuriko dena. Egizue hau nire oroigarri".

Ekintza hau biziki garrantzitsua da Eliza Katolikoarentzat (baita beste eliza kristauentzat ere, jakina). Katolikoek Azken Afarian Eukaristia eta Abadetzako sakramentuen sorrera ikusten dute.

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Afaldu ondoren, Jesus bere ikasleekin Getsemaniko baratzera joan zen otoitz egitera. Apostoluek ezin izan zuten otoitzean jarraitu, eta loak hartu zituen. Jesusek bazekien zer zetorkion (heriotza), eta momentu gogorra izan arren, Jainko Aitaren nahia betetzea erabaki zuen oso-osorik.

Bat-batean Juda agertu zen erromatar eta farisear talde batekin. Jesusi musu eman zion, eta horrela soldaduek harrapatu egin zuten. Apostolu batzuk erresistentzia jarri zuten arren (Petrik soldadu bati belarria moztu zion) azkenean guztiek alde egin zuten Jesus bakarrik utzita. Judak, zer egin zuen jakitean, bere buruaz beste egin zuen.

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Kaifas apaiz nagusiaren aurrera eraman zuten, eta bertan Sanedrinak (juduen epaitegia garai hartan) epaitu egin zuen gezurrezko testigu batzuei entzunda. Baina deklarazioak bat ez zetozela eta, Kaifasek zuzenean galdetu zion Jesusi ea bera zen etortzeko zegoen Mesias. Jesusek erantzun zion: "Zeuk esan duzu". Horregatik, Abade nagusiak biraoa esan zuela aldarrikatu zuen eta heriotza merezi zuela pentsatu zuten[15].

Hurrengo goizean Pontzio Pilatoren aurrera eraman zuten Jesus, herria nahasten zebilelako salaketapean[16]. Pilatok galdeketa egin zion, baina ez zion errurik aurkitu. Hala ere, abade nagusiak eta bere jarraitzaileak bere aurka hain gogor jotzen zutela ikustean amore eman zuen eta Barrabas izeneko gaizkilea askatu zuen Jesusen ordez. Jesus gurutzean hiltzeko agindu zuen, baina erabakiarekin ados ez zegoela adierazteko eskuak garbitu zituen guztien aurrean[17].

Gurutzeko heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus torturatu egin zuten soldaduek, eta arantzazko koroi bat jarri zioten, "Agur, Judutarren errege" iseka egiten zioten bitartean. Bere gurutzea hartu eta Golgota mendira igoarazi zuten, Zireneko Simon izeneko baten laguntzaz. Han bere jantziak zozkatu eta lapur biren erdian gurutziltzatu zuten.

Eguerdian Jesusek garrasi latz bat bota zuen: "Eli, Eli, lema sabaktani" ("Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu bertan behera?"). Une hartan Jesusekin ziren bere ikasleetako batzuk: Mateo eta Markosen arabera, emakume batzuk zeuden negarrez. Joanek Jesusen ama Maria eta Jesusen ikasle maiteena (Joan bera, kristau tradizioaren arabera) aipatzen ditu. Azken momentuan beste garrasi bat egin zuen : "Aita, zure eskuetan uzten dut nire espiritua". Eta une hartantxe azken arnasa eman zuen[18].

Hilobiratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen adiskide zen Arimateako Jose fariseoak Pilatori Jesus hilobi berri batean hilobiratzeko baimena eskatu zion[19]. Hilobia harri handi batez estali zuen, eta, Mateoren arabera, erromatar soldadu batzuk jarri zituzten hilobi aurrean, Jesusen ikasleek gorpua lapur ez zezaten.

Piztuera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristoren piztuera, Matthias Grünewald alemaniar margolariaren lana, Isenheimgo erretaulan (XVI mendea).

Lau ebanjelioetan azaltzen denez, Jesus hirugarren egunean biztu egin zen hilen artetik. Maria Magdalena (Jesusen jarraitzailea) izan zen Jesus berpiztua ikusi zuen lehen pertsona, baina beste ikasle guztiek ere ikusi zuten. Piztuera lau ebanjelioetan kontatzen da, baina historia ez da berbera, eta detaile asko aldatu egiten dira batetik bestera.

  • Mateoren ebanjelioan Maria Magdalena eta beste Maria bat (Jesusen ama?) hilobira joan ziren hirugarren egunean. Bidean zihoazela, lurrikara bat gertatu zen. Hilobiko harria zabaldu eta zuriz jantzitako aingeru bat harriaren gainean eseri zen. Zaintzaileak ikaratuta gelditu ziren, hilda baleude bezala. Aingeruak Jesusen piztueraren berri eman zien emakumeei, eta agindu zien ikasle guztiak Galileara joan zitezela, bertan ikusiko zutela eta. Emakumeak gainerako ikasleengana zihoazela Jesus agertu zitzaien, eta hauek gurtu egin zuten. Ikasle guztiak Galilean batu ziren eta han ikusi zuten Jesus. Honek Berri Ona gizaki guztiei zabaltzera bidali zituen.
  • Markosen ebanjelioan Maria Magdalena, Santiagoren Maria (ama edo emaztea?) eta Salome hilobira joan ziren Jesusen gorpua usaingarriz igurztera. Hilobiko harria mugituta ikusi zuten eta barrura sartzean gazte bat ikusi zuten hilobian jarrita. Honek esan zien Jesus berpiztu zela eta apostoluei Galileara joateko agindu zien. Emakumeek, beldurtuta, ez zioten inori ezer esan. Jesus Magdalako Mariari agertu zitzaion, eta honek apostoluei kontatu zien, baina ez zioten sinistu. Beste bi ikasleri ere agertu zitzaien, baina hauei ere ez zieten sinistu. Azkenik Hamaika apostoluei agertu zitzaien, haserre egin zien fede gutxikoak izateagatik eta Ebanjelioa zabaltzeko agindu zien. Ondoren Zerura igo zen eta han Jainko Aitaren eskuinaldean jarrita dago.
  • Lukasen ebanjelioan emakume batzuk (Maria Magdalena, Joana, Santiagoren Maria eta beste batzuk) hilobira joan ziren igande goizean Jesusen gorpua igurztera. Harria mugituta aurkitu zuten, eta bi gizonezkok Jesus biztu zela esan zieten. Hauek bizkor joan ziren Apostoluengana, baina ez zieten sinistu. Pedro, hala ere, hilobira joan zen eta gorpua falta zela ikusi zuen. Egun berean Emausera bidean zihoazen bi ikasleri agertu zitzaien, eta beraiekin egin zuen bide zati bat hauek ezagutu gabe. Gauez, ogia zatitu eta Azken Afariko hitzak errepikatu zituenean ezagutu zuten, baina, bat-batean desagertu egin zen beraien artetik. Handik gutxira Hamaiken artean agertu zen, bere gorputza, zauri eta guzti, erakutsi zien, eta beraiekin jan zuen. Betaniara joan zen beraiekin, eta handik Zerura igo zen.
  • Joanen ebanjelioan Maria Magdalena hilobira joan zen eta harria mugituta ikusi zuen. Petri eta Jesusen ikasle maiteenaren bila joan zen, haiei berri emateko. Hauek bizkor joan ziren hilobira. Pedrok gorpua falta zela ikusi zuen, eta beste ikasleak sinistu zuen (berpizkundean). Mariari aingeru batek galdetu zion ea zergatik zebilen negarrez, eta honek erantzun: "Nire irakaslea eraman dute, eta ez dakit non jarri duten". Berehala atzera begiratu eta gizon bat ikusi zuen, eta baratzezaina zela uste zuenez berari galdetu zion. Honek bere izenez deitu zion ("Maria") eta bat-batean ezagutu zuen Jesus berpiztua zela. Jesusek gainerako ikasleei berri ematera bidali zuen. Arratsalde hartan Tomas ez beste ikasle guztiak areto batean bildurik zeudela Jesus agertu zitzaien, eta guztiek sinistu zuten. Tomasi esan ziotenean, honek ez zuen sinistu nahi izan; bere atzamarra Jesusen zaurien gainean jarri arte ez zuela sinistuko esan zuen. Handik zortzi egunera, ikasle guztiak, Tomas barne, zeuden aretoan agertu zen Jesus eta Tomasi bere zauriak ukitzeko esan zion. Orduan Tomasek sinistu zuen. Hortik aurrera Jesus arrantzaleei agertu zitzaien beste behin; bere aholkuz sekulako arrantza egitea lortu zuten.

Jesus Nazaretekoaren historikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesusen jarraitzaileen dokumentuak aparte (Itun Barriko ebanjelioak), Nazareteko Jesus aipatzen diran historialari fedegabeen dokumentuak oso gutxi dira. Nabarmenak hauexek dira:

Flavio Josefo (K.o. 38-100), historialari judua, erromatarren zerbitzura. Antzinate judua liburuan, Jesusen izena aipatzen du. "Garai horretan, Jesus bizi izan zen, gizon jakintsua, baldin eta gizon deitzerik badago (...). Gure naziokopertsona nagusiek eginiko salaketa tarteko, Pilatok gurutzean hiltzera kondenatu zuen. Baina maite zutenek ez zuten utzi." (Flavio Josefo, Antzinate judua, XVIII.liburua, 63)

Tazito (K.o. 55-120), historialari latindarra eta politikari erromatarra. "Bazebiltzan zurrumurru batzuk, Neroni Erroma erretzea egozten ziotenak. Esamesak isiltzeko, errudun batzuk aukeratu zituen, kristauak. Herriak gorroto zien. (...) Izen horren sortzailea, Kristo, Pontzio Pilato gobernadoreak kondenatu zuen hiltzera, Tibero enperadorearen agintaldian" (Tazito, Annales III, XV, 44)

Plinio Gaztea (K.o. 61-114) Gobernadore erromatarra Bitinian (egungo Turkia). 112. urtean, gutun bat idatzi zion Trajano enperadoreari, kristauekin izan behar zuen jokabideari buruz aholkua eskatzeko. Gutunean Jesus aipatzen du. "Kristauen erru bakarra hauxe zen: ohitura zutela egun jakin batean egunsentiaren aurretik elkartzea, eta, bata bestearen atzetik, Kristori kanta bat errezitatzea, Jainkoa balitz bezala" (Plinio Gaztea, Trajanori gutuna, 10,96)


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. William Arnal ("The cipher "judaism" in contemporary historical Jesus scholarship", Kloppenborg, John S. (ed.):Apocalypticism, Anti-Semitism and the Historical Jesus, p. 24
  2. Klausner, Joseph: Jesús de Nazaret, Barcelona, Paidós, 2006, ISBN 84-493-1834-3
  3. Meier, Un judío marginal. Una nueva visión del Jesús histórico, I, 219. orr.
  4.   Tal, Ilan; Uriel, Rappaport; Israel, Ronen (1993), The Hasmonean State, Jerusalem: Yad Ben-Zvi, ISBN 965-217-109-3 .
  5. THE JESUS PUZZLE. Was There No Historical Jesus? Part One: A Conspiracy of Silence
  6. Agirre, Rafael: "Aproximación actual al Jesús de la historia", Cuadernos de Teología Deusto, 5. zbk. ISBN 84-7485-424-5
  7. Michel Quesnel, « Jésus et le témoignage des Évangiles », Aux origines du christianisme, Gallimard/Le Monde de la Bible, 2000, 201. orr.
  8. Geza Vermes El nacimiento de Jesús, 237. orr.
  9. E.P. Sanders, Jesús y el judaísmo. Madrid: Trotta, 2004. ISBN 978-84-8164-685-6.
  10. Rudolf Bultmann, Historia de la tradición sinóptica, Salamanca: Sígueme, 2000; 306. orr.
  11. Morton Smith, Jesus the Magician. Charlatan or Son of God, 1978.
  12. Burridge, R & Gould, G, Jesus Now and Then, Wm. B. Eerdmans, 2004, 34. orr.
  13. Albert Schweitzer, Le secret historique de la vie de Jésus, Albin Michel, 1967
  14. Theissen, Gerd, y Merz, Annette: El Jesús histórico, 184. orr.
  15. Winter, Paul: El proceso a Jesús. Muchnik: Barcelona, 1983. ISBN 84-85501-50-0
  16. Pierre Geoltrain, « Les origines du Christianisme : comment en écrire l'histoire », Aux origines du christianisme, Gallimard/Le Monde de la Bible, 2000, XVII. orr.
  17. Funk, Robert, et al.: The Five Gospels: What Did Jesus Really Say? The Search for the Authentic Words of Jesus. New York: Macmillan, 1993. ISBN 0-06-063040-X
  18. Piñero, Antonio: Orígenes del cristianismo. Antecedentes y primeros pasos. Madril: El Almendro, 1991. ISBN 84-86077-95-8
  19. Ratzinger, Joseph. Jesús de Nazaret. Planeta, 2007. ISBN 970-37-0705-X, 9789703707058
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jesus Nazaretekoa Aldatu lotura Wikidatan