Maurice Sendak
Maurice Sendak estatubatuar idazle eta marrazkilaria izan zen (Brooklyn, New York, 1928). Haur-liburuetarako egindako marrazkiengatik da, batez ere, ezaguna, bera baita, ez alferrik, haur-liburuen munduko ilustratzailerik onenetako bat. 1951n, Marcel Ayméren Etxalde miragarria liburuko marrazkiak egin zituen. Hurrengo urtean, Ruth Kraussen Zulo bat egitea ilustratu zuen, eta lan horrekin lortu zuen ospea. 1956an, Kennyren leihoa idatzi eta ilustratu zuen, eta, haren ondoren, trilogia bat argitaratu zuen: Piztiak bizi diren lekuan (1963), Gaueko sukaldea (1970) eta Handik kanpo (1981). Trilogia horretan, haurren mundu fantastikoa eta erreala, biak, hartu zituen kontuan Sendakek, eta arrakasta handia izan zuten; ipuin juduetan eta egileak bizi izandako esperientzietan oinarrituriko kontakizunak agertzen dira liburu horretan. Bestalde, Mozarten Txirula miragarria obrarako dekoratuak eta jantziak diseinatu zituen, eta orobat Hoffmannen Intxaur-kraskailua eta Arratoi erregea eta Prokofieven Hiru laranjen maitasuna lanetakoak. 1970ean, Nazioarteko Ilustratzaile Onenaren Hans Christian Andersen domina eman zioten. 70eko hamarraldian, Filadelfiako Rosenbach Museo eta Liburutegia aukeratu zuen bere lanak gorde eta erakusteko.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.