Miguel Ángel Blanco

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Miguel Ángel Blanco Garrido (Ermua, Bizkaia, 1968ko maiatzaren 13a - Lasarte, Gipuzkoa, 1997ko uztailaren 13a) Alderdi Popularreko Ermuko zinegotzia zen. 1997ko uztailaren 12an, buruan bi tiro zituela aurkitu zuten, hil-hurren, ETAk bahitu eta bi egunera; biharamunean hil zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguel Ángel Blanco 1968ko maiatzaren 13an jaio zen, Ermuan. Haren familia, jatorri umilekoa, Ourensekoa zen. Miguel Ángel eta haren arreba jaio baino lehen, haien gurasoak Ourenseko Xunqueira de Espadanedo herritik Ermura aldatu ziren, etorkizun hobe baten bila. Ama etxekoandrea zen, eta aita igeltseroa.

Miguel Ángelek Ekonomia ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikasketa horiekin zerikusia zuen lanpostu bat aurkitu zuen arte, igeltsero aritu zen. Horrez gain, gustuko zuen kirola, eta musika talde batean jotzen zuen.

1995ean PPko Nuevas Generaciones gazte taldeko kide bilakatu zen. Urte hartan, zinegotzi hautatu zuten. Gainera, Nuevas Generacionesko batzorde exekutiboko kidea zen.

Miguel Ángel Blancok neskalaguna zuen hil baino zazpi urte lehenagotik, eta 1997ko udan ezkontzeko asmoa zuten.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bahiketa gertatu zen egunean, ETAk euskal presoak Euskal Herrira hurbil zitzatela eskatu zion Espainiako gobernuari, Egin egunkariari egindako dei baten bidez; baldintza hori jarri zuen ETAk, Miguel Ángel Blanco ez hiltzeko. Euskal Herrian eta Espainian manifestazio jendetsuak egin ziren, ETAri Miguel Ángel hil ez zezan eskatzeko. Gobernuak ez zuen ETAk ezarritako baldintza onartu, eta ETAk ere entzungor egin zien herritarren manifestazioei: ETAkoek bi tiro egin zizkioten Miguel Ángeli garondoan, 1997ko uztailaren 12ko arratsaldeko 16:50ean, ultimatuma bukatu eta 50 minutura. Miguel Ángel oraindik bizirik utzi zuten, Lasarteko ingurumarietan, eskuak lotuta. Laster aurkitu zuten Lasarteko bi herritarrek, eta ospitalera ere bizirik heldu zen, oso egoera larrian. Hantxe hil zen, goizaldeko 4:30ean.[1]

Atentatuaren oihartzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Auzitegi Nazionalaren atean, Blancoren hilketa epaitu zenean eginiko elkarretaratzea (2006).

Miguel Ángel Blancoren bahiketak eta hilketak oihartzun handia izan zuen euskal eta espainiar herritarrengan, baita mundu zabalean ere. Ermuko espiritua izeneko joera eta jarrera piztu zuen. Manifestazio jendetsuak egin zituzten ETAren aurka Euskal Herriko eta Espainiako toki askotan. Blanco hil ondoren, haren izena zuen terrorismoaren aurkako erakundea sortu zen.

Euskal Herriko gizarteari zirrararik handiena eragin dion ETAren atentatuetako bat izan da,[2] eta mugarria izan zen: ETAren indarkeriaren aurkako sentimendua asko indartu zen, baita ezker abertzalearen barruan ere, eta hori baliatuz ETAren eta ezker abertzalearen aurkako errepresioa asko gogortuko zen ordutik aurrera.[3][4]

Alderdi Popularrak Miguel Angel Blancoren izena erabili du bere ekintza batzuk arauz kanpo finantzatzeko.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Miguel Ángel Blanco Aldatu lotura Wikidatan