Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa (NAF edo IPA, International Phonetic Alphabet) hizkuntzalariek asmatutako transkripziorako sistema bat da. Alfabeto fonetikorik erabiliena da munduan, Estatu Batuetako erakundeetan izan ezik. NAF Parisen sortu zen 1886 urtean Nazioarteko Fonetika Elkartearen eskutik eta alfabetoak aldaketak izan zituen 1989, 1993 eta 1996 urteetan. Latindar alfabetoan oinarrituta dago. 2005ean 107 letra eta 56 diakritiko eta supersegmental zeuzkan.

Nazioarteko alfabeto fonetikoa. 2005. urteko bertsioaren itzulpena.

Historia

NAF 1886 sortu zuen hizkuntza irakasle frantziar eta britainiar talde batek. Paul Passyk burutzen zuen taldea, geroago Elkarte fonetiko internazionala bilakatuko zena. Hasieran, hizkuntza bakoitzerako alfabeto fonetiko bat garatzea pentsatu zuten baina, azkenean, alfabeto fonetiko unibertsal bat egitea hobetsi zuten. Lehen alfabeto fonetikoa 1988an argitaratu zen. Aldaketa sakonak egin zaizkio urteetan zehar.

Deskripzioa

2005ko NAF taula, ingelesez. (Gorago agertzen den taularen sorburua).

Letra gehienetan alfabeto latindarraren antzekoak bilatzen saiatu ziren. Horregatik, gehienak latindar edo greziarrak dira. Azken urteetan, hala ere, beste alfabetoetatik letra gehiago onartzen hasi dira.

Hainbat letra eta hainbat sinbolo diakritiko dituenez, transkripzio estua lortzeko oinarrizko lanabesa da NAF.

Erabilpena

Transkripzioaren zehaztasunaren arabera transkripzioa estua edo zabala da.

Transkripzio estua ahal den bezain zehazki idazten du soinua edo hitza, zenbait alfabetoren hainbat letra erabiliz. Horretarako asmatu zen NAF edo IPA, transkripzio estu edo zehatzak egiteko.

Baina transkripzio estua lortzeko, NAF erabiltzen jakitea ez da nahikoa. Hizkuntza jakin batean transkripzio estu egokiak egiteko "belarria ohitua" behar da. Izan ere, hizkuntza jakin batean ondo trebaturik ez dagoenak, aditua izanda ere, lanak izango lituzke soinuak behar bezala bereizteko, hizkuntzarekin behar bezala ohiturik ez badago.

Transkripzio zabalak, berriz, bereizketa gutxiago egiten ditu soinuen artean, eta dialektoen edo beste motatako hizkera erregistroen hainbat tasun, ñabardura handiegirik gabe idazten ditu. Transkripzio zabalak egiten dira transkripzioaren helburua fonetika-kontuetatik urrun dagoenean. Esate baterako, ikerketa soziolinguistiko bateko transkripzio batean ñabardura fonetiko-fonologikoek, agian, ez dute zertan ardura berezia izan.

Hizkuntzalaritzari buruzko hainbat liburuk eta hiztegi askok, alfabeto hori erabiltzen dute gaur egun, bereziki ingeles hizkuntzaren ahoskerari buruz zenbait argibide emateko.

Ikus baita

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa Aldatu lotura Wikidatan