Nazioarteko Itsas Erakundea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nazioarteko Itsas Erakundea:

   Estatu kideak

   Estatu elkartuak

Erakundearen egoitza, Londresen.

Nazioarteko Itsas Erakundea itsasketaren inguruko gaietan espezializaturiko nazioarteko erakundea da. Bere zereginak dira, besteak beste, nazioarteko merkataritza kontrolatzea, itsas trafikoaren segurtasuna ziurtatzea, eta itsasoko ingurumenaren zainketa eta kutsaduraren kontrako lana bideratzea. 1958an sortu zen, Nazio Batuen baitan, nahiz eta harekiko independentzia organikoa eta funtzionala duen. 1990eko hamarraldiaren amaieran 155 herrialde ziren erakunde honetako osoko kide, eta bi ziren erakundeari elkartuak. Egoitza iraunkorra Londresen du.

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas Erakundearen helburu nagusia da itsaso bidezko garraioen segurtasuna eta eraginkortasuna ziurtatzeko elkarlana bideratzea erakundeko kide diren herrialdeen artean. Era berean, ekologiari ere begiratzen dio, eta gizakiaren jarduerak itsasoko oreka ekologikoa hautsi ez dezan nazioarteko hitzarmenak eta neurriak finkatzen ditu, esaterako, salgaien eta bidaiarien garraioari, erantzukizunei edo segurtasunari buruz. Azkenik, zenbait batzorde sortu dira modernizazioa eta garapena behar duten zenbait gairen inguruan aurrera egiteko (irrati-komunikazioak, ontzien diseinua eta eraikuntza, salgai arriskutsuen garraioa, eta abar).

Aurrekariak eta jarduera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakunde hau sortu aurretik eginak ziren zenbait urrats itsaso bidezko garraioaren arriskuak murrizteko, eta horrela zenbait hitzarmen sinatu ziren nazioartean, harik eta 1948an, Nazio Batuen baitan, Itsasoaren Segurtasunari buruzko Nazioarteko Hitzarmen iraunkorra bildu zen arte. Dena dela, hainbat zailtasuni aurre egin behar izan zioten hitzarmen hartan, izan ere, itsaso bidezko garraioan ziharduten hainbat erakundek edo herrialdek eragozpenak jarri zituzten, begi onez ikusten ez zelako tradizioz nazio barruko araudien eta borondate pribatuaren arabera antolaturik egon zen gai batean nazioarteko erakunde batek esku-hartzea. Erakundearen lehenengo lana segurtasunaren alorrekoa izan zen, itsasoko izaki bizien segurtasuna bermatzeko hitzarmen bat hain zuzen ere. Aipagarria izan da, orobat, erakundearen historian, herrialde kideen arteko elkarrizketen ondorioz sinaturiko MARPOL 73/78 hitzarmena, zeinetan arautu baitziren ez soilik hidrokarburoengatiko kutsadurari aurre egiteko neurriak, baizik eta baita gai kimiko, zabor edo hondakinen ondorioari aurre egitekoak ere. Dena dela, Nazioarteko Itsas Erakundearen lan-esparru nagusia, 1970eko hamarraldian, itsasoko sorospen eta laguntza-zerbitzua hobetzea izan zen. 1982. urtean izena aldatu zitzaion erakundeari (Nazioarteko Itsas Erakundea). Erakunde berriak itsas ikasketa eta tituluak homologatzeko hitzarmenak prestatu zituen, eta laguntzak eman zizkien itsasoarekin loturiko jarduerak eraberritzeko teknologia modernorik ez duten herrialdeei. Azken urteetan ahalegin berezia egin du ezaguerak eguneratzeko eta orobat itsasketaren alor guztietarako profesional berrien prestakuntza sustatzeko, hainbat programa eta egitasmoren bidez. Hain zuzen ere, Nazio Batuen erakundeen artean erakunde txiki eta esparru mugatuenetakoa izan arren, bere jarduerari esker izugarri murriztu da itsasketaren arriskua eta ontziek eragiten duten kutsadura.

Antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakundearen antolaketari dagokionez, batzarra, kontseilua eta idazkaritza administratiboa dira organo nagusiak, baina erakundearen eguneroko zereginetan garrantzi handia dute batzorde tekniko espezializatuek. Batzarrean kide guztiek parte hartzen dute, eta bi urtez behin egiten da ohiko bilera. Han erabakitzen dira aurrera eraman beharreko egitasmoak, aurrekontuak, eta aukeratzen dira kontseiluko kideak. Kontseilua da organo betearazlea eta erakundearen zuzendaritzaren ardura duena, batzarra bildu bitartean; 40 herrialdetako ordezkariek osatua da. Batzordeen artean aipagarriak dira, adibidez, Itsas Segurtasunekoa, Batzorde Juridikoa, Itsas Ingurunearen Babeserakoa eta abar.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nazioarteko Itsas Erakundea Aldatu lotura Wikidatan