Ortuño Agirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ortuño Agirre


Arabako Ahaldun Nagusia

1797 - 1800
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakOrtuño María de Aguirre y del Corral
JaiotzaGasteiz1767ko maiatzaren 15a
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaParis1811ko ekainaren 8a (44 urte)
Familia
AitaJose Maria Agirre Ortés de Belasko
Ezkontidea(k)María del Pilar Acedo y Sarria  (1800 -  1811)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, aristokrata eta ofizierra
KidetzaEuskalerriaren Adiskideen Elkartea
Zerbitzu militarra
Adar militarraEspainiako Lurreko Armada
GraduaMaestre de campo (en) Itzuli
Parte hartutako gatazkakKonbentzioaren Gerra

Ortuño Maria Agirre-Zuatzu Corral, (Gasteiz, 1767ko maiatzaren 15aParis, 1811ko ekainaren 8a) Montehermosoko VI. markesa eta Trivianako X. kondea, arabar aitoren seme eta politikaria izan zen.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1777an bere sendietako batzuk sorturiko Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kide bilakatu zen. 1786an Espainiako Lurreko Armadan sartu zen eta Konbentzio Gerran parte hartu zuen.

1800. urtean esposatu zuen, 33 urte zuela, Pilar Acedo, 16 urte baino ez zituena, Gasteizko San Bizente elizan.[2] Ezinezkoa zen hura baino ezkontza hobeagorik eta orekatuagorik antolatu, etorki, ondasun eta maiorazkoei zegokienez.

Ortuño Agirre, 1797. urtean, zelaiko maisu hautatu zuten, komisario eta Arabako Ahaldun Nagusi, 1800. urtea arte bete zuen kargua. Aita hil zitzaionean, haren ondasun guztiak heredatu zituen, eta baita liburutegia eta artelanen bilduma ere. Ezkondu eta handik gutxira, 1800eko urte berean, Pedro Alaba, Andres Alaba eta Carlos Alabaren maiorazkoen ondorengoa izan zen, eta baita Trivianako konderriarena ere, zeinaren X. titularra izan baitzen. 1801. urtean jaio zen senar-emazteen alaba bakarra: Maria Nieves Amalia.

1808.urteko irailaren 22an heldu zen Gasteiza Josef Bonaparte, eta bertara eraman zuen gortea, ez baitzen seguru sentitzen Madrilen.[3] Horretarako, Gasteizko etxerik ederrena hautatu zuen, Montehermoso jauregia, egonaldiak iraun zuen bitartean jabeek utzi ziotena, azaroaren 9a arte. Jose Bonapartek jauregia erosi zuen 300.000 libera ordainduta.[4] Markesek, orduan, beren jabetzako beste etxe batera joan ziren bizitzea, Santa Maria kale bereko beste aldean. Jose Bonapartek, bere ostatu-emaileen mesedea itzuli nahian, jauregia erosteaz eta balio zuena baino hiru aldiz gehiago ordaintzeaz gainera (Napoleonek esan omen zuen ezta markesa andrea barruan sartuta ere ez zuela jauregiak hainbeste balio), Ortuño Ganbarako aitoren seme egin zuen, eta Espainiako handiki izendatu zuen. Azaroaren 8an, alde egin zuen egunaren bezperan, Espainiako Ordenako zaldun egin zuen Jose Bonapartek markes jauna, Gasteizen aste batzuk lehenago sortu zuen tituluaz baliatuz. Bonaparte Madrila itzuli zenean, harekin joan ziren Montehermosoko markesak, eta ordutik aurrera haren jarraitzaile leialak izan ziren.[5]

1811ko maiatzaren 4an Parisen zegoen Bonaparterekin batera Napoleonen semearen bataioan parte hartzeko. Gaixorik, bertan hil zen hilabete bat geroago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Espainiako Historiaren Errege Akademia. Ortuño María de Aguirre y del Corral. .
  2. Vidal Abarca, J.. (1975). «Linajes alaveses. Los Aguirre: Marqueses de Montehermoso» Boletín Sancho el Sabio (XIX): 181-244..
  3. Mercader Riba, J.. (1971-1983). José Bonaparte, Rey de España. Madril: Consejo Superior de Investigaciones Científicas (CSIC).
  4. Vives Casas, F.. (1996). El palacio de Montehermoso. Gasteiz.
  5. Abella, R.. (1997). José Bonaparte. Bartzelona: Planeta.