Gasteiz
Wikipedia(e)tik
|
Gasteiz |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Vitoria-Gasteiz | ||
| Antolaketa Estatua Autonomia Erkidegoa Lurralde Historikoa Eskualdea |
Espainia Euskal Autonomia Erkidegoa Gasteizko Kuadrilla |
||
| Alkatea | Patxi Lazkoz (PSE-EE) | ||
| Herritarra | gasteiztar | ||
| Koordenatuak | |||
| Eremua | 276.81 km2 | ||
| Garaiera | 525 m. | ||
| Distantzia | 0 km Gasteizera | ||
| Euskaldunak | %24,60 (2006) (2001) | ||
| Postakodea | 010xx |
||
| Biztanleria | 236,525 bizt (2009) | ||
| Dentsitatea | 854,47 bizt/km² | ||
| Sorrera | 1181 | ||
| www.vitoria-gasteiz.org | |||
Gasteiz Arabako hiriburua da, baita Euskal Autonomia Erkidegokoa ere 1980tik, bertan baitituzte egoitza nagusiak Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak. Euskal Herriko bigarren hiririk populatuena da, bai eta Arabako udalerririk zabalena ere.
Gaztelaniaz Vitoria du izena, baina izen ofizial moduan Vitoria-Gasteiz erabiltzen da. Hiriak 233.399 biztanle dauzka 2008ko datuen arabera. Euskal Herriko udalerririk handiena da, 276,81 kilometro koadrorekin.
Eduki-taula |
[aldatu] Etimologia
Donemiliaga Kukulako 1025. urteko reja agirian Gastehiz izena agertzen da hamarrenak ordaintzen zituen Arabako herri bat izendatzeko. Bestalde, hiriaren sorrera foruak, 1181ekoak, honela dio: Placuit mihi libenti animo et sana mente populare vos in praefata villa, cui novum nomen imposui, scilicet Victoria, quae antea vocabatur Gasteiz.
Gasteiz hitzaren jatorria azaltzeko hamaika hipotesi eratu dira denboran zehar. Egun hipotesirik onartuena Alfonso Irigoienek plazaraturikoa da[1]. Horren arabera, Gasteiz Gaste pertsona izenaren deribazio patronimikoa litzateke. Azken hau askotan -a artikulua itsatsita agertzen da agirietan, Gastea forman. Zehaztu gabeko garai batean hitza toponimo bihurtu zen, eta gero herri bilakatu zen.
Gastea hitzaren jatorri probableena, Irigoienen arabera, gaztea da. Gastea eta Gartzea (azken hau, dirudienez, Gartzia/García abizenaren jatorria) aurrekoaren bi aldaera lirateke, bata mendebaldekoa eta bestea ekialdekoa, bertze/beste, bortz/bost edo ortzegun/ostegun kasuetan gertatzen den bezala.
Jorge Maria Ribero-Menesesen ustez Gasteiz Gazteliz terminoaren eratorria izan daiteke. Haren ustez, Vitoria (Biztoria) toponimoa Gasteiz bezain euskalduna litzateke[2]. Euskal Herriko hainbat lekutan -Arratian eta Debagoienan kasu- Bitturi esaten zaio.
[aldatu] Geografia fisikoa
[aldatu] Erliebea
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko erliebea
Gasteizko udalerri osoa Zadorraren arroan dago, Arabako Lautadaren mendebaldean. Punturik altuena Pagogan mendia da (1.029 m), eta baxuena Zadorra ibaiaren irteera Tresponde baino lehen (490 m inguru).
Udalerriko lurraldea laua da hein handi batean, baina badaude Araba erdialde osoan arruntak diren lekuko muinotxoak, Gasteizkoa bera, Olarizukoa edo Estarroakoa kasu. Hegoaldean Gasteiz mendiek erliebe malkartsuagoa osatzen dute, eta Gasteizko lurren eta Trebiñuren arteko muga osatzen dute. Ipar-mendebaldean, Badaia eta Arratoko mendilerro karstikoak 800-900 metro inguruko gailurrez eraturik daude.
[aldatu] Klima
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko klima
Gasteizek klima subatlantikoa dauka. Itsasoaren hurbiltasunak eragina du kliman, baina Gasteiz iparraldean dauden mendilerroek ahuldu egiten dute eragin hori. Prezipitazioak 700 eta 900 mm artekoak dira hirian, eta 1.200-1.300 mm arteraino iristen dira Gasteiz mendietan. Sasoi lehor laburra gertatzen da uztail inguruan.
Tenperaturari dagokionez, urteko batez bestekoa 9 eta 11 °C artean dago. Urritik maiatzera gauez izozteak gertatzeko arriskua dago; arrisku hori nabarmenagoa da urtarrilaren inguruan.
Haran baten erdian kokaturik dagoenez, ohikoa izaten da oskarbi dagoen egunetan lainoa agertzea eta Gasteizko aireportuan arazoak sortzea.
[aldatu] Hidrologia
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko hidrologia
Zadorra ibaia da Gasteizko hidrologia egituratzen duen elementu nagusia. Zadorra Uribarri Ganboako urtegia utzi eta Dura aldetik sartzen da udalerrira, eta berau ekialdetik mendebaldera zeharkatu ondoren, Trespondera jaisten da eta azkenerako Ebro ibaira isurtzen ditu bere urak.
Hiriaren eta inguruko lurren azpian Gasteizko akuifero kuaternarioa dago. 10-15 metroko lodiera duen geruza batez osaturik dago, eta ur askoko garaietan azaleratu egiten da udalerriko zenbait puntutan, esaterako Salburuko hezeguneetan.
[aldatu] Geologia
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko geologia
Gasteiz Goi Kretazeoko azaleramenduen eremuan dago. Material nagusiak itsasoan jalki ziren material karbonatodunak dira gehien bat: kareharriak, kareharri-tuparriak, eta tuparriak. Udalerriaren ipar-mendebaldean aipatu hiru materialen txandakatzea agertzen da; Gasteiz mendietan kareharriak dira nagusi, nahiz eta hareharri karetsuak, dolomiak eta kareharri tuparridunak ere agertzen diren; eta bien artean, Lautadaren erdialdea osatuz, kareharri-tuparriak dira nagusi. Azken eremu horren gainean material kuaternarioak metatu dira, batez ere ibaibideen haranetan.
[aldatu] Landaredia
Landarediaren ikuspuntutik, udalerria bi eskualde biogeografikoren artean dago kokaturik: eskualde eurosiberiarra eta eskualde mediterraneoa. Horri esker, bertako flora bereziki aberatsa da. Haize hezeak normalean ipar-mendebaldetik datozenez, Gasteizko mendilerroen iparraldeek, batez ere 800 metrotik gora, eragin eurosiberiar nabarmena erakusten dute eta pagadiaren erreinua dira. Hegoaldera begira dauden maldetan, berriz, Föhn efektuaren eraginez haizea lehor iristen da eta landarediak izaera mediterraneoagoa dauka (artadiak, erkameztiak, etab.).
Haranen hondoan, Arabako Lautadan, haritza izango litzateke espezie nagusia lur horiek nekazaritzarako luberritu ez balira.
[aldatu] Lurraren erabilera
Erabilerak modu kontzentrikoan antolaturik daude hiriaren inguruan. Hiria inguratuz Eraztun Berdea dago, espazio berde naturalez osatutako gerriko estua. Hurrengo eraztunean Arabako Lautadan berezkoak diren nekazaritza erabilerak daude, eta han-hemenka eremu honen euskarri diren herrixkak ageri dira. Egun, hiriaren osagarri gisa jokatzen duten azpiegiturak eraiki dira bertan: aireportua, industrialdeak, errepide eta trenbideen sarea, etab. Azken gerrikoa Gasteiz mendien, Arrato eta Badaia mendilerroen eta Zadorrako urtegien sistemak osatzen dute.
[aldatu] Geografia politikoa
[aldatu] Auzoak
Gasteiz hogeita zortzi auzoz osaturik dago. Hiriaren sorreratik XIX. mendearen bigarren erdira arte, egun Alde Zaharra dena besterik ez zegoen. Sasoi horretan hiriaren hedatzeari ekin zitzaion hegoalderantz, Zabalgunea osatuz. XX. mendearen hasieran hiritartze berriak egin ziren egun Babesgabetuak, Lovaina, Anglo-Vasco, Judimendi eta Koroatzea diren auzoetan, bai eta Mendizorrotza auzoko zenbait tokitan ere. XX. mendeko bigarren zatian, industrializazio prozesu azkarraren eta etorkinen etorreraren ondorioz, auzo modernoagoak eraiki ziren: Abetxuku, Adurtza, Arana, Aranbizkarra, Arantzabela, Ariznabarra, Done Jakue, Ehari-Gobeu, Gazalbide, Pilar, San Kristobal, San Martin, Santa Luzia, Sansomendi, Txagorritxu eta Zaramaga. Mendearen hondarrean, laurogeita hamarreko hamarkadan, Arriaga-Lakua sortu zen.
2000. urteko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak hiriaren hazkunde nagusia ekialderantz eta mendebalderantz gertatuko zela zehaztu zuen, hain zuzen Salburua eta Zabalgana izeneko lur-eremu handietan. Bakoitzean 10.000 etxebizitza inguru eraikitzen ari dira. Salburuan eta Zabalganan eraiki diren auzo berriek ez daukate izaera administratiborik oraindik, Gasteizko nekazaritza lur eta herrixka gehienak biltzen dituen hiru auzo handietan, Ipar-mendebaldeko Nekazaritza Eremuan, Hego-mendebaldeko Nekazaritza Eremuan eta Ekialdeko Nekazaritza Eremuan, integraturik baitaude oraindik ere.
[aldatu] Herriak
Gasteizko hiriaz gain beste herri txiki batzuk ere barnean hartzen ditu udalerriak. Historian zehar, Gasteizek inguruko hainbat herrixka anexionatu ditu eta gaur egun duen azalera handia lortu du. XIX. mendean Ehari eta Elorriagako herrixkak anexionatu zituen, eta XX. mendean Ariniz, Foronda, Otoak eta Mendozako herrixkak.
Gasteizko herrien zerrenda hau da: Aberasturi, Amarita, Andetxa, Andollu, Arangiz, Aretxabaleta, Argandoña, Ariniz, Arkaia, Arkauti, Armentia, Artatza Foronda, Askartza, Aztegieta, Berroztegieta, Betoñu, Bolibar, Ehari, Elorriaga, Erretana, Eskibel, Estarroa, Foronda, Gamarragutxia, Gamarra Nagusia, Gamiz, Gardelegi, Gaztelu, Gereña, Gobeu, Gometxa, Ilarratza, Ihurre, Jungitu, Krispiña, Lasarte, Legarda, Lermanda, Lopida, Lubinao, Mandoiana, Margarita, Martioda, Matauku, Mendiguren, Mendiola, Mendoza, Miñaogutxia, Miñao, Monasterioguren, Oreitia, Otazu, Otobarren, Otogoien, Subilla Gasteiz, Uribarri Dibiña, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia, Villafranca, Zerio, Zuhatzu eta Zumeltzu.
[aldatu] Historia
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko historia
Egun Gasteiz dagoen tokian karistiarrak bizi ziren, antzinako geografoen arabera. Kristo aurreko I. mendean zehar erromatarrak iritsi ziren Gasteizera eta bertan bizi izan ziren denbora luzez. Erromatarren sasoiko aztarnak daude Iruña-Veleian, Arkaian, Mariturrin, etab.
1181an Nafarroako Antso VI.ak "Nova Victoria" hiria fundatu zuen Gasteiz herrixka zaharraren gainean. 1200ean Gaztelako Alfontso VIII.ak hiria konkistatu zuen, Bizkaiko jaun Diego Lopez II.a Harokoaren laguntzarekin, zazpi hilabeteko setio luzearen ondoren.
XIII. mendetik XVII. menderaino hirian egitura feudal tipikoa eratu eta sendotu zen. Hiriko goi klaseak (noblezia eta kleroa) indartu ziren landa-eremuetako jauntxoen kaltetan.
XIX. mendean Gasteizko garapen modernoa hasi zen. XX. mendearen bigarren erdialdean, hazkunde ikaragarria izan zuen industrializazioaren eta etorkin oldearen ondorioz.
1980ko maiatzaren 23an Gasteiz Euskal Autonomi Erkidegoko hiriburua bihurtu zen.
[aldatu] Kultura
[aldatu] Euskara
EAEko hiriburuaren biztanle gutxienak euskaldunak dira, %24.60 inguruan 2006. urteko erroldaren datuen arabera. Hala ere, gaur egun gasteiztarrek zenbait ikastola ("Abetxuku", "Aranbizkarra", "Armentia", "Olabide", "Umandi"...), bertso-eskola bat eta hainbat euskaltegi eskura dituzte. Halaber, hirian Araba Euskaraz antolatu dute zenbaitetan (1981, 1992, 1995 eta 2006an), eta beste ekimen batzuk urtean zehar gauzatzen ditzute, hala nola "GEU" aldizkaria edo Iban Zalduak gidatutako literatura- tailerrak.
Gasteiztar euskaldun ezagunen artean Erramun Olabide, Odon Apraiz eta Henrike Knorr hizkuntzalariak; Fito Rodriguez, Xabier Montoia, Rikardo Arregi, Edu Zelaieta, Karmele Jaio eta Katixa Agirre idazleak eta hainbat politikari, kirolari, irakasle, bertsolari eta abar azpimarratzekoak dira.
[aldatu] Demografia eta biztanleria
[aldatu] Datuak
| Biztanleriaren bilakaera | |
|---|---|
| Errolda urtea |
Biztanleria |
| 1842 | 9.553 |
| 1860 | 18.728 |
| 1877 | 25.039 |
| 1887 | 27.660 |
| 1900 | 30.701 |
| 1920 | 34.785 |
| 1940 | 49.752 |
| 1960 | 73.701 |
| 1981 | 192.773 |
| 2001 | 216.852 |
| 2008 | 233.399 |
Gasteizek 230.000 biztanle inguru dauzka gaur egun. Urtetik urtera kopuru hori %0,5 eta %1 inguru hazten da. Historian zehar biztanleriak hazkunde itzela izan du. Dena den, hiria XII. mendean sortu bazen ere, nahiko txiki mantendu zen XX. mende erdialdera arte. 1940ko hamarkadan Gasteizek 49.752 biztanle baino ez zituen, orain hiriak dituenen bosten bat.
Hala ere, 1940ko hamarkadatik aurrera hiria etengabe haziz joan da, leku guztietako etorkinak erakarriz. Gasteizek lan eskaintza handia zeukan, horretan Mercedes eta beste lantegi handi batzuen etorrerak lagundu zuela. 1980ko hamarkadatik aurrera hazkundea motelduz joan da, baina beste euskal hiri batzuetan ez bezala, ez da eten. Hiriarentzako bultzada handia izan zen 1981ean eratu berria zen Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua Gasteiz aukeratu zuenean.
Azken urteetan, 2000. urtetik aurrera bereziki, Espainia kanpoko etorkinen etorrerak biztanleriaren hazkundea areagotu egin du. Iruñearekin batera, etorkin gehien dituen euskal hiriburua da gaur egun Gasteiz. Biztanleriaren %8 inguru da Espainiar estatutik kanpo jaioa.
[aldatu] Politika
[aldatu] Alkateak
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko alkateak
| Alkatea | Agintaldia | Alderdia |
|---|---|---|
| Jose Angel Cuerda | 1979-1983 1983-1987 1987-1991 1991-1995 1995-1999 |
EAJ |
| Alfonso Alonso | 1999-2003 2003-2007 |
PP |
| Patxi Lazcoz | 2007-2011 | PSE-EE |
[aldatu] Hauteskundeak
1979tik 1999ra Jose Angel Cuerdak kudeatu zuen alkatetza.
Gasteizko Udala Alderdi Popularrak kudeatu du 1999. urtetik 2007. urtera, Alfonso Alonso alkatearen bidez. Agintaldi haren hasieran, PSOEren babesa izan bazuen ere, geroago, PPk gutxiengoan agindu zuen Gasteizen. Horrek proiektuak aurrera ateratzeko desadostasun eta arazoak sortu zituen, inork gehiengorik ez zuelako.
2003ko udal hauteskundeetan,berriz, boto kopuruari dagokionez, PPk 38.248 boto lortu zituen, EAJk eta EAk 36.852, PSOEk 29.996 eta EBk 10.060. Baliogabeko botoak 6.277 izan ziren eta zuri bozkatu zutenak 1.723. Aipagarria da baliogabeko botoek izan zuten gorakada, ezker abertzaleak hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak (Gasteiz Izan) Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabe utzi eta gero.
Udalaren zinegotzien banaketa honakoa izan zen azken hauteskundeetan (2007):
Hauteskundeotan, Gasteizko EAE-ANVren hautagaitzak legez kanporatuak izan ziren. Ondorioz, baliogabeko botoak ugariak izan ziren. Alderdi ekintzaleak zinegotzi bat aldarrikatzen du baliogabeko botoetan oinarrituz.
2007ko udal hauteskundeak izan eta gero Patxi Lazkoz sozialista da Gasteizko alkatea.
[aldatu] Monumentuak
- Gasteizko Andre Mariaren katedrala: Gotiko estilokoa, katedral zaharra izena ere hartzen du. XIII. mendean hasi ziren eraikitzen.
- Gasteizko Katedral Berria: Neogotiko estilokoa, XX. mendeko lehen erdialdean egin zuten.
- Armentiako basilika eta Estibalizko Andra Mariren santutegia: Arabako eraikin erromanikorik ikusgarrienak dira.
[aldatu] Garraiobide eta azpiegiturak
[aldatu] Garraiobideak
Sakontzeko, irakurri: Gasteizko garraiobideak
Hiriak XXI. mendearen hasieran jasandako hazkunde handiaren ondorioz, derrigorrezkoa gertatu zen hiriko garraiobideak guztiz moldatzea. Asmo horrekin Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana deritzona prestatu zen, hiriko garraioa osatzen zuten modu guztiak (autoa, hiri autobusak, tranbia, bizikleta, oinezko joan-etorriak...) integratzeko[3].
Gasteizko garraio publiko nagusia autobusa da. TUVISA enpresa publikoak kudeatzen du zerbitzu hau, eta hiri osoan zehar dabiltzan 7 linea ezberdin daude. Metroen antzeko sare bat osatuz, autobus aldaketen bidez hiriko edozein auzotara iristea ahalbidetzen du autobusen sareak. Horrez gain, ostiral eta larunbat gauetan Gautxori zerbitzu berezia dago.
2006. urtean tranbia bat eratzeko obrak hasi ziren, eta 2008ko abenduan abian jarri zen. Horrela, hiria iparretik hegoaldera zeharkatzen dituzten bi linea daude, EuskoTran enpresak kudeatuta.
[aldatu] Museoak
[aldatu] Ospitaleak
[aldatu] Bestelakoak
- Principal Antzokia
- Azkena musika aretoa.
[aldatu] Kirolak
Hiriak, beste edozein euskal hirik baino kirol azpiegitura gehiago dauzka. Auzo bakoitzean polikiroldegi bat dago, igerileku eta bestelako ekipamenduekin. Horrez gain, hiriak bi kirol talde nagusi dauzka:
- Saski Baskonia, saskibaloi taldea, Buesa Arena pabilioian jarduten duena.
- Deportivo Alaves, futbol taldea, Mendizorrotzako zelaian jokatzen duena.
[aldatu] Gasteiztar ezagunak
[aldatu] Zerrenda
Sakontzeko, irakurri: Gasteiztar ezagunen zerrenda
Hiriko pertsona ezagunen artean, Almudena Cid, Juanito Oiarzabal, Iker Pou, Eneko Pou, Andoni Zubizarreta (Gasteizen jaiotako Atxabaltarra) eta Martin Fiz kirolariak, Karra Elejalde eta Unax Ugalde aktoreak, Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria, Jose Angel Cuerda alkate ohia, Ignacio Aldekoa eta Xabier Izaga idazleak eta Jesus Guridi musikaria ditugu, besteak beste.
[aldatu] Seme-alaba kuttunak
Hauek dira Gasteizko seme-alaba kuttunak:
- 1925: Luis Orgaz militarra eta buruzagi frankista. (1881-1946)
- 1925: Benigno Fiscer.
- 1941: Vicente Abreu margolaria. (1879-1974)
- 1942: Maria Josefa del Corazon de Jesus Sancho de Guerra santua. (1842-1912)
- 1946: Felix Ruiz de Escudero.
- 1951: Jesus Guridi musikagilea. (1886-1961)
- 1966: Guillermo Montoya.
- 1982: Micaela Portilla historialaria. (1922-2005)
- 1992: Alfredo Donnay poeta eta musikagilea. (1894-1986)
- 2003: Venancio del Val kronista eta kazetaria. (1911-2004)
- 2008: Jose Luis Isasi "Zeledon". (1930-2007)
[aldatu] Jai egunak
- Apirilaren 28a - San Prudentzio
- Uztailaren 25a - Blusa eta nesken eguna
- Abuztuaren 4tik 9ra - Andra Mari Zuriaren jaiak
- Iraileko Ama Birjinaren egunaren ondoko lehen astelehena - Olarizuko erromeria
[aldatu] Hiri senidetuak
Anaheim, Ameriketako Estatu Batuak
Angulema, Frantzia
Cogo, Ekuatore Ginea
Kutaisi, Georgia
Victoria, Ameriketako Estatu Batuak
Vitória, Brasil
[aldatu] Ikus, gainera
- Gasteizko Kuadrilla
- Gasteizko Eraztun Berdea
- Gasteizko jazzaldia
- Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordea
- Vitoria (Brasil)
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Irigoien Etxebarria, Alfonso (1982). Sobre el topónimo Gasteiz y su entorno antroponímico en Vitoria en la Edad Media. Ikerketa Historikoen I. Biltzarraren aktak. Gasteizko Udala, 621-652
- ↑ Ribero Menesesen La antigua Vitoria descubierta izeneko artikulua Alerta egunkarian
- ↑ Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Hiriko informazioa Udalaren webgunean
- (Ingelesez) Wikimedia Commonsen dauden Gasteizko argazkiak Google Mapsen
- (Gaztelaniaz) Alavesen webgunea
- (Euskaraz) Baskoniaren webgunea
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Santa Maria katedralaren zaharberritzearen webgunea
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Gasteizko jazz jaialdia
- (Gaztelaniaz) Gasteiz Wikimapian
| Gasteizko auzoak | ||
|---|---|---|
|
Abetxuku • Adurtza • Alde Zaharra • Anglo-Vasco • Arana • Aranbizkarra • Arantzabela • Ariznabarra • Arriaga-Lakua • Babesgabetuak • Done Jakue • Ehari-Gobeu • Ekialdeko Nekazaritza Eremua • Gazalbide • Hegomendebaldeko Nekazaritza Eremua • Iparmendebaldeko Nekazaritza Eremua • Judimendi • Koroatzea • Lovaina • Mendizorrotza • Pilar • Salburua • San Kristobal • San Martin • Sansomendi • Santa Luzia • Txagorritxu • Zabalgana • Zabalgunea • Zaramaga |
||
| Gasteizko herriak: Gasteiz | ||
|---|---|---|
|
Aberasturi • Amarita • Andetxa • Andollu • Arangiz • Aretxabaleta • Argandoña • Ariniz • Arkaia • Arkauti • Armentia • Artatza Foronda • Askartza • Aztegieta • Berroztegieta • Betoñu • Bolibar • Ehari • Elorriaga • Erretana • Eskibel • Estarroa • Foronda • Gamarra Nagusia • Gamarragutxia • Gamiz • Gardelegi • Gaztelu • Gereña • Gobeu • Gometxa • Ihurre • Ilarratza • Jungitu • Krispiña • Lasarte • Legarda • Lermanda • Lopida • Lubinao • Mandoiana • Margarita • Martioda • Matauku • Mendiguren • Mendiola • Mendoza • Miñao • Miñaogutxia • Monasterioguren • Oreitia • Otazu • Otobarren • Otogoien • Subilla Gasteiz • Uribarri Arratzua • Uribarri Dibiña • Uribarri Nagusia • Villafranca • Zerio • Zuhatzu • Zumeltzu |
||
| Arabako udalerriak | ||
|---|---|---|
|
Agurain • Aiara • Amurrio • Añana • Aramaio • Argantzun* • Armiñón • Arraia-Maeztu • Arratzu-Ubarrundia • Artziniega • Asparrena • Badaiako Sierra Bravako Komunitatea • Barrundia • Bastida • Berantevilla • Bernedo • Bilar • Burgu • Donemiliaga • Dulantzi • Ekora • Eltziego • Entzia-Iturrietako Partzuergoa • Erriberabeitia • Erriberagoitia • Gasteiz • Gaubea • Guardia • Harana • Iruña Oka • Iruraitz-Gauna • Kanpezu • Kripan • Kuartango • Lagran • Lantarón • Lantziego • Lapuebla de Labarca • Laudio • Legutio • Leza • Mañueta • Moreda Araba • Navaridas • Oion • Okondo • Samaniego • Trebiñu* • Urizaharra • Urizaharra, Lagran eta Lañuko Komunitatea • Urkabustaiz • Villabuena • Zalduondo • Zanbrana • Zigoitia • Zuia |
||